Iñaki Leturia • Ormaiztegi
Urtero, herriko jaiak gerturatzen direnean, nire aita zenarekin akordatzen naiz. «Zer den zoriontasuna? 18 urte, dirua poltsikoan eta San Andres bezpera», esaten zuen berak, eta argazki hau ikusi dudanean esaera hura etorri zait burura. Izan ere, ez dakit diru askorik poltsikoan izango ote genuen (seguruenera ez), baina aurpegietan nabari zaigu zoriontsuak ginela. Kamineroz jantzi ginen urte hartan, norbaitek inguratu zuen kamioi zahar bat aprobetxatuz eta herrian egiten ari ziren lan batzuk aitzakia hartuta. 1994 zen. Paperean sartu ginen erabat, eta tarteka trafikoa mozten genuen. «Herri honetan beti obratan!» kexatu zen auto-gidari bat, benetako langileak ginela sinetsita.
Kamioi bera tuneatuta suhiltzailez irten ginen baita ere, eta hurrengo urtean, bikingoz. Kuadrillako batek eskuekin bazkaldu zuen, bikingoek ez zutelako mahai-tresnarik erabiltzen… kuxidade ederra! Bikingoen itsasontzia egiteko oholez forratu genuen kamioi osoa, punta batetik bestera, brankako dragoi-buru eta guzti. A ze lanak hartzen genituen mozorroak prestatzeko! Gaur baino gogo eta ilusio handiagoa genuen, dudarik gabe. Nora joan da ilusio hura?
Laneko kontu bategatik (osasun mentalari buruzko erreportaje bat) japoniarrek erabiltzen duten kontzeptu bat ezagutu dut. Ikigai esaten diote bizitzeko arrazoiari edo ilusioari. Urte asko harrapatzen dituzte han, ehundik gora askok, eta hainbat ikerketaren arabera zahartzaro zoriontsua izaten omen dute, filosofia hori aplikatu eta ilusioa pizten dien jarduerak eginez. Horrelakoengatik, besteak beste, miresten ditut japoniarrak.
Gauza bat aitortuko dizuet: kamioiaren gainean ibiltzen gineneko ilusio bera ez dut izango, baina oraindik ere zirraratxoa sentitzen dut barrenean garai hau heltzen denean. Eta, bai, mozorroa prestatzen ari gara lagunak. Zertaz goazen jakiteko, inguratu Ormaiztegiko festetara!