Pello Agirrezabal Urzelai • Segura
Gabino Alustiza eta Luisa Telleriaren istorioa kontatzera natorkizue. Gabino Alustiza (EAJ-PNV), Aiako alkate zela fusilatu zuten. Gabino Seguran jaio zen 1888 urtean. Bere aita Blas Alustiza, zeraindarra, Sagastibil baserrikoa zen. Bere ama Francisca Etxeberria, segurarra. Blas eta Francisca 1879an ezkondu ziren, lau seme alaba izan zituzten eta haietatik hiru umetan hil ziren. Horrela, Gabino seme bakar geratu zen; 15 urterekin umezurtz gelditu zen.
Luisa Telleria Oiarbide Segurako Zerainsagasti baserrian jaio zen 1888an. Bere gurasoak Plazido Telleria Goiburu (Segurako Mantxotegi baserrikoa) eta Isabel Oiarbide Aranzadi (Segurako Aspaotza Baserrikoa) izan ziren. Plazido Isabelekin ezkondu aurretik, Angela Ugalde Telleriarekin ezkondu zen 1868an, baina Angela 1872an hil egin zen eta orduan ezkondu zen Isabelekin, 1873 urtean. Ordurako Plazidok bi seme alaba zituen. Plazido Telleriak eta bere bi emazteek (Angela eta Isabel) 9 seme-alaba izan zituzten eta horien artean Luisa Telleria Oiarbide, 1888an jaioa.
Gabino Alustiza herrian bakarrik gelditu zen 15 urterekin eta ziurrenik Lardizabal familiak eraman zuen Aiako Laurgaingo jauregira lanera, XX. mende hasieran. Nolabait Luisa ezagutu eta 1914an ezkondu ziren Seguran, (26 urte zituztela) eta Laurgainen jarri ziren bizitzen Lardizabaldarren aginduetara. Gabinok jauregiko administratzaile lanak egiten zituen.
Hemendik aurrerako idatzia Aia 1936: Gerra zibila, errepresio frankista eta giza eskubideen urraketa liburutik ateratakoa da, Eneko Sanz Goikoetxeak 2015ean idatzia. 1931. urtean, Errepublika garaian, herritarrek Gabino aukeratu zuten alkatetarako (EAJ-PNVtik). Laster izan zen zigortua, 1934an hain zuzen, ikurrina jarri zuelako udaletxean, baina zigorra barkatu zioten 1936an (ordurako gerra hasita zegoen) eta berriz alkate jarri zen.
Aian atxilotua
Aian sartu zirenean erreketeek Gabino atxilotu zuten eta Ondarretako kartzelara eraman zuten. Bere alaba Ixabelek horrela kontatzen du: «Ni Errepublika garaian oso gazte nintzen. Ez dakit aita politikan sartuan zegoen, baina Aiako alkatea zen. Nazionalista zen, baita bere nagusiak ere. Gerra hasi zenean haiek (Lardizabaleko jabeak) Frantziara joan ziren eta aita eta ama geratu ziren bederatzi umeekin Lardizabal jauregian)». Ixabelek segitzen du kontatzen, «ahizpa zaharrena Donostian genuen lanean eta hura joaten zen Ondarretara bisitan, baita jana eta behar zituen gauzak eramatera. Egun batean bertara joan zen eta bakaziokin bidali zutela etxera esan zioten, eta ‘akabo’, guk ez genuen berriro aita ikusi».
«Gure amak bitartean jauregian, Laurgainen, jarraitu zuen lanean, 9 seme-alabekin eta bizimodua ahal den bezala ateratzen zuen. Seme bat etxean gelditu zen eta beste biak frankistek gerrara bidali zituzten. Hiru alaba hiru urtez Zarautz, Agilafuente eta Sukarrietako kolonietan egon ginen. Herrira bueltatu ginenean konturatu ginen zein desberdina eta zaila zen etorkizuneko egoera». «Ama beti triste ikusten genuen, etxean egiten zuen lan, juxtu baino bizi ginen, gaztainak, sardin zaharrak, bientzako bat, razionamendua zegoen. Hasiera batean gure familia baztertua izan zen herrian, handik denbora batera gutxinaka onartuak izan ginen».
Gabino fusilatu
Gaur egun badakigu Gabinio Alustiza fusilatu egin zutela, epaiketarik gabe Hernaniko kanposantuan eta bertara Ondarretako kartzelatik eraman zutela. Horma horietan fusilatutako hainbat pertsonen artean azkena izan zen, 1936ko urriaren 27an. 2012an Aiako udalak omendu egin zuen Gabino, haren alabak bertan zirela. Joan zen irailean, Ixabel bizi den alaba bakarra (97 urte) Segurara etorri zen, bere amaren baserria ikustera, herriari buelta bat eman, Lardizabal jauregia ikusi, meza entzun eta bazkaldu ondoren etxera. Nahi duzun arte Ixabel.
Eskerrik asko Eneko Sanz Goikoetxeari, bere liburuan segurar familia honen tragedia azaltzeagatik.