Irene Kortaberria Larreak (Beasain, 2000) azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo den Hikaldian parte hartuko du, beste hainbat beasaindarrekin batera. Euskaraldiak badaramatza jada urte batzuk hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera bikaina eskaintzen duen ekimena izaten eta aurtengo edizioan, hitanoan ere jarri dute begia antolatzaileek. Goierrin, Beasainen jarriko dute fokua batez ere, hitanoaren egoera kezkagarriena bertakoa baita, eta horri bultzada berezia emateko beharra ikusi baitu herriko Aittu euskara taldeak. Batez ere gazteei eta familiei bideratu nahi izan die ekimen berri hori, eta parte hartuko duten gazte horietako bat da Kortaberria.
Zer moduzkoa da hitanoaren egoera Beasaingo gazteen artean?
Erabilera oso urria dela esango nuke. Belaunaldi helduagoetan entzuten den arren, adibidez, gure gurasoen adin inguruan, gazteen artean oso gutxi erabiltzen da hitanoa egunerokotasunean. Gainera, hitz egiten den gutxi hori gizonen arteko komunikazioan izaten da. Beraz, emakumeen arteko edo emakumeei zuzendutako hitanoko formak ez dira erabiltzen Beasaingo gazteen artean.
Zerk bultzatu zaitu Hikaldian parte hartzera?
Aurrez aipatu dudan egoera horrek berak, egia esan. Beti entzun izan ditut gurasoen belaunaldikoak hikan hizketan, baina gazteen artean inoiz gutxitan entzun izan dut eta entzun dudanetan gizonen ahotik eta gizonezkoentzat erabiltzen den formetan. Beraz, egoera hau identifikatuta herrian eta euskara erabiltzeko forma polita iruditzen zaidanez egoerari buelta emateko nire alea jarriko dut Hikaldian parte hartuz. Ez dakit nola moldatuko naizen, baina saiakera egin nahi dut eta aitzakia bikaina da hizkuntzarekin jolastu eta gauza berriak probatzeko.
«Belaunaldi helduagoetan entzuten den arren, gure gurasoen adin tarteetan adibidez, gazteen artean oso gutxi erabiltzen da hitanoa»
«Ez dakit nola moldatuko naizen, baina saiakera egin nahi dut. Aitzakia bikaina da hizkuntzarekin jolas egin eta gauza berriak probatzeko»
Zure egunerokotasunean zein aldaketa eragingo ditu Hikaldiak?
Egunerokotasunean zailtasunak izango ditut, izan ere, zerbait berria da niretzat, eta hanka sartze ugari ere egingo ditut ziurrenik. Barre ere egingo dut edo egingo dit agian baten batek, baina ez nau arduratzen horrek, hanka sartzeetatik eta erabiltzetik ikasten baita hitz egiten. Zailtasun horiek ere une dibertigarriak ekarriko dizkidatelakoan nago eta esperientzia aberasgarria izateaz gain dibertigarria ere izango da.
Behin Hikaldia amaituta hitanoa erabiltzen jarraituko duzula uste duzu?
Ez dakit nire egunerokoan hikaz arituko naizen ala ez, baina saiakera egingo dut azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean hizkuntza ohiturak aldatzekoa, eta behin hau amaituta hitanoa erabiltzen jarraitzekoa. Hala ere, badakit Hikaldia amaitzean erosoago sentituko naizela forma honekiko eta espazio gehiagotan erabiltzeko erraztasuna izango dudala.
Herrian zein eragin izango du Hikaldiak zure ustez?
Ez dut uste herrian sekulako aldaketarik eragingo duenik, baina agian baten batentzat lehen aldia izan daiteke norbait hikaz hitz egiten entzuten duena eta horrek sortu dezakeen kuriositate horretatik aldaketaren bat lortu daiteke. Nire ustez Hikaldiaren erronka nagusia gazteen artean kuriositate hori sortu eta gazteak probatzera animatzea da, hala, datorren urteetan parte-hartzaile gehiago izanez herrian eta hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera eskainiz honek epe luzean. Polita litzatekeela Beasaingo gazteen artean hika berreskuratzea iruditzen zait.