Jexuxmari Alberdi • Urretxu
Jexuxmari Alberdi Urretxuko Udaleko Euskara teknikaria izan da. Aurtengo udan hartu du erretiroa. Euskaraldiaren edizio guztietan parte hartu du, ahobizi rolean. «Lehen Euskaraldiak ilusio handia piztu zuen. Jende askok eman zuen izena, baina ez dakit behar bezala ulertu zen. Batzuk euskararen aldeko kanpaina bezala hartu zuten, baina erabilera sustatzeko ariketa erraldoi bat da. Parte hartzeko, hitz egin edo ulertu egin behar da. Ni ahobizi izango naiz eta ulertzen duenarekin euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dut. Parean dudana ezagutzen ez badut, lehen hitza euskaraz egingo diot».
Belarriprest izango direnen garrantzia azpimarratu du. «Bi paperak dira oso garrantzitsuak. Bi laguneko elkarrizketa batean, biak euskaldunak badira eta gaitasuna badute, biek euskaraz egingo dute. Baina belarripresten figura oso garrantzitsua da. Bata euskalduna bada eta besteak ulertzen badu, euskaldunak euskaraz egingo dio eta besteak erdaraz erantzungo dio. Orain arte, halako egoeretan ohikoena biek erdaraz egitea zen. Elkarrizketa horiek %100ean erdaraz izaten ziren. Belarripresten figurari esker, %50ean euskaraz izango dira».