Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Salmenta zuzena egiten dugun baserritarrok behin baino gehiagotan entzun dugu guk sortu, eraldatu eta merkaturatzen ditugun elikagaiak garestiak direla eta halako supermerkatu batean merkeago daudela… edo elikagai ekologikoak garestiegiak direla eta herritar askok ezin dituztela ordaindu…
Horrek noski, zer pentsa ematen digu prezioak jartzeko garaian. Hasteko, elikadura osasungarrirako eskubidea administrazio publikoak bermatu beharko lukeen zerbait delako.
Bigarrenik, supermerkatuetako jaki merkeago horiek segur aski ez dira parekagarriak bertan sortutako elikagai ekologikoekin. Saltoki handietan saltzen diren jaki gehienak industrialak direlako (hori konprobatzeko osagai etiketa luzeegiak ikustea besterik ez dago) eta gehienak gainera urruti ekoitziak.
Horretaz gain, ekoizpen kostuen azpitik saltzen dira gehienetan, ez baita kontuan hartzen ekoizpen eredu horrek sortzen dituen albo ondorio kaltegarriak ingurumenean, arlo sozialean edo osasunean. Nahiz eta herritarrok ordaindu beharreko kostu ekonomiko handiak sortzen dituzten.
Prezio merkeago batean saldu ahal izateko, gainera, auto esplotazio maila altuagoa ezarri beharko nioke neure buruari. Eta dagoeneko, lan ordu kopurua aintzakotzat hartzen badugu, prezioak oso estu jartzen ohituta gaudelakoan nago.
Honen inguruan Biolurrek EHUko ikerlariekin batera Duina izeneko ikerketa oso interesgarria argitaratu du. Azterketak dioenez, gurean barazki ekologikoak sortzen dituzten baserritarrek jasotzen duten mozkina, eskubide sozialen gutunak planteatzen duen soldata duinaren azpitik dago eta barazki gehienak, dituzten ekoizpen kostuen azpitik saltzen dira. Ekoizpen prozesuan egiten diren lan asko ez direlako aintzakotzat hartzen prezioak jartzeko garaian.
Asko eta merke erostera ohitzen joan gara eta garapen eredua aldatzen joan behar badugu, iraunkorragoa eta justuagoa izateko, gutxiago eta prezio duinetan erosteko hautua egin beharko dugula uste dut. Aldiro gure kontsumo ohiturak berraztertuz. Gainera, prezio aldeak konpentsatuz, kanal hurbiletan eta ekoizpen autonomoetan inflazioa txikiagoa izaten ari da askotan, espekulazio dinamiketatik kanpo egoteko aukera errazagoa delako.
Munduan 8.000 milioi biztanlera iritsi gara eta baliabideak gero eta urriagoak dira. Agintarien aldetik larrialdirako mezuak errepikatzen doaz biltzar oro, orain berriz COP27 biltzarrean, baina azkenean eliteen interes ekonomikoei men egiten zaie. Oraingoan ere jira eta buelta ibili dira hitzetatik benetako konpromezu eta ekintzak zehaztu gabe (arazo gutxiago jarrita bidaltzen dituzte bere selekzioak Qatarrera).