Aurtengo urrian, Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak Emakundeko zuzendari izendatu zuen Miren Elgarresta Larrabide (Zumarraga, 1965). 35 urte bete ditu aurten Emakundek eta bosgarren zuzendaria da. «Errespetuz, arduraz eta ilusioz» egin du lur hartzea. Erakundeak dituen erronkez mintzatu da, honaino ekarri duen bidearen errepasoa egin ostean, eta alderdi pertsonalagoa ere konpartitu nahi izan du.
Gaztetan irudikatzen zenuen orain arte egin duzun ibilbide profesionala?
14 urte bete nituenean garbi asko nuen albaitaritza ikasiko nuela, oso garbi! Nahiz eta momentu hartan, amari, ilusio handiegirik ez egin, bete nuen.
Unibertsitatean albaitaritza ikasketak egiten ari zinen bitartean ariko zen mamitzen Emakunde, 1988an sortu baitzen, eta handik gutxira, sortu zuten Sorkunde. Gogoan duzu?
Bai, noski! Uste dut, hori izan zela kanpaina bat herriaren kapilaritate guztietara iritsi zena. Oso oroimen ona dut, barre eta guzti egiten nuen. Oso txertatua geratu zen gure gizartean.
Albaitaritza ikasketak bukatu, eta alor horretan hasi zenuen ibilbide profesionala. Politikagintzara ere jauzi egin zenuen. Zein helbururekin?
Aukera oso pertsonala izan zen niretzat; nire burua ideologikoki kokatzeko beharra sentitu nuen. Politikagintzara baino gehiago, politika munduan nire ekarpena egiteko, edo behintzat prestutasun hori erakusteko egin nuen salto, 2007an. EAJ alderdiko kide egin nintzen, pretentsio handirik gabe.
Une hartan, Arantzazun, Artzain Eskolan irakasle nintzen, artzainekin proiektu batean ere banengoen,… eta orduantxe Juan Mari Atutxarekin harremana izan nuen. Egitasmoaren lehendakaria zen eta oso harreman estua izan nuen. Atutxa izan zen niretzat erreferentzia egoki bat alderdi horretan.
Eta etorri ziren hainbat proposamen…
2015ean, agian nire baldintzak bestelakoak zirelako, Oñatin zerrendaburu izateko proposamenari baiezkoa eman nion. Aurretik eskaini zidaten, baina ez nuen ikusten, agian gazte ikusten nuen nire burua, eta zeregin handia, ama izan berri, lanbide profesionala gustuko nuen,… Esan bezala, 2015ean, noraino joango nintzen asko jakin gabe, etxekoekin baloratu ondoren, eta ilusio handiarekin, onartu nuen. Gaur arte! Ibilbidea emankorra izan da.
Urte berean, Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren zuzendari izendatu zintuzten. Nola heldu zenion horri?
Ezustekoa izan zen! Gehiago espero nuen nekazaritza alorreko ordezkaritza bat-edo. Gogoetari eman nion bere denbora, eta bat-batean etortzen zitzaidan, nire amaren oroimena, oso gazte galdu nuena. Iruditu zitzaidan apustu horrekin ama ohoratzen nuela eta aukera handia zela. Oroitzapen horrekin heldu nion. Gogoan dut, nola amarekin asko hitz egiten genuen dibortzioaz, beharra zela, eta 1982an legea onartu zenean, lorpen handi bat bezala bizi izan zuela. Errespetu handiarekin, arduratsu baina beldurrik gabe onartu nuen kargua, eta benetan oso pozik aritu naiz azkeneko zazpi urte hauetan. Asko ikasi dut eta lan talde ikaragarri ona izan dut alboan, esango nuke, ibilbide oso polita egin dugula elkarrekin.
