Beasaingo Ihintza eta Izaro Arrondo Mujika ahizpek Hikaldian parte hartzea erabaki dute. Nahiz eta euren etxean eta familian hitanoaren erabilera naturala izan, eurek ez dute hikarik erabiltzen. Bi ahizpen arteko harremana hikaz izaten hasteko urratsak egitea dute aurten Euskaraldian eta Hikaldian erronka nagusia. Ihintzak nabarmendu duenez, «betidanik entzun izan dugu hika etxean baina gu ez gara inoiz ere saiatu hika hitz egiten». Izarok gogoratu duenez, «nik lagun batekin bakarrik erabiltzen dut, orokorrean ez».
Etxean amarekin hasi dira entseatzen, eta ordutegi aldetik aukera baldin badute, Hikastarora ere joateko asmoa dute. «Jarriz gero, gai izango gara, betidanik entzun dugulako. Baina ez gara jarri». Izarorentzat Hikaldia, beraz, «aukera bat bezala ikusten dut, hika hitz egiten hasteko aukera bat bezala».
Lagun artean, Beasainen ez dute hikarik entzuten, baina «herri txikietakoen artean bai. Mutil guztiek hitz egiten du hika».
Amak eta aitak bai
Josune Mujika eta Joxe Mari Arrondo gurasoen kasua bestelakoa izan da, nahiz eta alabei ez dieten hitanoz hitz egiten. Josuneren esanetan, «amak guri hika hitz egiten zigun, baina guk berari ez. Aitak amari hika hitz egiten zion, baina amak aitari ez. Aitak guri ere ez». Joxe Mari segurarra da, eta gehienean hika hitz egiten du, bai etxean eta bai kalean, nahiz eta kasu bereziak ere badauden. «Bi arreba gazteenekin zuka hitz egiten dut eta bi anaiekin eta arreba zaharrarenarekin hika. Zergatik ez dakit». Beste datu bitxi bat ere kontatu dute: «Joxe Mari eta biok elkarrekin hasi ginenean, hika hitz egiten genion elkarri, baina bai haren etxean eta bai gure etxean, izugarrizko bronka jaso genuen. Errespetu falta zela zioten».