Gari bezala ezagunagoa da Iñaki Igon Garitaonaindia Murgiondo (Legazpi, 1963), eta Gariren izena pil-pilean dabil azken asteotan bi gertakari garrantzitsu direla eta. Maldanbera taldearekin ateratako zuzeneko diskoa estreinatu berritan, aurkezpen biran murgilduta dabil Gari bakarlaria. Hertzainak talde mitikoko Gari abeslaria, berriz, taldearen behin betiko agurrerako kontzertuei begira dago.
Hertzainak bueltan da.
Bai. Orain esku artean daukagun hau oso garrantzitsua da, eta jasotzen ari garen erantzuna ikusita, taldearen oihartzunak noraino iritsi ziren konturatzen gara. Baina argi utzi behar da Hertzainak ez dela bizirik dagoen proiektu bat, hau ez da despedida bat.
Agurra ez bada, zer da orduan?
Hau da zirkunstantzialki sortu zen ideia bat, eta abiapuntua izan zen duela hiru urte Arriagan aurkeztu behar nuen disko berriak bat egin zuela Hertzainaken lehen diskoaren 35. urteurrenarekin. Josu [Zabala] osasunez gaizki zegoen une hartan, eta nirekin abestera etortzeko esan nion, bion artean Hertzainaki omenaldi txiki bat egiteko, eta berari ere bai, bide batez. Arriagako kontzertua 360 graduko formatuan egin genuen, eta publikoaren aldetik oso erantzun berezia jaso genuen, oso ona. Txispa bat sortu zen, eta txispa haren harira aukera gehiago aztertzen hasi ginen.
Nolako aukerak?
Hertzainaken omenaldiarekin jarraitzea pentsatu genuen, eta aukera egokiena iruditu zitzaigun Euskaldunan egitea, areto horrek kontzertuari merezi zuen garrantzia eta balioa emango ziolako. Musikaren munduko jende batzuk ez zuten ikusi, baina Euskaldunako arduradunek baiezkoa esan zutenez, apustua egin genuen denon artean. Eta erantzuna ikaragarria izan zen! Bi egunez bete genuen Euskalduna, eta gero Kafe Antzokia.
Hertzainak entzuteko gogoa zegoen.
Argi dago baietz. Baina emanaldi haiekin ez genuen lortu bakarrik publikoak ere parte hartzea taldeari egin nahi genion omenaldi txiki hartan. Oso inportantea izan zen, baita ere, Hertzainaken hamaika urteko ibilbideari, Hertzainaken liburu potoloari itxiera polit bat eta benetakoa emateko, eta elkarrekin egin genuen ibilbide hartan sortu ziren zauriak, dagoeneko itxiak zeudenak, baina gaizki itxiak, zauri haiek gainditzeko.
Baina ez zineten horretan geratu.
Ez. Normala zen bezala, Gasteizen amaitzea falta zitzaigun.
Zergatik Gasteiz?
Gasteizek lotura berezia du Hertzainaken proiektuarekin. Garai haietan ez zen oso normala horrelako talde bat justu Gasteizen sortzea, eta euskaraz abesten zuen Gasteizko talde batek jipoitzea Euskal Herriko kultura tradizionala guk jipoitu genuen moduan. Gasteizko azken urratsa falta genuen, baina pandemia etorri zen orduan eta alde batera utzi behar izan genuen. Pandemia amaitutakoan Gasteizekin genuen zor hori berreskuratu dugu, eta horretan gabiltz.
Gasteizen urtarrilaren 6an joko duzue baina aurretik, BEC-en bi emanaldi.
Abenduaren 16an eta 17an, eta horietan ere, jendearen harrera ikaragarria izan da. Euskaldunarekin nolabait prestigioa eman genion gure ibilbideari, eta hurrengo urratsa ahalik eta maila altuenera eramatea zen, eta gurekin batera, baita euskal kultura ere, gu ere euskal kulturaren parte bihurtu ginelako. Halako festa orokor bat izango dira hiru kontzertu horiek, gu izango gara protagonistak, baina azken finean, gure kultura izango da protagonista nagusia.