«Ideologikoki kokatu eta politika munduan nire ekarpena egiteko, 2007an EAJko kide egin nintzen, pretentsio handirik gabe»
«Emakundetik ematen ditugun zerbitzu horietan, goreneko kalitatea lortze aldera lan egin behar dugu»
«Bortxaketek behar dute erantzun juridiko oso nabarmena, erantzun publikoa eta zero tolerantzia»
Proiektu ugari garatzeko aukera izan zenuen. Horietako bat izan zen, indarkeria matxistaren inguruko plana. Atal garrantzitsuenetako bat zen gazteei begirako prebentzioa. Uste duzu eraginkorra izan dela?
Ez daukat inongo zalantzarik! Martxan jarritako programa guztiek eragina badute ere, aipatutako planarekin sentsibilizazio kanpaina berritzaile bat jarri genuen martxan, Denok zu lelopean, eta hor hasi ginen mezu bat zabaltzen; denok garela edozein indarkeria kasuren aurrean erantzule, gizarte moduan. Biolentzia horren oinarrian gizartean oraindik dauden desberdintasunak daude.
Ni sartu nintzenean, gure soziologian uste genuen ezberdintasunak gaindituta zeudela, berdintasunean bizi zen gizarte batean bizi ginela. Baina ez zen horrela, eta denboraren poderioz kapaz izan gara urrats sendoak emateko, plangintza horri esker, baita berdintasun politiken sistema oso bati esker ere. Eta ari naiz, iturburu Europa mailan eta mundu mailan duten erremintez; adibidez, Istanbuleko hitzarmenaz, eta Europako batzordean dauden instituzioez. Sintonian, orbita antzeko batean lan eginda egin dira urratsak.
Gaur gaurkoz kezka nagusietako bat den kontziliazioa ardatz duen eta Beasainen garatu den Herrilab proiektuan parte hartzeko aukera ere izan zenuen. Zer ondorio ateratzen duzu?
Emaitza da, arazoa identifikatu, eta denok ekarpen bat egiteko nolabait ekosistema bat sortzea; lankidetzazko gobernantzaren ikuspuntutik denok ekarpenak egiteko espazioak eraikitzea eta espazio horiek gainera, interkonektatuta egoteko bideak eraikitzea.
Askotan esaten da, arazo konplexu batek konponbide konplexu bat behar duela, eta nik esango nuke konponbideak inteligentea izan behar duela. Arazo orokor bati, horretan eragiten duten pertsona guztiekin nolabait konektatu egin behar duzu elkarrekin bide bat markatzeko. Eta bideak ez dauka zertan bide bakar bat izan behar. Bide diferenteetatik leku berera iristea posible da, eta ni ikasketa horrekin geratzen naiz.
Proiektuaren emaitzak aurkeztu eta gutxira egin zen publiko, Emakundeko zuzendari berria izango zinela. Nola jaso zenuen proposamena?
[Hasperen egiten du] Hori ere ezuste batean. Nik hiru hitzetan laburbilduko nuke; errespetua, ardura eta ilusioa. Emakundek daukan mailagatik, izenagatik eta ospeagatik, nire aurrekoek, Txaro Arteagatik hasi, Izaskun Landaidara, ibilbide horretan jardun dutenei, begirunea. Ardura hau, beste plaza bat da, eta esango dut, nik beti kargu guztiak arduraz bizi izan ditudala, oraingoan ere, halaxe da, erronka handia delako. Eta ilusio handia daukat azkeneko zazpi urteetan modu apalean egin dudan lanari aitortza bat delako.
Hemendik aurrerako esparru estrategikoak zeintzuk izango dira?
Pasa den martxoan, onespen handiarekin onartu zen Berdintasun lege berriaren garapena. Hona iristeko bide luzea egin da, Izaskun Landaidaren eskutik garatu dena. Legeak ondo lotzen ditu emakume eta gizonek eduki ditugun ezberdintasunak eta biolentzia, eta hor niretzako erronka handi bat dago. Erakunde baten barruan politika sektorialetan genero ikuspegia txertatzeko beharra ere agertzen du. Apustu handia egin beharko dugu, horrek eskatzen duelako koordinazio handi bat.
