Aitak erakutsitako ofizioari eutsiz, egurgintzan aritzen dira Ataungo Agerreaundiko Txomin eta Xabier Bikuña anaiak. Lurjabeak dira, eta etxeko pinudiak eta basoak ustiatzetik bizi dira. Su-egurra ere saltzen dute. Administrazioak ezartzen dizkien burokrazia, lege eta mugekin kexu dira.
Ataun San Martingo Agerreaundi baserriko semeak dira Txomin (1975) eta Xabier Bikuña (1978) anaia egurzaleak. Iztartorko bidegurutzetik Arrateta aldera doan bidea hartuz iristen da autoz haien jaiotetxera, eskuin aldera zabaltzen den bidegurutzean gora. Oinez ere hamar minutuan irits liteke, Indarretxe eta Irubide artean dagoen bidezidorrari jarraituz (arrasto zuri-horiak). Belarra nahiz egurra zelai aldapatsuetatik jaisteko kablea zuen Ataungo baserrietako bat da –herdoilak jota zegoelako kendu zuten–.
Jentilbaratza mendia ezkerrera ikusten da Agerreaunditik, eskubi aldera Loibideko malloak. Jentilak aipatuta, bada kondaira bat baserri horri lotua: Urrezko izara eta Agerreko madarikazioarena. Luze joko luke lerrootan kondaira osoa hitzez hitz azaltzea. Kontua, ordura arte karta-jokoan aritzen ziren Agerrekoek eta Jentilbaratzeko jentilek etsai bukatu zutela. Agerre Agerre zen bitartean etxe hartan ez zela eririk edo besamotzik faltako egin zuten birao jentilek.
Kondairak kondaira izango dira bada, Bikuña anaiek besamotzetik ezer ez baitute. Egurgintzan aritzen dira, haien aitak erakutsitako ofizioari segika. «Terrenoak dauzkagu, mendi hau dena, mailoa bera ere bai. 42 hektarea denera», zehaztu du anaietan zaharrenak. Mailo azpian nahasiko basoa daukate: pagoa, haritza, gaztaina, lizarra… eta goialdean, artadia. Baina diru etekina etxeko pinudiak ustiatzetik jasotzen dute batez ere, baita negurako su-egurra prestatzetik ere.
Pinuaren aprobetxamendua
«Pinuak dauka hemen irtenbiderik onena, oinarritik puntaraino», bota du Txominek. Eta Xabierrek, zehaztapena: «Hiru klase bezala izaten dira: materiala zerrarako–lodia, 25eko diametrokoa gutxi gorabehera–; 16ko diametroa bitartekoa zurezko bilgarrietarako; eta handik aurrerako guztia papertegira». Anaietan zaharrenak dio azken bost-zortzi urteetan pinudietan ez dela bakanketarik egiten, alertzea edo izeia ez bada. «Intsignisaren bakanketak bukatu dira, denak botatzen dira, gaixorik baitaude». Kanpotik berde ikusi arren, enborra gaixo dutela nabarmendu du Xabierrek.
Bi anaiek egurgintzatik ateratzen dute bizimodua, baina gakoa «asko ez gastatzea» dela dio anaia gazteak, «bere batean ibiltzea» baizik. «Hemen bolada batean izango duzu fabrikako jornalaren doblea, eta hurrengoan zero. Eta gero, sail bat botatzen baduzu, ea zeinek aldatu behar duen. Hor lana eta gastua besterik ez dago. Guk ez dugu sekula hortik gehiago jango! –bost urteko kriptomedia batzuei begira–». Landare gazteekin eta administrazioaren arauekin «komeriak» daudela diote. «Mintegizain onak badaude, baina hemengo administrazioak ekartzen dituen landareak bada… Ihartuta ekartzen dituzte, gure eskuetara ailegatzeko negozioa eginda datozen landareak dira».
Su-egurra, traktorekadaka
Bikuñatarrek diotenez, diru-laguntzak kobratu ahal izateko mintegizain bati erosi behar zaizkio landareak, bakoitza euro bat ordainduta. «Haren fakturatik horrenbesteko bat pagatzen dizute, autorizatua behar du izan. Nik iaz aldatu nuen mendi bat neronek etxean ateratakoarekin, eta batere kobratu gabe gelditu nintzen», azaldu du Txominek. «Nik ez dakit administrazioak lan hau zenbat eskertzen duen. Gizona landaketak egiten ibili, eta esker ona jaso beharko du bada!», Xabierrek ondotik.
Su-egurrari ere ateratzen diote errenta pixka bat. «Denak gure lurretakoak dira, edo behintzat gure eskutan ibilitakoa, erositakorik ez dago hemen!». Txomin aritzen da langintza horretan. «Urtean 20-25 traktorekadatik gora saltzen dut nik, egur mordoa, dena txikituta. Traktorekada bakoitzean pare bat tona, bidaia 300 euro. Erdia bada, erdia kobratzen dut. Horretaz aparte, katxarro handi horrekin, enborrak osorik ere ematen ditut, baina gero txikitzen dago lana!». Ataungo kalera eta baserri batzuetara saltzen dute egurra –«fama pagoak du hemen»–, eta gehienez ere Lazkaora. Zakutan ez dute saltzen. Xabierrek adierazi du su-egurraren kontsumoa handitzen ari dela. «Gorakada dator beste erregaiak ere garesti daudelako. Sua jartzeko aukera daukana jartzen ari da».
Administrazioaren mugak
Administrazioaren lege, arau eta mugekin kexu dira Bikuñatarrak. «Gure terrenoak Aralarko parke naturalaren barruan daude, eta lan egiteko traba ikaragarriak daude, mugak daude: pista bat eginez gero, itxiarazi egin dizute; mozketa baimena eskatzen baduzu, mugekin etor daiteke… Mugatu egiten badute, kalte-ordainak jasotzeko diru-poltsa bat egon beharko litzateke, baina ez da horrelakorik existitzen. Mendira ere ezin zaitezke joan su-egurra hartzera, eta ezin duzu zuhaitz bat bera ere moztu nahiz eta zurea izan. Horrela gaude», adierazi du haserre anaia gazteak.
«Alimotxeak habia egiten duelako sei hilabetez gure lurretan lanik ezin genuela egin agindu ziguten, udaberri-udan. Azti ibili ginen, eta alegazioa aurkeztu genuen epearen barruan. Eman ziguten, baina bi urtera. Horretarako, gainera, abokatuek adina jakin behar duzu! Agindu bai, baina gure eskubideen berri ez digu inork ematen!». Administrazioaren eta baserri munduaren artean amildegi handia sumatzen dute bi anaiek, eta argi dute, gauzak aldatu ezean, haiena izango dela langintza honetan ariko den azken belaunaldia.