Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Asko dira euskarak latinetik hartutako hitzak, eta horietako asko eta asko ezin gureagoak: zerua, pagoa, marrubia… Baina gutxi batzuk ere badira arabieratik jasotakoak: aldaba, alkandora edo azoka bera… Azken honek arabierazko zoco hitzean du oinarri eta merkatua esan nahi du, eta zalaparta… Denboraren poderioz eta, horren ondorioz, lehen Villaprankako peria zena Ordiziako azoka bilakatu zitzaigun; bakarren bati hitz euskaldunagoa iruditu, nonbait.
Gaztelaniak ez ditu hitz asko latinetik hartu: gaztelania latina da, izan, edo latinaren bilakaeraren emaitza, katalana edo portugesa bezala. Hizkuntza latinoak dira horiek guztiak. Ezin gureagoak horiek ere. Baina gaztelaniak, zalaparta eta zarata adierazteko, algarabia hitz gaitzesgarria erabiltzen du, eta hitz horrek, etimologikoki, zer, eta al‘arabiyya esan nahi du, hau da, arabiera!
Dena dela, hizkuntzen arteko harremanak, eta azokatik sortzen den nahasketa aberasgarriak biziarazi du gure hizkuntza, eta biziarazten gaitu gu ere. Airezko —eta haragizko— monumentuak dira hizkuntzak. Eta gaur egun zuzenean arabieratik itzultzen dugu euskarara. Hala bada, Durangoko Azokan eskura dauzkagu Mohamed Xukri marokoarraren Ogi hutsa, edo Alaa Al Aswany egiptoarraren Jakobian eraikina nobela.
Nagib Mahfuz Nobel saridunaren Mirarien kalezuloa eta Mila eta bat gauen gauak ere goza ditzakegu, baina irakurleak nekez jakingo du integrista batek Mahfuzi labankada bat eman ziola lepoan, esaten zituenak esaten zituelako. Eta, harrezkero, fisikoki ezinduta, istorioak lagun bati diktatu behar izan zizkiola, askotariko diktaduren eraginez. Baina euskal irakurleak nekez jakingo du liburu horiek kostata argitaratu zirela gurean: itzulpenak eginda zeuden, baina literatura agenteek argitaratzeko baimenik eman ez: «Nolatan itzuli terroristen hizkuntza horretan…?». Bai, latzak ziren garaiak, latzak egiak. Eta, hala ere, zuk zerorrek nobela horiek guztiak gozatu ditzakezu —eta nozitu— gaur egun.
Abdela Taia idazle marokoar paristartua gurean izan berria delako kontatzen dut hau guztia. Zure argitan bizitzea nobela ere —ama, Marokon, seme homosexualaren ikuspuntutik— haren aurreko hiru eleberriak bezala, Durangon daukagu eskura, edo Lazkaon, edo Goierriko gainerako azoketan.