Zeraingo Ostatua 1711. urtean ireki zen, udaletxearekin batera. Garai batean kartzela egon zen gaur egun Ostatua dagoen eraikinean. Zalditegia eta alondegia ere izan zen antzina. Kartzela gaur egun oraindik ikusi daiteke, jangeletako batean. Aiert Izagirre (Segura, 1977) da Ostatuko arduraduna 2019ko udaz geroztik. Horra iritsi aurretik, Donostiako Branka eta Lierniako Mujika jatetxeetan ibili izan zen lanean, eta hiru urte pasatxo daramatza Ostatuko arduradun gisa, bere sukaldaritza eginez eta Ostatuko filosofia berarekin, bertako, sasoiko eta elikagai freskoekin lanean. Ostatuaren kudeaketa hartu eta gutxira, pandemiagatik ateak itxi behar izan zituen, baina ez zuen jarduna eten. Etxez etxe jaki prestatuak banatzeko aukera eskaini zuen. Behin pandemia pasata, berriz ere betiko martxan dabiltza lanean. Euskaraldiarekin bat egin dute, eta arigunea izango da Zeraingo Ostatua.
Izagirrek berak azaldu duenez, «bertan euskara lantzeko giro egokia dagoelako» hartu dute arigune izateko erabakia: «Zerainen euskaraz bizi gara, jendea hemen euskalduna da, eta zer aukera hobea euskaraz egin nahi duenari eta euskara jaso nahi duenari euskaraz egiteko aukera emateko». Ez dute aldaketa handirik nabarituko, egunerokotasunean lanean euskaraz bizi baitira. Langileren bat badago euskaraz ez dakiena, baina «orokorrean euskaraz» egiten dute. Aurreko Euskaraldian ere arigune izan zen Ostatua, 2020ko azaroan.
Zerain herri euskalduna izanik, herriko jendearekin euskaraz egiten du Izagirrek. Herrikoek Ostatuan euskaraz lasai egin dezaketela jakin arren, kanpoko bezeroek Ostatua arigunea dela jakin dezaten pegatina jarriko dute, ohi bezala. «Nabari dena da euskaldunak ez direnak edo ikasten ari direnak euskaraz egiten ahalegintzen direla Euskaraldian».
Bakarka, ahobizi
Ostatua modu kolektiboan arigunea izateaz gain, bakarka ere parte hartuko du Izagirrek. Bera eta bere familiako kideak ahobizi izango dira. Euskaraldirik gabe ere, ahobizi rola hartzen dute urte guztian. «Etxean ere ahobizi izango gara. Ez da esfortzu handia izango, dena euskaraz egiten baitugu egunerokotasunean».