Ordizian 2004an jarri zuten martxan Mintzalagun praktika, Goiztiri AEK euskaltegiak, udaleko euskara zerbitzuak eta Hitzaro euskara elkarteak. Belen Zoilori, esaterako, «kalean ere euskaraz egiteko konfidantza hartzen» lagundu dio.
Euskaraz jakin arren hizkuntza ohiturek eta dinamikek kalean, etxean edota lagunartean euskaraz ez egitea eragin dezakete. Mintzalagun egitasmoek, baina, hori aldatu eta euskara egunerokotasunean erabiltzea ahalbidetu dezakete. Ordizian 1994an sortu zuten Hitzaro Euskara Elkartea, euskararen normalkuntza eta euskal kultura bultzatzeko asmoz, bertako zein Goierriko beste herri batzuetako hainbat bazkiderekin. Mintzalagun egitasmoa martxan jartzeko asmoaren bueltan lan egin ondoren, 2004an ekimena abian jartzea lortu zuten, Goiztiri euskaltegiarekin eta udaleko euskara zerbitzuarekin elkarlanean, Euskaltzaleen Topaguneak sustatuta. Ordutik, urtero urrian irekitzen dute izena emateko epea, eta ekainera arte irauten du programak. Maria Jesus Amundarain (Itsasondo, 1956) Hitzaroko kide eta mintzalaguntzaileak azaldu duenez, «helburu nagusia ikasleak ikasitako euskara kalean erabiltzera animatzea da, horretarako izan dezaketen lotsa edo konfidantza falta gaindituz». Batzuek ez dute aukerarik izaten inguruan euskaraz egiteko, inguru euskaldunik ez dutelako. Beste askok, ordea, «pausoa ez emateagatik» jotzen dute beste hizkuntza batzuetara, nahiz eta euskaraz jakin badakiten.
Hori da Belen Zoiloren (Zaldibia, 1970) kasua. Inguruan euskaraz egiteko aukera izanik ere, gaztelera erabiltzen du familian eta lagunartean: «Ez dugu pauso hori ematen. Semearekin berdin gertatzen zait. Hamalau urte ditu eta ahalegintzen gara, baina azkenen gaztelerara aldatzen dugu azkar». Duela bi urte hasi zen euskaltegian euskara berreskuratzeko ikasten, eta urtebete darama mintzalagun gisa: «Euskaltegian asko ikasten da, baina falta dena da kalean hitz egitea». Hizkuntza ohiturak eta harremanak hasieratik zein hizkuntzatan sortzen dituzun garrantzitsua dela azpimarratu du: «Harreman berriak hasieratik euskaraz sortzeko asmoz hasi nintzen Hitzarorekin, beste hizkuntza batekin hasten zarenean hori aldatzea oso zaila baita».
Astean behin
Mintzapraktikako taldeko kideekin hasieratik egin du euskaraz. Lau emakume dira bere taldean, eta astero elkartzen dira mihia dantzan jartzeko eta praktikatzeko. Paseo bat eman, zerbait hartu, taberna batera joan… plan ezberdinak egiten dituzte, beti ere euskara ardatz hartuta. Zoiloren taldean, egunerokotasunari buruz hitz egin ohi dute: «Familiari buruz, astea zer moduz joan zaigun… lagun talde modukoa bihurtzen da azkenean». Amundarainek gehitu du, halere, nahiz eta bat-batekotasunetik jarduten duten saioetan, mintzalaguntzaileek gaiak prestatzen dituztela isiluneak egon daitezkeen momentuetarako: «Orain, adibidez, gau beltza pasa denez, horri buruz hitz egin dugu, edo momentuan gertatzen ari den beste zerbaitetaz, baina bat-batekoa izan ohi da».
Harreman berriak sortzen dituzte euskaraz eta euskaratik. «Oso garrantzitsutzat» jo du Zoilok hori, horrelako espazioak sortzea «zaila» izaten baita: «Jende jatorra ezagutu dut, eta euskaraz hitz egiten dut. Niretzat oso garrantzitsua da, geroz eta beharrezkoagoa da euskaraz hitz egiteko txoko bat izatea». Euskaltegitik edo ikasgelatik kalera ateratzen dute mintzalagunek euskara, mintzalaguntzaileen laguntzarekin.
Ahobizi izateko ahalegina
Lehenengo pausoa emateko praktika «interesgarria» dela uste dute. Euskaraldia ere lagungarri izaten da lehenengo urrats hori euskaraz egiteko, sarri ez baita jakiten parean dagoenak euskaraz dakien edo euskaraz egingo duen. «Txapa jantzita ikustean dinamika batzuk aldatzeko» balio diola dio Zoilok. «Batzuetan sorpresa hartzen duzu, ziurtzat jotzen duzulako besteak ez dizula euskaraz egingo», azaldu du Amundarainek. Biek parte hartuko dute Euskaraldian. Ahobiziren txapa eramango dute soinean, euskaraz bizi nahi dutela jakinarazteko.