«Hertzainaken kontzertu hauetan denetarik izango da, nik uste dut belaunaldi arteko festa bat izango dela»
«Zuzeneko diskoa egitea pentsatu dugu badugulako sonoritate propioa, eta ukitu hori erregistratu nahi genuelako»
Ez zarete bakarrik izango.
Artista asko izango dira gurekin, BEC-eko bi saioetan eta Gasteizen, lehengokoak, oraingoak eta gerokoak. Gure historiaren parte izan direnak, gure ibilbidean bidai lagunak izan direnak eta izan ez direnak… Zaharragoak, gazteagoak… Jende asko izango dugu alboan, zerrenda oso luzea da.
Nolako publikoa espero duzue?
Gure garaiko publikoa bai, hasierakoa eta Aitormena abestiaren ondokoa. Lehenengo garaietan, nire aurrean nuen publikoa ni baino zaharragoa zen… eta Aitormena-ren ondoren, askoz ere gazteagoa. Kontzertu hauetan denetarik izango da, nik uste dut belaunaldi arteko festa bat izango dela. Gehienak 40 urtetik gorakokak izango dira, eta asko eta asko seme-alabekin etorriko dira. Polita izango da gure historia ixteko.
Nola iritsi zinen zu talde horretara? Nondik zatoz?
Gipuzkoako herri txiki batetik nator, Legazpitik, non, gu gazteak ginen garaian, inguruan genuen gizartea, gizarte itxi bat zen, alde batetik gizarte euskalduna eta beste batetik, euskaldunak ez zeudena. Nondik zatozen inportantea da, horrek markatzen zaituelako.
Nolakoa zinen zu?
Ni Legazpiko ikastolako lehen promoziokoa naiz, eta kaleumea. Herrian, gazte-gaztetatik izan nuen aukera ni baino helduagoak ziren artistekin harremana izateko, Carlos Ausserladscheiderrekin, Javier Larrearekin… Herrian bazegoen nolabaiteko mugimendua, eta gauzak elkarrekin egiteko gogoa genuen. Nik 14 urte nituen, eta orduan hasi ginen asteburuetan elkartzen lagunak, nire amama Cresenen Olaberriko baserrian lehenengo, eta Zurrantegi baserrian gero. Mugimendu haren harira sortu genuen Ziper.
Ziper, zure lehen taldea.
Bai. Santikutz jai batzuetan kuadrillan erabaki genuen musika talde bat sortzea, eta Los Babys taldekoek utzi ziguten eliza azpian zuten lokala eta materiala erabiltzen, baita Briesekoek ere… Gehienok musika jotzen bagenekien. Jon Azpiazu gitarrarekin hasi zen, bajista Ramon Lasa txistularia, baterian Mitxel Gurrutxaga, eta ni teklatuekin, solfeoa eta pianoa banekielako.
Zer gogoratzen duzu garai haietaz?
Oso gazteak ginen, eta ilusioa eta indarra azpimarratuko nuke. Garai haietan ez zeuden horrelako taldeak… oso giro arrotza zen hemengoa. Hala ere, gu ez ginen izan lehenak. Gero Itoiz bihurtuko zen. Indar Trabes taldeak Legazpin jo zuela gogoratzen dut. Eta bai, oso gazteak ginen, baina onak. Mandiope diskotekan egon ginen, euskal musikaren lehiaketa batean, une hartako euskal musikari ia guztiak bezala… eta flipatuta geratu ziren gurekin, ez zuten sinisten gu Legazpiko talde bat izatea. Herri txiki batekoak izanda, harresi erraldoiak apurtu behar dituzu, eta horrek indartu egiten zaitu. Nik uste dut hori adierazten genuela.
