Euskara ikasleak • Segura
Euskara ikasten dute Seguran Rquia Aksas, Halima Fassihi eta Fatima Zohra Er-Rachdi Ennadi marokoarrek, Jordan Bonikowsky estatubatuarrak eta Antonio Paredes azkoitiarrak. Jaioterri ezberdinetakoak dira, eta Seguran bizi dira denak. Euskara ikasteko prozesuan daude eta belarriprest izango dira Euskaraldian, inguruaren arabera beste hizkuntza batzuetara ere jotzen dutelako. Oraindik ez dira guztiz seguru sentitzen ahobizi izateko, baina hurrengo urteetarako ez dute aukera hori baztertzen. Parte hartzen duten bigarren urtea da. Segura herri euskalduna denez, segurarrekin bat egiteko baliagarria zaie euskara: «Herrian sartzeko eta integratzeko aukera ematen digu hizkuntzak», azaldu dute bostek. Seme-alabak euskaldunak direnez, haien ingurukoekin harremantzeko hasi ziren euskara ikasten, tartean, «etxekolanekin lagundu ahal izateko». Gainontzeko gurasoekin euskaraz hitz egiten dute, eta herritarren berotasuna nabari dute euskaraz hitz egiten dutenean: «Euskaldunak euskaraz hitz egiten duzunean pozik jartzen dira eta laguntza ematen dizute». Gogotsu hartzen dituzte euskarazko klaseak, eta urtez urte hobetzen doazela nabari dute. «Euskaraz bizitzea gustatzen» zaienez, ikasketa prozesuarekin segiko dute aurrerantzean ere.