Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Lagun bati sumatu nion nirekin uzkur zebilela aspaldi luzean, eta zerbait ote zeukan galdetuta, baietz esan zidan, bi konturengatik haserretu zela nirekin: bat, ingenioa izan nahi zuen nire komentario bategatik, eta besteaz ez zela gogoratzen, baina, besteak ere haserre bizia sortu ziola, momentuan ez zekiela zerk, etorriko zitzaiola, baina, lehenengoak baino haserre handiagoa sortu ziola. Gainera, lehenengoa ere ez zitzaiola horren larria iruditzen bigarrenarekin konparatuta, eta lehenengoa barkatua zidala, zegoeneko. Bazekiela, askotan, nire umorearen kontrola galdu egiten nuela, eta momentuko haserrea baino ez zela izan, baina bigarrena barkatu ahal izateko denbora beharko zuela.
Lehenengo komentario hura bere herriari buruzkoa izan zen. Hala bota nion: «Hor ibiltzen zarete gure herria ez dela Goierri gora eta behera, eta zuen herria, zer? Nola izango da ba Goierri, Tolosarrak baino Tolosaldeakoagoak zarete eta! Eta Goi Herri, gainera? Gu 450 metro duinetan gaude. Zarautzen egongo dira zuek baino gorago dauden sonbrillak!». Erantzun petralen bat gogoratzen nuen, ez, ordea, aparteko haserrerik sortu zionik, baina, tira, azkar pasa omen zitzaion.
Bigarren haserrearena ez omen du akorduan. Nik susmo txiki bat berreraikia daukat. Biok gauden whatsapp taldean, bertso txapelketako kanporaketako epaileen erabakiarekin ados nengoela esan nuen. Nire iritzia mezu suminkor askoren artean tartekatuta joan zen, eta agian, horregatik ez zuten bere neuronek bete-betean harrapatuko, bai, ordea, ziurrenik, ni begitan hartzeko hainbestean.
Edozein unetan ohartuko da niganako ezinegona zerk sortu zion. Esango banio, baliteke momentuan bertan lehertzea, eta berehala igarotzea. Ez esateak, agian, leherketa kontrolatua izatea zailduko luke.