Bide batez, esan, erronka edo egitekoen artean, ekainean onartu zen herri ituna, atxikimendu zabal bat lortu duena, baina oraindik ere zabalagoa izateko aukera badago. Nik hor irudikatzen dut, eta ari gara lantzen, jarri behar garela belaunaldi berrietara begira, gazteengana hurbilketa berezi bat egin behar dugula. Nik uste dut Berdintasun lege berri honek aro berri baten aurrean jartzen gaituela eta horretan berdintasunaren belaunaldi berrietara begiratzeko aukera ezin hobea daukagu.
Eta biolentziaren aurrean, azkeneko urte hauetan hainbat tresna martxan jarri izan ditugu. Emakunderen eskutik jarritakoak dira protokolo asko, eta hor berrikuspen kualitatibo inportante bat garatu behar dugu, gure arreta zerbitzuetan oso ondo txertatzeko emakumearen ahalduntzearen beharra. Bigarren mailako biktimizazioa saihestu behar dugu horretarako tresnak jarriz, eta batez ere, ematen ditugun zerbitzu horietan, goreneko kalitatea lortze aldera lan egin behar dugu.
Biolentziari dagokionez lege berriak hainbat gako ematen ditu emakumeek espazio publikoa hartze aldera, batez ere jaien bueltan. Uda honetan, hain juxtu, zalaparta handia izan da ziztadekin. Zein ondorio atera duzue?
Zorionez ez dugu gehiago entzun. Testuingurua berezia zen; hain justu, uda honetan, sartzen ginen, bi urte pandemian bizi eta espazio publikoaren berreskurapenean. Kasuen jarraipen estu-estua egin genuen. Ikusi genuen kasu guztietan sustantzia kimikorik gabeko ziztadak zirela. Irakurketa da, biolentzia mota bat dela, erasoa egiteko beste modu bat eta abisu bat da emakume guztientzat, jaiak kalean bizitzeko askatasunik ez daukatela.
Uste dut, ohartarazi diogula gizarteari horrekin ez gaudela ados, noski!
Beasaingo festetan, ordea, ziztada baino gehiago gertatu zen. Jai giroan gertatu ez zen beste kasu bat ere izan zen 2019an uztailean. Martxoan jakin zen, bortxatzaileak beste lau emakume gehiago ere bortxatu zituela. Albiste horiekin ohitu egin behar dugu?
Ohitu? Inolaz ere ez, hori saihestu egin behar da. Iruditzen zait oso adierazgarria dela, nire ustetan, ematen diren titularretako ñabardura guzti horiek, ez dakit beharrezkoak diren. Jendeak irakurri egiten ditu eta mina sentitzen du. Niri barruko min handia sortzen dit pentsatzeak emakume horiek bizi behar izan dutela horrelako eraso bortitza.
Festetan gertatutakoa, ondo ezagutzen dut, eta gogoan dut elkarretaratzea, jendetza bildu zen, bortxaketa oso larria izan zelako. Ohitu ez, eta uste dut horrelakoek behar dutela erantzun juridiko oso nabarmena, horren aldekoa naiz, erantzun publiko baten aldekoa, eta benetan sentsibilizazioaren bidean, gizartea kokatzeko zero tolerantzia horretan. Hori da bidea benetan, biolentzia horri gizarte horma bat eraikitzeko.
Beste albiste bat, ez da Euskal Herrian gertatutakoa, baina izan zitekeen. Hala dio titularrak, ‘Bi urteko kartzela zigorra alaba bortxatzeko botikak erabili zituen gizon batentzat’.
Hori da biolentzia bat oso ezkutuan dagoena, biolentzia matxistaren marko horren barruan formak eta esparru asko daude, eta horietako asko dira, espazio pribatuan gertatzen direnak. Horrelakoak gizarteratu egin behar ditugu. Adin txikikoekin egiten den biolentziaren aurrean ere ardura daukagu, eta neurriak hartu behar dira.
