Euskaraz bizi da Maialen Arizkorreta (Zegama, 1989). Lagunartean, kalean, familian… euskaraz hitz egiten du egunerokotasunean. Lehenengo Euskaralditik ahobizi bezala parte hartu du egitasmoan, edizio guztietan, eta aurtengoan ere rol bera hartuko du. Lehenengo hitza beti euskaraz egiten ahalegintzen da urte guztian, eta erdaraz erantzuten badiote ere, euskaraz dakitenekin edo ikasten ari direnekin euskaraz hitz egiten ahalegintzen da. Euskaraldia ariketa hori indartzeko baliatuko du: «Zegamako euskara zailagoa egiten zaienekin euskara batuagoa edo beste hitz batzuk erabiltzen saiatzen naiz, errazago ulertu nazaten». Beste hizkuntza batean erantzuten diotenean, euskarari heltzen dio, nahiz eta jakin badakien «neketsua» izan daitekeela ariketa: «Ez da erraza bi hizkuntzetan izatea elkarrizketa, baina neure buruarekin urte guztian egiten dut ariketa hori ahal dela, eta Euskaraldian are gehiago».
Ahobizi txapa eramango du soinean jantzita, aurrean duenak ere jakin dezan euskaraz bizi dela eta lehentasuna ematen diola euskaraz bizitzeari. Ez da esfortzu handia izango berarentzat, ez urte guztian izaten duena baino handiagoa. Egingo diren hitzaldi edo jardueretan ere parte hartuko du.