Marian Fernandez Moreno • Idiazabal
Euskararekin duen konpromisoa areagotuz, belarriprest izango da Euskaraldian Marian Fernandez Moreno. Bilbon jaioa, Euskal Herritik kanpo hazitakoa da eta urte askoan kanpoan ibili da, duela sei urte familia osoarekin Idiazabalera iritsi zen arte. Pilarrenea jatetxearen ardura daramate.
Iritsi zirenean inork ez zekiela euskaraz gogoratu du, «baina gure asmoa beti izan da ikastea, eta seme-alabak ikastolara bidali genituen, eta geu ere hasi ginen poliki-poliki hitz batzuk egiten zenbakiak eta beste hitz solte batzuk ikasita. Justua zen, baina gutxienekoa eskaini nahi genuen». Izan ere, oso herri euskaldunarekin egin zuten topo, «Idiazabalen jende askok hitz egiten du euskaraz, hori da komunikatzeko hizkuntza». Lehen urteak gogorrak izan zirela aitortu du, hizkuntzaren gaiaz gain, ohiturak eta bizimodua aldatu behar izan zutelako, herri txiki batera –lehen Londresen eta Malagan bizi izandakoa da– eta jende diferentera moldatu, «aldaketa handia izan da, baina jendearen laguntza izan dugu». Hasierako kezka gaindituta, orain euskara ikasten hasi da eta Lazkaoko barnetegian dago: «Ikasturte amaieran B-2 titulua atera nahi dut. Ahalegin handia, baina merezi du». Bitartean, Pilarrenean euskaraz egiteko aukera izango dela dio.