Herri bat baino gehiago hartuko dituen arigunea osatuko du Legazpin egoitza nagusia duen Sustrai Frutak. Enpresak 22 langile ditu, sei dendatan eta bost azokatako postuetan banatuta. Legazpin, Ordizian, Arrasaten eta Oñatin ditu dendak, eta Legazpiko, Ordiziako, Zegamako eta Oñatiko azoketan jartzen du postua. Konpromiso maila desberdinekin, baina arigune baten eskakizunak betez, gune horietako langileek parte hartuko dute aurtengo Euskaraldian.
Alberto Vesga da Sustraiko gerentea, eta Euskaraldian arigune gisa parte hartzeko erabakia enpresak euskararekiko duen sentsibilitateak bultzatuta hartu dutela azaldu du. «Arigune bat talde naturaletan euskaraz aritzen den gune bat dela ulertzen dugu, eta gurea horrelakoa dela uste dugu. Gure dendetan eta postuetan ahal dugun guztia egiten dugu euskaraz, bezeroekin lehen hitza euskaraz egiten dugu gehienetan, eta bezero horiek euskaraz hitz egiteko gai direla badakigu, euskaraz hitz egiten diegu».
Euskararekiko jarrera hori egunerokoa dela nabarmendu du Vesgak, baina orain, Euskaraldiarekin, areagotu egingo dutela agindu du, «gure langileen artean normalean euskaraz hitz egiten dutenek oraindik gehiago egingo dute, euskaraz jakin baino gazteleraz hitz egiteko joera dutenek euskaraz hitz egiteko konprimisoa hartu dute, eta asko ez dakitenek ere egingo dute ahalegintxoa dakiten apur hori erabiltzeko». Bezeroen aldetik ere jarrera aldaketa espero duela dio, euskara gehiago erabiltzea, alegia, «gurekin behintzat ez dute aitziarik ez erabiltzeko».
Bestalde, Sustraiko langileek enpresa gisa Euskaraldian parte hartzeko hartu duten konpromisoaz gain, bakoitzak bere konpromiso pertsonalak ere hartu dituela zehaztu du Vesgak; «batzuk belarriprest izango dira, eta beste batzuk ahobizi».
Euskara, balio erantsia
Euskaraldiaz baliatuta, garrantzi handiagoa emango diote datozen egunetan euskarari Sustrai enpresak, baina eguneroko erronka bihurtzeko asmoa dute. Izan ere, Vesgak nabarmendu duenez, «merkataritzan, euskaraz jakitea eta hitz egitea balio erantsia da, gure hizkuntza da. Guk beti aintzat hartu dugu hori, beti izan dugu sentsibilitate hori».