Goierriko udalerri ‘txikien’ artetik Berrabiarazin partaidetza handiena izaten ari dena da Idiazabal. Industria indartsua du, baina, gaur-gaurkoz, udalaren kezka nagusietako bat merkataritza eta ostalaritza sektoreen etorkizunean dago. Ekintza plan baten aldarria egin du.
Pandemiak «gabezia egoera asko» begi-bistan jarri dituela, eta halako egoera bati aurre egiteko «udal txiki baten bitarteko eza» nabarmena dela uste du Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak. Horixe izan zen udalak Berrabiarazi proiektuaren alde egiteko arrazoi nagusietako bat. «Garbi zegoen eskualde izaera eman behar zitzaiola proiektuari, Goiekik guk iritsi ezin dugun lekuetara iristeko aukera gehiago baitauka. Kanpoko argi bat jartzea interesgarria izan zitekeela ikusten genuen. Horrez gain, baita enpresa bakoitzaren errealitatea ikusi, zalantzak partekatu eta egiteko moduak partekatzeko ere». Hori bai, diagnosia egin ondotik «ekintza plan bat» lantzea ezinbestekotzat jotzen du.
Biztanleria aintzat hartuta, Berrabiarazin partaidetza handiena izaten ari den herria da Idiazabal, eta zuzeneko feed-backik jaso ez badu ere, «partaidetza maila nahikoa feed-back» badela iruditzen zaio. «Hor ikusten da jendeak interesa eta gogoa azaldu duela. Kanpotik argi hori edukitzea oso ondo dago, gero egin behar dena da mamitu eta martxan jarri». Gerora begira, «aplikazio maila zertarainokoa» izan den jakitea «interesgarria» litzatekeela uste du alkateak. «Aldaketa suposatu dizue? Abantaila izan da? Niretzako hausnarketa hori behar-beharrezkoa da».
Herriko zerbitzuekiko kezka
Partaidetza handia bai, baina gehiena industriari lotutakoa izan da. «Datuak ikusita, konturatu naiz komertzio gutxi sartu dela, eta arrazoietako bat ostalari eta tabernarien adinean ikusten dut. Bost-hamar urtera jubilatuko den jendea da, eta horregatik ez zuten parte hartuko. Arazoa da ez dugula ondorengorik ikusten». Goierri industrialki «oso indartsua» izateak onurak dauzkala dio, baina «gabeziak ere sortzen» ditu Alberdiren ustez. «Industriaren ordutegiak eta soldata nahi ditu jendeak, normala da hori, baina negozio bat martxan jartzeko onura oso handiak ikusi behar dituzu. Komertzioa oso lan lotua da, eta uste dut hor daukagula hurrengo hausnarketa potoloa». Ostalaritzako eta merkataritzako eskualdeko diagnosia egina du Goiekik, eta aurrerago ekintza plan bat diseinatuko du.
Merkataritzarekin ez ezik, ostalaritzarekin ere «arazoa» dute Idiazabalen. «Pilarreneko otordu zerbitzua ez dela, ez daukagu jatetxerik, ez daukagu oherik, ez hotel ez nekazalturismorik, eta ez dauka itxurarik izango denik. Idiazabal herri fantasma batean bihur daiteke, ez dauka zerikusirik N-1 errepidea hemendik pasatzen zen garaiarekin». Alberdiren ustetan, «komertzio eta erosketa ohiturei» buelta eman behar zaie: «Bi mila biztanleko eta hortik beherako herriak hiltzera doaz. Erronka handia daukagu zerbitzu horiei eusten».
Tailerraren digitalizazioan urratsa
Orain zortzi urtetik hona anaiarekin batera gidatzen du Eider Iztuetak Guardi industrialeko Aizkorri Galdarategia. «Bigarren belaunaldiko enpresa bat da, aitak sortu zuen 1990ean. Ondo ari gara lanean, baina borrokan. Gazteak gara, motibatuta gaude, eta horregatik sartu gara digitalizazioan eta berrikuntzan». Pandemia garaian diagnostikoa egin zien Goiekik, eta Digitalizazioa industrian ekintzan parte hartzeko gomendatu zieten. «Industrian eraldaketa digitala abiadura oso handian doa, eta ikusten genuen atzean geratzen ari ginela. Gure bezeroak eta hornitzaileak hor zebiltzan, baina guk berdin jarraitzen genuen lanean, eta esan genuen apustu egin behar genuela. Horretan gabiltza buru-belarri».
Tona handiko piezekin egiten dute lan, eta Goierriko enpresak dituzte bezero nagusiak. «Digitalizazioarekin lortu duguna da tailerreko datu guztiak guk ere edukitzea, eta horrek lagundu digu hobeto prestatzen, lehiakorragoak izaten eta bezeroei zerbitzu hobea ematen». Proiektuari «balio handia» ikusten dio Iztuetak. «Babesa sentitzen duzu, eta pauso positiboa eta beharrezkoa izan dela uste dut. Merkatuan pasatzen denari kasurik egiten ez badiozu, bidean gelditzeko arriskua daukazu».
Komunitateko parte izateko
Higiezin agentziarekin 2016an hasi zen Maite Fernandez, gurasoek duten enpresa barrutik, baina pandemiaren ondoren, Alquizal izenarekin bulegoa ireki zuen Idiazabalen. «Gure lan egiteko modua on-line da. Posizionamendu oso ona daukagu Interneten, baina ikusten genuen bulego fisiko bat ere behar genuela». Haren kabuz sortu zuen enpresa, ez da Ekintzailetza zerbitzuaz baliatu, baina egiten duten lana goratu du. Goierriko Azoka plataformaren parte da gaur egun: «Iruditzen zitzaidan komunitateko parte izan behar nuela, oso proiektu interesgarria da».
44
Idiazabalgo enpresek proiektuan izan duten parte hartzea. Berrabiarazi proiektuko ekintza arlo ia guztietan parte hartu du eragile sozioekonomikoren batek. Elektromugikortasun estrategian lau izan dira; Enpresak eraldatu bat; Nazioartekotzean 10; Digitalizazioa Industrian 4; Enpresen dibertsifikazioan 6; Formakuntza saioetan 17; eta Goierriko Merkataritza Mahaian eta Goierriko Azokan bana.