Betidanik gustatu izan zait argazkilaritza. Gaztetatik izan dut kamera bat eskuetan eta herriko txokoak, paisaiak, pertsonak… nire inguruan mugitzen dena argazkietan gordetzea gustuko dut. Ataundarra izanik, izugarrizko zortea dugu bizi garen inguruneaz gozatzeko. Aralarren magalean egonik etxetik irten orduko naturarekin topo egiten dugu alde batera edo bestera jo.
Argazki hau 2017ko abenduaren 3an atera nuen. Urteko lehenengo elurte handia izan zen eta kamera hartuta mendi buelta bat eman nuen. Zenbat aldiz egin dugun Lizarrustitik Lareorako buelta, pagadi artean, harkaitzean zulatutako tunelak igaroz. Urteko edozein urtarotan egiteko ibilbide atsegina izan arren, niretzat elurrez jazten denean dago dotoreen.
Datu teknikoak
Nikon D5100 • 18mm • f/9 • 1/320s • ISO100