Ziperrek hiru urte oso emankor izan zituen, nahiz eta formazioa aldatu zen behin baino gehiagotan… Leku askotan jo genuen, eta 14-15 urte bakarrik izan arren, ia edozein musikariren parean geunden, oso jarriak geunden musika gaietan, batez ere Ausserladscheiderri esker, garai haietan lortzen oso zailak ziren diskoak entzuten uzten zigulako.
Nola sartu zinen Hertzainaken?
Kontzertu batean elkartu ginen, Oñatin. Taldearen barruan arazoak zeuden abeslariarekin, eta niri eman zidaten abesteko aukera. Hasiera batean ez nuen ikusten, besteak baino hamar urte gazteagoa nintzelako, ingurua… nahiko arrotz egiten zitzaidan dena. Baina gero motor istripu bat izan nuen, eta hark une hartan eman zidan egonkortasunaren ondorioz, Gasteizera joatea erabaki nuen. Orduan 19 urte nituen.
Hamaika urte egin zituen taldeak.
Gasteizera iritsi eta handik aurrerakoa ezaguna da. Etapa desberdinak izan genituen. Lehenengo diskoaren eztanda (Hertzainak, 1984) izan zen lehena, baina aurretik emaitza onik izan ez zuen casette bat kaleratu genuen, urteak pasa ondoren altxor bat bilakatu zena. Bigarren eztanda etorri zen gero, Aitormena abestiarekin, eta horrekin publikoa aldatu zen erabat. Belaunaldi aldaketa sumatu genuen, eta kristoren jendetza etortzen hasi zen gure kontzertuetara. Aitormena ereserki edo horrelako zerbait bihurtu zen.
Zer izan zen Hertzainak zuretzat?
Hamaika urte konplikatu egin genituen elkarrekin, eta orain distantziarekin ikusten ditut. Ni oso gaztea nintzen, eta kanpotik iritsi nintzen Gasteizera. Taldea osatuta zegoen, eta niretzat konplikatua izan zen sartzea. Eta konplikazio hori areagotu egin zen lehen diskoa kaleratzean, oso epe motzean igaro nintzelako taldera azkena iritsi zena izatetik publikoarentzat taldeko aurpegia izatera. Horrela izaten da normalean, eta normala izaten da, baita ere, kantariek alkoholarekin edo drogarekin arazoak izatea, nik bezala.
Zer gertatu zitzaizun?
Guk egin genuena ikaragarria izan zen, eta horretarako prestatuta egon behar da, eta ni ez nengoen prestatuta, ez ni ezta besteak ere, baina haiek beste modu batean bizi izan zuten guztia. Orain denborak ematen duen distantziarekin ikusten dut dena, eta atzera begiratzen dut, gehienbat jakiteko zer gertatu zen eta zergatiak. Niretzat ikasketa inportantea izan da hori aztertzea. Nik arazo pila bat izan nituen, oso urte latzak bizi nituen, batez ere taldea desegin eta gero, eta arazo horiek gainditzen atzera begirada horrek lagundu dit.
Gaur egun harro sentitzen naiz, pasarte askorekin halako sentimendu kontrajarriak ditut, baina guzti horren emaitza naiz, eta oso gustura nago, oso gustura sentitzen naiz orain.
Eta oraingo Garik, Hertzainak bukatu eta gero sortu zen bakarlari gisa jarraitzen du.
Bai, eta 27 urteko ibilbidea egin dut. Oraintxe kaleratu dut Areria, Arriaga, Muxikebarri, Seminarixue. Zuzenean 2022 izeneko diskoa, lau leku horietan grabatutako hamasei abestiz osatuta, eta bakarlari bezala egindako ibilbide horri errepasoa egiten dio. Hainbat etapa izan ditut, artistikoki, musikalki, sonoritateen aldetik desberdinak izan direnak, eta lehen esan dudanaren harira, nire lanek oso ondo adierazten dute zein egoeratan nengoen momentu bakoitzean. Beraz, azken disko hau nire ibilbide pertsonalaren errepasoa ere bada. Amets abestiarekin hasten da, kanta desesperatu bat da hori, eta hortik aurrera, badaude une argitsuagoak eta ilunagoak… denetarik. Baina azkenaldian, bizitzaren aurrean lasaitasunez posizionatzen den artista bat bezala sentitzen naiz.
