Munduko herrialde urrunetatik Euskal Herrira bizitzera etorri eta euskara ikastea erabaki dutenen adibidea da Maialen Amijos ekuadortar euskalduna. Astean zehar Lazkaoko Maizpide barnetegian bizi da euskara ikasten, eta asteburuetan lana egiten du, ospitalean. C1 mailako azterketa prestatzen ari da. Azterketa gainditu du GOIBERRIrentzat, euskara hutsean egin baitu elkarrizketa.
Magdalena, Maialen, Maddi… zein da zure izena?
Ofizialki Magdalena naiz, Gladys Magdalena. Nire jaioterrian –Ekuadorren– ohitura da bi izen jartzea. Lehenengo izena Gladys dut, baina ez zait gustatzen, eta nahiago dut Magdalena. Euskalduna naizenez jada, izenaren itzulpena egitea erabaki nuen. Euskarazko izena entzunda errazagoa egiten zaio jendeari nirekin euskaraz hitz egiten hastea. Inkontzientea da, baina horrela da. Nire itxuragatik jendeak agian ez daki nik euskaraz dakidala, baina izena aldatuta askoz ere errazagoa da.
Maddi ere deitzen dizute.
Berdin da. Maialen, Maddi… nik biak ulertzen ditut. Maddi gehiago gustatzen zait, baina norbaitek esan zidan Maddi ez zela Magdalenaren itzulpen zuzena. Horregatik agian nahiago dut Maialen.
Jada euskalduna zarela esan duzu. Noiz etorri zinen Euskal Herrira?
Hasiera batean Ekuadortik Madrilera (Espainia) joan nintzen. Hamar bat urte egin nituen Madrilen. Alaba han jaioa da. 2013an Euskal Herrira etorri ginen eta harrezkeroztik hemen gaude. Alaba Madrilen ari da ikasten orain eta han bizi da.
Euskararen berririk bazenuen orduan?
Ez. Nire koinatua hemengoa da eta hari entzun nion lehenengo aldiz euskaraz. Aukera izan genuen Madrildik Euskal Herrira etortzeko, lanpostu on bat eskaini zidatelako.
Lanerako behar zenuen euskara?
Hasiera batean ez. Euskal Herrira etorri nintzenean taberna batean hasi nintzen lanean eta bezeroekin hasi nintzen euskara pixka bat ikasten. Benetako interesa jarri nuen geroago. Izan ere, asteburuetan bakarrik lan egiten nuen eta astean zehar denbora neukanez, eta denbora aprobetxatu nahi nuenez, euskaltegian izena eman nuen. Betidanik gustatu izan zaizkit hizkuntzak. Bezeroek asko eskertu zuten. Tabernan hiruzpalau urtean lan egin ondoren, erizain laguntzaile ikasketak egitea erabaki nuen eta orain ospitalean lan egiten dut. Han pazienteekin eta lankideekin euskaraz hitz egiten dut.
Gustura zaude euskararekin hartu zenuen bidearekin?
Oso gustura. Harremanak errazagoak dira euskaraz jakinda. Gainera, hizkuntza bat ez da gramatika bakarrik, askoz ere gehiago da. Hizkuntza bat ikasten duzunean, burua aldatzen da. Kultura orokorra ikasten da. Euskal Herria gehiago ezagutzen eta ulertzen dut. Oso gustura nago.
Merezi izan du, beraz.
Merezi izan du bai, baina gogorra da, eh? Egia esan, ez da bide erraza euskara ikastea. Gogorra eta garestia da, denbora eta ahalegin handia eskatzen du. Baina merezi du bai ahalegin horrek.
Garestia dela esan duzu.
Dohainik beharko luke. Nire poltsikotik ordaintzen dut ia guztia. Nire familiakoek kritika gogorrak egin izan dizkidate. Baina pozten naiz euskara ikasi dudalako.
Ekuadorren kitxua hizkuntza badaukazue. Zuk badakizu?