Erronka asko aurretik, baina orain gutxi jakin da, Eusko Jaurlaritzak Emakunderi bideratuko dion aurrekontua iaz baino %1 gehiago izango dela soilik. Uste duzu baliabide nahikoa dela?
Nik uste dut izenburu horrek erakusten duela argazkiaren zati txiki-txiki bat. Emankuderen zeregina da berdintasun politiken sustapena, jarraipena eta ebaluazioa. Eta berdintasun politiken garapena esparru desberdinetan egiten da. Esparru horiek gainera, politika sektorialak dira; segurtasun departamentua, osasun departamentua, hezkuntza departamentua, nekazaritza politikak, ogasuna eta fiskalitatea … Politika guzti horietan eragitea da gure funtzioa.
Genero ikuspegia duten politikak diseinatzea eta sektore horietan diagnostikatzen diren ezberdintasunetan garatzea, departamentu bakoitzari dagokio, eta departamentu bakoitzari dagokio horretarako aurrekontua bideratzea. Beraz, Emakunderenaz gain, gehiago ere bideratzen da berdintasunera.
Bukatzeko, eta azaroaren 25a gainean dela kontutan izanda, zein da herritarrei helarazi nahi diezun mezua.
Zorionez, urteotan, gizarteak erakutsi du, oso lerrokatuta dagoela, Emakundetik eta Aldundiaren berdintasun zuzendaritzetatik martxan jarritako ekimenetan. Uste dut gizarteak berdinzaleagoa izateko grina duela. Oraindik ezberdintasunak daude, baina borondate ona dago. Indarkeria matxistaren aurka gizartea behar dugu bidelagun, ezarritako helburuak lortzeko.
Amak ereindako haziaren fruitua da
Nongotarra den galdetuta, «Oñatin errotuta, baina Zumarragan sortua» da Miren Elgarresta Larrabideren erantzuna. Kargu publikoaz harago, alderdi pertsonalagoaz ere mintzatu da, sorkuntzak duen pisuaz, bere sustraiez; «hor nire lehenengo soziologia, nire haurtzaroa, nerabezaroa hortxe jorratu zen, horri ezin diot ukorik egin», nabarmendu du. «Biak maite ditut», bukatu du esaten, adiskidetzeko tonuan.
Aita urretxuarra zen, baina Zumarragan bizitzeko hautua egin zuten. Haurtzaroaz hasita, gogoratu du, 70eko hamarkadako Zumarraga, Orbegozo lantegiaren beharrak erantzuteko espainiar estatutik etorritako familiak oso ugariak ziren Zumarraga hura. «Errealitate horretan, zenbateraino kosta zitzaigun gure hizkuntza maitea presenteago edukitzea», gogoeta egin du. Eta momentu horretan, ama etorri zaio burura, bere sortzailea, bere erreferente izan dena; «etxeko hizkuntza euskara zen, bizkaiera ere bai, ama bizkaitarra baitzen, eta egunero gogoratzen zigun, ‘mesedez, euskaraz!’».
Erreferente du ama bizitzako beste alorretan ere. Emakume «langilea» izan zen, «baserritarra», «alaben etorkizunaz kezkatzen» zena eta «guretzako autonomia ekonomikoa desio zuena», besteak beste. Mirenen hitzetan, «amaren, hizkuntzan feminismoaren hitza ez zegoen barneratuta, baina bera zen feminista hutsa, goitik behera».
Ama hark ereindako haziaren fruitua da gaur egun Emakunderen zuzendari berria dena. Amak erakutsitakoaren bidetik, albaitaritza ikasketak egin, lan munduan sartu, erantzukizunagatik politikara jauzi egin zuena. Oso presente du «ama ohoratzeko» ere onartu zuela emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lana.