Zergatik egin duzu orain zuzenekoa?
Zor bat da. Aspaldi finkatu nuen nire proiektua Bilbon. Duela 16-17 urtetik, nire sare tekniko, artistiko eta musikal guztia Bilbon dago: Maldanbera taldeko musikariak, teknikariak, lokala… Eta azken urteetan, gu musikari bezala hazten joan garen heinean, gure proiektua ere hazten joan da, egonkortu egin da, eta sonoritate propioa izatea lortu dugu. Zuzeneko diskoa egitea pentsatu dugu badugulako sonoritate berezi bat, eta orain dugun ukitu hori erregistratu nahi genuelako. Oso gustura geratu gara lanaren emaitzarekin.
Aurkezpenean murgilduta zaude.
Bai, Bilbon aurkeztu nuen azaro hasieran, Arriagan, eta egin ditut emanaldi batzuk. Durangon ere izango naiz, noski, eta etorriko dira saio gehiago gero. Baina orain okerrena dator, Hertzainaken erritmoak eta Gari Maldanberarenak uztartzea eta lantzea, eta oso zaila izaten ari da. Hertzainakena tsunami bat da, ikaragarria da dimentsioa. Gari Maldanberarena beste liga bat da, eta ni erosoago sentitzen naiz beste dimentsio honetan. Maila apalagoan, Legazpin ibiltzen nintzenean bezala, kultura zirikatzen eta astintzen jarraitu nahi dut.
Legazpiarra sentitzen den bilbotarra
Gari Legazpin jaio eta hazi zen, eta legazpiartzat du bere burua, baina bilbotarra ere sentitzen da, «dualtasun hori izan dut beti nire bizitzan», dio. Izan ere, urteak dira Bilbon bizi dela, eta gaztetxoa zela ere, astea igarotzen zuen hiri horretan, gurasoekin, haiek lanean familiako Maga haurrentzako dendan, eta bera ikasten, «mojetan, eta Legazpin Arantxa Rodriguezekin hasi nituen solfeo eta piano ikasketa haiekin jarraitu nituen». Asteburuetan Legazpira joaten ziren, eta horregatik mantendu zuen kuadrilla, gaur egun ere oraindik mantentzen duena.
Bilbon du gaur bizitza Garik. Bere musika proiektua bertan ezarrita eta egonkortut
a du, batetik, eta bestetik, familia eta lana ere bai. Lana, Indautxu auzoko Atxukarro kalean duen negozio txiki batean du, hiri erdi-edian. Kokorilo izena du, eta bertan haurrentzako arropa eta bestelako materiala saltzen du, gurasoen eta familiaren denda hari keinu eginez edo.
Etxekoak eta lagunak ere inguruan ditu. Eta lagunekin, bizikletan ibiltzea gustatzen zaio, mendiko bizikletan zein errepidekoan. Badu irteerak egiteko talde bat, gainera, dendatik gertu dagoen Indusi taberna eta erretegian egoitza duena, eta haren izena daramana, Indusi Basque Team. Instagramera igo izan ditu inoiz bizikleta gaineko abentura horiek.
Instagram aipatuta, badu kontu bat @garimaldanbera izenarekin, baina ez du berak eramaten, «ez nago horretarako» aitortzen du, «ez dut nahi ere, nik anonimoa izan nahi dut, eta nire bidetik ibiltzea». Azken hilabeteetan anonimotasun hori apur bat galdu duela dio atsekabetuta, Hertzainaken kontzertuen ondorioz bere eguneroko tokietan, «nire etxean», nabaritu duelako halako ikusmin bat bere pertsonaren inguruan.