Noizbait irakurria nuen Gabiria herri izena Gain+hiria etimologiaz azaltzen zuen teoria. Egiazko hipotesia izan ala ez, bada Bizkaian beste herritxo bat txikia eta mendi gain batean kokatzen dena, halaber: Garai, hori ere etimologikoki goitik begira, eta ohituraz oso dantzaria dena, Gabiriaren antzera. Goiko haize horiek hauspotuta beharbada, dantzarako aspaldiko zaletasuna gordetzen da bai batean, nola bestean.
Gaur egun murgilduta gauden bizimodu zoro eta gehiegitan txepel honetatik begiratuta, gero eta gehiago miresten ditut ezer gutxirekin, baina ahalegin eta ilusio handiz aurrera ateratzen diren zenbait ekimen. Halakoxea izan zen orain aste batzuk Gabiriako plazan Goruntz taldearen 50. urteurrena ospatzeko aitzakian ikusi ahal izan genuen dantza-saioa (oraindik ere GITBn ikus daiteke: Goruntz Dantza Taldearen 50. urteurreneko emanaldia).
Harrigarria da apenas 500 biztanleko herrian 150 herritar dantzari plazan elkartzea. Poztekoa da naturaltasun osoz genero bereizketarik gabeko saio bikain bat ikustea. Miresgarria da adin guztietako dantzariak izateaz gain, gizonezkoen parte hartzea oso altua, parekidetasunetik gertu, izan zela baieztatzea. Inbidiagarria da dantzari guztien ongi pasatzeko gogoa. Txalotzekoa saioaren prestaketan jarritako interesa eta lana, txiki-txikienetatik hasi eta adinean ondo koskortuta daudenetaraino.
Inguru guztian dantza taldeok ditugun ajeetatik urrun, eredu dira Gabirian dantza eta musikaren bitartez komunitate osasuntsu eta alai bati eusten. Hori da behintzat ikusleen artean geundenoi erakutsi ziguten argazkia eta erantsi ziguten inbidia osasuntsua. Urte askotarako eta segi Goruntz!