Imanol G. Gurrutxaga • Zinema zuzendaria
Urriaren 9an Irati filma Sitgeseko beldur eta fantasiazko zinema jaialdian proiektatu zen lehen aldiz. Errementari pelikulak izan zuen arrakastaren ondoren, Paul Urkijok bere fantasiazko film berria aurkeztu dio Kataluniako herriari. Bertan Eneko izeneko jauntxo baten istorioa kontatzen da. Haurra zela, aitak Mari jainkosari laguntza eskatu zion Carlomagnoren aurkako guda irabazi eta hala, euskal lurraren, eta barne dituen gizakiak salbu mantentzeko. Enekok, guda amaitu eta hamalau bat urtera, aitaren mitologiarekiko sinesmenak ezagutzean, bizitza guztian defendatu duen fede kristaua zalantzan jarriko duen bidaia bat hasiko du, Irati izeneko neska baten laguntzaz.
Egun, euskararen erabilerak gatazka sortzen jarraitzen du; izan ere, zenbait ekoizleren aburuz, nazioartean oihartzuna izateko mugak baino ez ditu. Alabaina, atzerriko ikusleak euskara apustu moduan ikus dezake, hizkuntza balioetsiz. Ildo honetan, aipatzekoa da, Errementari eta Irati filmetan euskara zaharraren erabilera egiten dela. Urkijok bihotzez ezagutzen ditu euskal mitologiaren erpin guztiak, eta egiarekiko errespetua euskaran ere islatzen da.
Irati ez da film arrunt bat. Irati euskal mitologiarentzat eginiko maitasun gutun bat da, eta hori xehetasunetan antzematen da. Jose Migel Barandiaranen idatzi eta ikerketak irakurri ditugunok aski ezagutzen ditugu sinbologia ezberdinen esanahi ezkutuak, eta hori une motzetan ere ikusteak sekulako balio gehigarria ematen dio filmari. Gure ondarea ezagutzen duen gidoilari baten eskutan gaudela sentiarazten gaitu.
Eurek diotenez, «izena duen guztia, bada», baina izenak bizitza behar du izateko, eta Irati-k bizitzara ekarri ditu gure mitologiako piztia eta pertsonaia kuttunenak denbora luzez izaten jarrai dezaten.