Iker Antiak (Urretxu, 1972) Arte Ederrak ikasi zuen eta duela urte batzuk Arteztu galeria ireki zuen Donostiako Benta Berri auzoko Resurreccion Maria de Azkue kalean. Inguruko artisten lanak erakusteaz gain, marrazki, pintura, argazkilaritza eta sormen ikastaroak ematen dituzte. Auzoan erroturik egoteak, ilusio berezia egiten dio.
Umetatik al zara arte zalea?
Bai. Umetan marraztea gustatzen zitzaidan. Amari marraztea gustatzen zitzaion eta berak sartu zidan artearen harra barruan. Berak egindako lanak gustatzen zitzaizkidan eta hortik jo nuen.
Garai hartan ez zen oso arrunta ama marrazkilaria izatea.
Hala da. Ama artista duten gutxi ezagutzen ditut.
Nola landu zenuen zure zaletasuna?
Ikastaro batzuk egin nituen eta ondoren Arte Ederrak ikastea erabaki nuen. Hura beste mundu bat zen. Beste mundu bat zabaldu zen nire aurrean.
Argi al zenuen Arte Ederrak ikasiko zenuela?
Gustukoa nuen eta aukeretako bat zen. Nire curriculuma ez zegoen bikainez josita eta ez nuen argi hartuko ote ninduten. Nire aukeren artean Heziketa Fisikoa eta Psikologia ere bazeuden, baina lehen aukera Arte Ederrak zen.
Zer moduz Bilbon?
Ez nuen argi arteak zer ematea nahi nuen. Zerotik hastea izan zen. Batetik bestera ibili nintzen. Etxetik kanpoko lehen esperientzia izan zen. Nire buruaren arduradun nintzen lehenengoz eta ez zen erraza izan. Kalea eta mundua ezagutzen ibili ginen. Akatsak eginez eta estropezu eginez, bidea topatzen.
Arte Ederren fakultatean jende berezia ezagutuko zenuen, gainera.
Bai, baina beste karrera askotako jendea ere ezagutu nuen eta toki guztietan dago jende berezia: sukaldaritzan, kimikan, fisikan, matematiketan…
«Oso gustura nago Donostian: eskolak ematen ditugu, auzoaren gertutasuna sentitzen dugu…»
«Artistek garai zaila bizi dute eta beraien lanak erakusteko eta saltzen saiatzeko aukera ematen diegu»
Nondik nora ibili zara lanean?
Bilbotik itzuli nintzenean, Legazpiko Plasnor enpresan lan egiten hasi nintzen. Serigrafia industriala egiten nuen. Oso lan polita da. Edozein zereginetan murgiltzen zarenean, bere aberastasunez eta zailtasunez jabetzen zara. Serigrafia munduan konpetentzia handia zegoen, Valentzia inguruan oso ondo eta merke lantzen baitzuten. Hori dela eta, serigrafia utzi eta Plasnorren beste lan batzuk egin nituen. Denetik egin nuen. Oso esperientzia aberasgarria izan zen. Asko ikasi nuen. Komodina nintzen. Makina bakoitzak bere espezialista zuen eta ez nintzen beraiek bezain ondo moldatzen, baina makina guztietan lan egiteko gai nintzen.
Nolatan ireki zenuen Arteztu galeria?
Jubilatzera zihoazen lankideetako batzuk oso erreta zeudela ikusi nuen eta salto inkontziente eta arduragabe samarra egin nuen: galeria txiki bat ireki nuen, margotzeko denbora gehiago edukitzeko eta arte munduarekin lotuago egoteko. Hasierako urteetako zailtasunak gainditu eta hemen jarraitzen dugu. Miraria da, baina hemen jarraitzen dugu.
Donostiara joatea erabaki zenuen.
Urretxun zailagoa izango litzateke. Donostia ez da hiri handia. Eusten diogu, baina ez da batere erraza. Gainontzeko galeristek, Estatu mailan mugimendua nahi baduzu, Madrilera joan beharra duzula diote. Madrilera joatea salto handia da: gogoa eta aukera behar dira. Ni oso gustura nago Donostian. Eskolak ematen ditugu, auzoaren gertutasuna sumatzen dugu… Ikastaroak dira galeriaren diru iturri nagusia. Horrek ematen digu egonkortasuna. Horretaz gain, artistek garai zaila bizi dute eta beraien lanak erakusteko aukera ematen diegu. Eta beraien artelanei etxe berri bat aurkitzen saiatzen gara. Erosleak aurkitzen, alegia.
Jendea galerietara gerturatzen al da?
Bai, baina hau ez da taberna bat. Gure galeria xume eta txiki honek duen gauza ederrena egunero ikasleak etortzen direla da. Bizirik dago. Erakusketak aldatu ahala, ikasleek bisita egiten dute. Hau ez da taberna bat, baina hona ere etortzen da jendea. Lan handia egin behar da jendea galerietara sartzeko eta erakusketak bisitatzeko. Europako gainontzeko herrialdeetan ohitura handiagoa dago. Hemen artearekiko interesa dutenak ez dira gizartean gehiengoa.
Zure helburuetako bat margotzeko astia lortzea zela esan duzu. Lortu al duzu?
Errazagoa izango zela uste nuen… Ikastaroak eta erakusketak antolatzeak denbora asko kentzen du. Gelditzen zaidan denbora margotzeko erabiltzen dut. Gehien pozten nauena auzoan integratu izana da. Bizilagunen eta artisten artean harreman estua dago. Pixkanaka, jendea artera gerturatzea eta arteaz gozatzea lortu dugu.
Ze erakusketa duzue egunotan?
Iker Valle andoaindarraren margolanak ditugu ikusgai, abenduaren 12a arte. Bere lana bi hitzetan azaldu behar badut, poesia margotzen duela esango dut. Sentimenduetara jotzen du. Margotzen hasi aurretik oso lan teknikoa egiten duen arren (pigmentuak berak egiten ditu), sentimenduetara heltzeko ahalmena du. Bertatik bertara ikusi beharreko margolanak dira. Argazkietan ez da bere beltzen eta urdinen intentsitatea nabaritzen.
Donostian luzaroan jarraitzeko asmoa al duzu?
Hori nahiko nuke. Arteaz bizitzen jarraitu nahiko nuke. Ireki nuenetik ziurgabetasuna izan da nagusi, baina hemen jarraitzen dugu. Ez da erraza, baina jarraituko dugu. Lana gustukoa dut eta bete egiten nau.