Berehalakokeria

z-sebas-iturriotzSebas Iturriotz • Zintzo-Mintzo elkarteko kidea

Burgosko prozesuan gure euskal sena artean lozorroan geneukan dozena bat urte eskaseko gazteok Urretxuko jaiak eta santalutziak etorri zain irrikan izaten ginen. Egun horiek noiz etorri zain,  santanastasietan Ataungo lehengusuak eta santalutzietan Orexakoak etortzen zirelako gure etxera bazkaltzera. A ze bazkariak haiek! Garai haietan, gizonok amak eta amamak prestatutakoa dastatzera baino sartzen ez ginen garaiotan, niretzat bazkari horietako hizkera musika bikaina zen, ataundarren «Mielek esan zon» eta Orexarren «harek bi ardi ekarri zetian» entzuten nuen bakoitzean nire begiek dir-dir egiten zuten. Ataundarren hizkera latza zen (ekarri zon) eta Orexarrena, berriz, eztia bezain gozoa. Horiek izaten ziren nire ‘Euskaraldiak’, nahiz eta etxean gurasoekin, arrebekin ez bezala, euskara hutsean egiten genuen. Kalean, kuadrillakoekin, eskolan, irakasle nahiz ikaskideekin, beti gaztelaniaz jo ta su. Eta ez euskaraz hitz egiten ez genekielako, ez, gure euskal senak seko lo segitzen zuelako baizik.

Ez naiz aitzakia zalea, baina garai hartan eskolan ez genuen aukerarik izan irakasgai bakar bat euskaraz ikasteko, kuadrillan ere gaztelania nagusi; nagusi ez, hizkera bakarra! Baina zer dela eta kexatu guk! Gure aurrekoek eskolara joateko aukerarik izan ez zutenean! Eskerrak gure gurasoek hizkuntzari eutsi zioten! Agian ez zekitelako gaztelaniaz itxuraz egiten euren ustez, baina dena delakoagatik gure etxean gaztelaniaz entzuten zen bakarrik Radio Pirenaika, Radio Paris pizten genuenean, hori bai anaia-arreben artean gaztelania hutsean, nola ez!

Niri klase sena lehenago piztu zitzaidan euskal sena baino. Orbegozon eginiko grebak eta 1.001 prozesuak zerikusi handia izan zuten horretan.

Euskal sena pizteko, berriz, atzerrira joan behar izan nuen. Gaztelara joan behar izan nuen, baina ez ogi bila Imanolen aitona* bezala, ni euskararen bila joan nintzen. Han ezagutu nituen Anddolin Eguskitza, Koldo Mitxelena, Hasier Etxeberria, Goyo Monreal, Carlos Garaikoetxea, Carlos Santamaria eta Sabino Padilla bezalako euskaldunak, eta nire senak gora egin zuen.

Gerora, demokraziarekin batera Euskararen legea etorri zen: ikasketak euskaraz, lehen Egunkaria euskara hutsean, telebista kate bat… Eta hori guztia gutxi balitz, testu prozesatzaileak, nabigatzaileak, sistema eragileak… euskara hutsean.

Hala ere badira zenbait harreman ohitura oraindik ere gaztelaniaz direnak eta horren gainean eragitera dator Euskaraldia.

Baina ez dezagun ahaztu pazientzia handia izan dugula ikasketak ia normaltasun osoz euskaraz izateko, kuadrillan ia normaltasun osoz euskaraz aritzeko; prozesu guztiek bere denbora behar dute, erein, zaindu, mimatu, goxatu eta azkenean uzta jaso. Euskaraldia ere prozesu hori pasatu beharrean dago. Hirugarrena da eta bejoandaiola! Eta azken finean horixe da Euskaraldia: herritarren kontzientzia hartze bat eskatzen duen ariketa, ohiturak aldatzeko baliatu dezakeguna… Beraz, animo eta pazientzia, ez baitugu mendeetan zehar galdutakoa berehala berreskuratuko!

* Ene Segurako aitona ogia behar zuenean Castillara joaten zen jornalaritzara, morrontzara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>