‘Hitzez ekiteko garaia da’ lelopean, hirugarren Euskaraldia egingo da azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean. Goierriko ahobiziak, belarriprestak eta ariguneak prest daude.
Aurtengo urtea, 2022a, hitzaren eta ekintzaren urtea izango zela azaldu zuten urte hasieran Korrikako eta Euskaraldiko arduradunek. Izan ere, aurtengo udaberrian, inoiz baino jendetsua izan zen 22. Korrikak Euskal Herriko errepideak eta herriak zeharkatu zituen. Udazken amaieran, berriz, hirugarren Euskaraldia dator; azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Antolatzaileek hitzaren eta ekimenaren garrantzia azpimarratzerakoan, «2022an euskaltzaleak kalera ateratzeak, euskararen aldeko ekimen jendetsuek eta euskararen ezagutza zein erabilera areagotzeko urrats sendoek berebiziko garrantzia» dutela nabarmendu dute.
Badator Euskaraldia
2022a bukatzear dela, badator 3. Euskaraldia. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra «ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogu ariketari. Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Belarriprestok eta ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez ekiteko garaia heldu da», diote Euskaraldiko arduradunek. Goierriko herrietako Euskaraldiko batzordeak buru-belarri ari dira Euskaraldia antolatzen.
Zer da Euskaraldia?
Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez hamabost egunera mugatua.
Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta, euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.
Bigarren edizioan, norbanakoengandik kolektibora eman zen saltoa. Hala, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien. Hirugarren edizio honetan ere, hala izango da. Entitateetan, euren eremuetan, hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte hartzea sustatu eta babestu dezaten.
Noiz da?
Hirugarren edizioa 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da. Aurreko edizioan bezala, aurtengoan ere hamabostegunez hizkuntza ohiturak aldatzeko urrats berriak emango dira.
Zeinek?
Aurreko edizioan bezala, egitasmoa
16 urtez goragokoei zabaldua egongo da. Arreta eta indargunea helduengan jarriko bada ere, haurrek, gaztetxoek eta gazteek Euskaraldiaren garapenean zeresan handia izan dezakete. Euskararen erabileraren motibazioa denon artean sustatzea garrantzitsua izango da, eta etorkizuneko euskal hiztunak gaurtik prestatzea funtsezkoa ere bada.
Aurreko edizioan bezala, aurten ere Euskaraldian parte hartzeko bi modu egongo dira.
- Modu kolektiboan. Mota guztietako entitateetan (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, ikastetxeak eta abar), ariguneak sortuko dira. Ariguneek, edo euskaraz lasai aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak irauten duten hamabost egunetan.
- Norbanako modura. Ahobizi edo belarriprest gisa ere izena eman daiteke. Arigune bateko kide bazara, ariguneko kide izateaz gain, norbanako bezala ere izena eman beharko da: ahobizi edo belarriprest rola aukeratuz. Bestalde, ariguneetako kide ez denak ere, ahobizi eta belarriprest bezala izena eman dezake. Gainera, aurten, gogoratu aurreko edizioetan izena eman bagenuen, oraingo honetan ez dugula berriz izena eman beharko, soilik berretsi egingo dugu parte hartzea.
Izena emateko?
Herrietan jarriko dituzten mahaietan edo Izenemate euskaraldia.eus-en.