Jose Martin Muñoz ‘Piraña’ • Ataun
Kadiz hirikoa jaiotzez, Puerto Realen (Andaluzia) bizi izan da Jose Martin Piraña, harik eta 55 urterekin Euskal Herrira lanera etorri zen arte. 58 urte dauzka orain, eta Ataun San Martinen bizi da. Lau urte eta erdian, belarria euskarara jarri zaio, baita begi-mihiak ere. Adi-adi entzundakoa hitzetik hortzera errepikatzen baitu. «Hitz egiten bada, indioek bezala bada ere, ikasten da. Baina egitea da kontua».
Garbiketa enpresa batean lan egiten du, Hernanin. Bakarrik jarduten da bulegoak eta aretoan garbitzen. «Lanean, euskaraz gutxi. Bakarrik aritzen naiz eta. Baina Ataunen bai, gehiago. Ni lotsagabea naiz, eta jendea kadiztar azentuarekin irabazten dut», dio Pirañak, salda hartu bitartean, irriz.
Moldatzen da. Jendeekikoa izaeraz oso, praktikaren gabeziarik ez dauka. «Ataunen jaioa dirudidala esaten didate, denekin hitz egiten dut eta». Euskara «pixkanaka hartzen» ari da. A1 maila dauka. Iaz AEKren eskolak hartu zituen; aurten, laneko ordutegiagatik, ezin du. «Aditza da zailena».
Baratzea gustuko du, mendia eta hondartza ere bai. Eta sagardotegia. Belarriprest da. «Zapatuan jarriko dut txapa». Eta euskara egarriz dago. Indioen moduan bada ere. Beasain-Ordizian-eta «denek» kastellanoz egiteak harritzen du.