Idoia Agirre Artzelus • Gabiria
Eguneroko martxan baino gehiago –euskaraz bizi direlako–, kontzientzia-hartze mailan eragiten duenagatik da baliagarri Euskaraldia, Lehen Hezkuntzako irakasle Idoia Agirre gabiriarraren iritzian. «Guk beti egiten dugu euskaraz, izan garai hau, edo beste bat. Joera eta jarrera, hori da: nahiz eta parekoak erdaraz egin, eta sumatzen baldin badut badakiela edo jakin dezakeela, euskaraz erantzuten dut».
Baina, hala eta guztiz, beharrezko iruditzen zaizkio ekimenak, baita Gabiria bezalako herri txiki batean ere. Arrazoia? «Umeen artean, erdaraz egiteko ohitura badago. Lehen baino gehiago, esango nuke, eta herri txikietan ere antzematen da». Pantailaren ondorioa ikusten du, batetik. «Telebista, Youtube, Interneta… pantailan ikusten duten gehiena erdaraz kontsumitzen dutenez, izugarrizko eragina dauka. Familia euskaldun-euskaldunetako umeek ere, tarteka espresioak eta hitzak erdaraz egiten dituzte. Eta etxean adituta ez da». Bestetik, familia-profilak eta hizkuntza-ereduak aldatu dira.
Haurrei ere, adinean gora egin ahala, Euskaraldiak eta horrelako saioek kontzientzia hartzen laguntzen diela uste du Agirrek. «Arazo bat dagoela jabetzen dira, eta kontziente bihurtzen dira». Gakoa, hala ere, «egunerokotasuna da».