Herri bertsozalea izan da Zaldibia. Bertsolariena ere bai, inondik ere. 1983ko ekainaren 11n, larunbat gauez, Guraso Elkarteak zeukan elkartean jokatu zen herriko bertsolarien txapelketa da horren adierazgarri. Oso herri gutxitan lor zezaketena (eta dezaketena) egin zuten: mahaikada bertsolari elkartu. Finala jokatu zen, gainera, egun hartan.
Kopuruak ez ziren nolanahikoak. Aurretik, kanporaketa batean pasatu zuten lehenengo galbahea. «Plazaratu gabeko zaldibiar bertsolarientzat txapelketa» antolatu zuten. Izena 29 herritarrek eman zuten, eta astebeteko lehenagoko finalaurrekoan 18k kantatu zuten. Han ondoen aritu ziren zortzi izendatu zituzten finalerako: Joxe Mari Iraola, Añegi, Munduate, Txubel, Zurdo, Migel Mari Jauregi Altzo, Makalo eta Hilario Nazabal.
Esan beharrik ez, egundoko ikusmina piztu zuen, eta elkartea leporaino bete zen azken saioa entzuteko ere, 150 lagun bai. Epaileak ere zaldibiarrak jarri zituzten: Patxi Iraola, Altzo Txiki, Rufino Iraola, Nekane Etxeberria eta Amurrio. Aurkezle eta gai jartzailetzarako, okasioak merezi zuela eta, Iñaki Murua gabiriarra eraman zuten.
Maila oneko saioa osatu zuten, garaiko kronikek diotenez (La Voz de Euskadi egunkariko kronika, adibidez, Andoni Egaña batek idatzi zuen). Tartean ziren, bertsotan, orduko alkatea –Altzo– eta herriko epailea –Joxe Mari Iraola–. Gai jartzen eta kronikari, etorkizuneko lehendakaria eta txapelduna.
Hilario Nazabal irabazle
Lehenengo saria Hilario Nazabalek irabazi zuen. Bertsokera klasikoa zuen, baina «gaitasun aparta». «Harritzekoa nola bere adineko apurren batzuk bezala plazaz plaza ez den bertsotan aritu», ebatzi zuen Egaña kronikagileak. Bigarren Altzo geratu zen, saio guztian «ongi» aritu ondoren. Bertso onenaren saria, berriz, Eleuterio Jauregi Makalo-k eraman zuen.
Zaldibian, orain 40 urteko bertso giroa beste inon «nekez» aurki zitekeela gehitu zuen berriemaileak. «1.800 biztanle dituen herri bateko txapelketara 29 bertsolarik izena ematea hasiera batean harrigarria gerta daiteke, baina han bertsolaritzarekiko dagoen jarrera ikusi ondoren, ez da hain harritzekoa».
Historikoki, ordea, ozpina ere ezagutua zuten zaldibiarrek. Juan Inazio Iztueta bertsolari eta dantzariak mende eta erdi lehenagoko egoeraren berri utzi zuen idatzita. «Amezketan zillegi da itz-neurtuetan kantuz aritzea, eta beragatik irteten dirade andik ainbeste itz-neurtulari, eta ain egokiak. Auzo errietan ere bere bat izango lirake, baldin kantatzea lokabe balute», hasi zen.
Bertsotan aritze hutsagatik jendea preso sartzen zutela agintariek (alkateak) gaitzetsi zuen. Jai gauean etxera bidean irrintzi bat egin zuen nekazaria bederatzi egunean preso edukitzen ezagutu zuela dio Iztuetak.