Irati Goikoetxea Asurabarrena • Idazlea
Jose Luis Otamendi. Banuen zurekin topo egiteko gogoa. Pasa den astean gertatua. Sartu naiz Iruñeko Arrosadia auzoko liburutegian eta Eleder berarentzako liburu bila bidali dudanean, laukizuzen eta hori harrapatu egin nauzu. Zuk tira eta nik heldu. Landura, aurtengo irailean argitaratutako lan berria. Liburuzainak barre egin dit, «Aurrea hartu didazu, gaur liburu hori etxera eramateko asmoa nuen». Eta nik heldu egin diot liburuari, «Ez didazu ihes egingo». Irribarre egin diot liburuzainari. «Irati, zu zara liburua maileguan hartzen lehena». Eta nik heldu egin diot liburuari. Ederra da oso erabilia dagoen liburutegiko liburu bat esku artean hartu eta bere baitan biltzen duen usain-festan sudurra sartzea. Liburuak lehen usaina nirea izango duela jakitea, ordea, izugarri gustatu zait. Heldu egin diot, eutsi, eta motxilara zuzenean.
Landura. Lana nabari da hitzetan, eta ura. Gogortasuna, eta aldi berean irristada; pausa eta ibilia, nekea eta atsedena. Kanpoaren eta barruaren artean osatzen den ur-pelikula nabari da lerro-artean. Begi hutsez ikusteko jarrera eskatzen du horrek, ordea; ihes egingo dizu bestela, urak eta pelikulak. Sarri begirada zorroztea ez da nahikoa irakurtzen dugun hori sentitzeko. Eta poema on batek hori merezi du: irakurleak irakurri duena sentitzea.
«Ez bizitzea zen normalena / ez jaiotzea ez hiltzea…» dio Jose Luisek bere azken laneko azken poeman. Eta bai, ez bizitzea zen normalena, baina jaio ginenez gero, segi dezagun punturik gabeko poema jarraietan atseden hartzeko leku bila. Aurkitzen badugu, zoriona hor topatuko baitugu. Eta merezi izango du jaio izanak.