Euskara gustatzen zaidalako ikasi dut, baina beste arrazoi bat ere izan dut: pena ematen dit, nire herrian kitxua hizkuntza galtzen ari delako. Nik ez nuen kitxua ikasi, eta horrek agian gehiago bultzatzen nau euskara ikastera. Gustatuko litzaidake kitxua jakitea, benetan. Mina ematen dit kitxua hizkuntza ez jakitea. Gustura egingo nuke kitxua ikastaro bat. Lehen agian ez nintzen hain kontziente hizkuntza gutxituen gaian, baina orain kontzientzia handiagoa daukat. Hizkuntza minorizatuen aldeko sentsibilitate handiagoa daukat orain euskara ikasteari esker. Horregatik, agian, inkontzienteki, konpromiso bat nuen nire barnean euskararekin. Euskarak ukitu nau.
C1 mailako azterketa ari zara prestatzen.
Modu jarraian pandemia garaian hasi nintzen euskara ikasten. Aurretik Hondarribiko euskaltegian ibili nintzen, han bizi naiz eta. Baina bai lanagatik, baina osasunagatik uko egin behar izan nion euskara ikasteari. Orain, berriro berreskuratu dut. B1 mailatik hasi nintzen, orain C1 mailan nagoela esaten didate baina ez dakit, ez dut uste. Ea datorren urterako prest nagoen C1 azterketa gainditzeko. Ikusiko dugu.
Euskara hizkuntza desberdina da.
Oso desberdina. Gaztelaniak eta euskarak ez daukate zerikusirik.
Zailena zer egin zaizu?
Baldintzak hor daude noski, baina egitura egin zait zailena. Egitura berria izan zen niretzat, esaldiak nola antolatuta dauden ulertzea asko kostatu zait. Gaztelaniarekin konparatuta, adibidez, alderantziz osatzen dira esaldiak. Hondarribiko irakasleari esaten nion ea zergatik hitz egiten zuten atzeraka. «Maddi, aldatu burua. Ez galdetu, horrela da eta kitto!», esan zidan. Txipa aldatu nuen, horrela ikasi nuen eta kitto. Egitura ulertzea kostatu zitzaidan. Handik aurrera, hobeto, errazagoa egin zait.
Hitz politik badu euskarak?
Pinpilinpauxa, maitasuna, elkartasuna… politak dira.
Badago bertako jendea, euskararik ez dakiena.
Bai, ikusten dut bai. Pena ematen dit. Batzuetan Francoren garaiaren atzean ezkutatzen dira. Baina nik nire buruari esaten diot: «Ni ez nengoen Francoren garaian. Ni duela 15 urte iritsi naiz eta euskara ikasten ari naiz». Niretzat hori aitzakia da. Gogoa beharrezkoa da ikasteko.
Lazkaon pasatzen duzu astea, Maizpide barnetegian. Gustura?
Bai! Astean zehar euskara ikasten dut eta asteburuetan lana egiten dut. Hemengo giroa, mendiak… asko gustatzen zaizkit. Lazkaotik joaten naizenean bere falta sumatzen dut. Gainera, hemen, euskara gehiago hitz egiten da eta dugu. Maizpiden hezurretaraino sartzen digute euskara. Etxean ere egunero saiatzen naiz irratia euskaraz entzuten, telebista euskara ikusten… Saiatzen naiz ospitalean pazienteekin euskaraz hitz egiten… Baina Lazkaon egun osoan hitz egiten dut euskaraz, edonorekin. Nekagarria ere bada, eh? [barrez].
Euskara ikasteaz gain, beste ekintza osagarri batzuk ere antolatzen ditu Maizpidek. Parte hartzen duzu?
Mintzalagunean. Astean behin egiten dugu topaketa, ordubetekoa, bi euskara ikaslek eta herriko jubilatu batek. Lehenengo paseo bat eman eta ondoren kafea hartzen dugu, euskaraz hitz eginez. Oso giro ona daukagu. Oso gomendagarria da. Euskal dantzak ere gustatzen zaizkit baina ez daukat koordinazio onegia, eta ez naiz joaten orain.