Antonio Berasategi
Gure leku izenetan lehenago hizkuntzak zituen hitz batzuk nola gorde diren ikusi genuen aurreko artikuluan. Hitz horiek bere garaian toponimoak sortzeko erabili bai, baina, gerora, ahozko tradiziotik ezkutatu eta galtzera egin zuten.
Hitz horiek ez dira gureganaino heldu ahoz aho. Bere kultura nagusiki eskolaz besteko bideetatik eta komunikabide modernoez baliatu gabe osatu duten belaunaldiez ari gara, jakina.
(h)aran
Ez dut uste gure ahozko ondare tradizionaleko hitz ezaguna denik. Eta, hala ere, toponimian barra-barra azalduko zaigu, nonahi. Aspaldiko garaietan, toponimo horiek sortu zirenean, hitz oso erabilia izango zela esaten digu horrek.
Hona adibide bat edo beste: Aiestaran (Zaldibia); Aranaundi (Idiazabal); Aranburu (Beasain, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Zumarraga…); Aranbeltz (Olaberria); Arangoiti (Gabiria, Itsaso); Aranguren (Olaberria, Zumarraga); Arriaran (Beasain); Astiazaran (Beasain, Gabiria); Berrara(i)n (Ataun, Idiazabal); Igoaran (Gabiria); Legazpiaran (Legazpi); Lenkaran (Mutiloa); Sagastiberriaran (Ormaiztegi); Urbizuaran (Mutiloa); Urtsuaran (Idiazabal)…
igera / igara
‘Errota’ dugu gure ahozko ondareko hitz tradizionala. Baina, hala ere, toponimo zahar batzuetan beste euskalki batzuetan orain ere erabiltzen den ‘ei(h)era /ei(h)ara’-ren kideko ‘igera/igara’ ageri da: Igaraberri (Zumarraga); Igarondo (Idiazabal); Igeralde (Legazpi); Igeribar (Gabiria).
Azken batean, izenaren forma horiek guztiak ‘e(h)otu’-rekin daude lotuta. Goierri aldean kontserbatu diren izen horiek, beraz, hizkuntzak garai hartan zuen batasun handiagoa erakusten dute behin-berriro.
gibel
Ezaguna eta erabilia dugu, bai, ‘gibel’ Goierriko hizkeran. Toponimo zaharretan ere ageri da, baina guretzat zentzugabeak dira, hitzak orain duen adiera aplikatuz ulertu nahi baditugu behintzat. Izan ere, Gibelola (Legazpi) ezin baita izan «gibela (egiten?) zuen ola» edo antzeko zer edo zer; kidekoa dugu Olazargibel ere (Idiazabal). Izen horien esanahia ulertzeko, Lezo eta Hondarribi arteko Jaizkibel ezagunari begiratzea dugu onena: «haitz gibel» hori mendi malkarraren atzealdea da (itsaso aldera dagoen isuria ez, bestea baino), hau da, halako maldarik ez duen bizkarra. Beste euskalki batzuetan atzea adierazteko erabiltzen dute orain ere ‘gibel’ hitza (‘gibelean dago’ = ‘atzean dago’).
Edo, adiera galdu hori hobeto ulertzeko, begiratu hain aipatua den ‘gibelurdin’-ari. Gibelurdinak ez dauka gibelik, ez horixe, baina ez al dauka, bada, bizkar urdina?