Miren Gallastegik (Segura, 1985) Europar Batasunak finantzatutako EIT Jumpstarters programako lehiaketan 3. saria lortu du, New European Bauhaus kategorian, Hiriki proiektuarekin. Arkitektura eta ingeniaritza industriala uztartuz, era batera edo bestera moldatu daitezkeen gelak eraikitzeko aukera planteatu dute, pareta mugikorren bidez. Krakovian (Polonia) izan da lehiaketako finala.
Hirugarren saria lortu duzue Hiriki proiektuarekin Jumpstarter Europako lehiaketan. Zer moduzko esperientzia izan da?
Oso ona. Oso akonpainamendu ona egin digute. Talde pilak eman genuen izena, 610 bat talde apuntatu ginen eta 210 sartu ginen entrenamendu bootcamp saiora. Maiatza eta ekaina bitartean formakuntza eman ziguten, aurkezpena prestatu ahal izateko, eta ekainean lehenengo froga izan genuen. Prestakuntza horietarako gure mentoreak eduki ditugu, arlo ezberdinetan. Ekainen pasa ginen 210 izatetik 100 izatera, eta gero urrira arte beste formakuntza bat izan dugu. Finantzak, negozio planak, merkatua, marka erregistroak, aurkezpenak egitekoak… prestakuntza ezberdinak izan ditugu. Urrian entregatu genuenarekin finalera pasa ginen. 42 talde aukeratzen ziren eta final aurretik berriz formakuntza eduki dugu. Oso programa konpletoa da.
Zer da Hiriki?
Guk proiektua ikusten dugu ingeniaritza arkitekturako estudio bat bezala. Egoitz Iturrixa nire senarrarekin batera garatu dut. Lehiaketa honetara aurkeztu gara ikusita gaur egungo etxebizitza askok ez diela gaur egungo arazoei erantzuten. Planteatzen duguna da tabike mugikor batzuekin behar denean gela bat jartzea eta behar ez denean desagerraraztea. Alderdi horretatik espazio txikiagoa izanda, merkatu egiten zaizu eta lokalizazio hobeagoa bilatzeko aukera izan dezakezu. Era berean, azalera txikia izanda, gastuak jaitsi egiten dira, eta tabikeak mugitzea lortzen badugu obra gutxiago egingo dira eta hondakin gutxiago sortuko dira. Beste ikuspuntu bat hau izan daiteke: bikote bat, seme-alabak dituenak, emantzipatu eta gela hori erabili ahal izateko, tabikea atzera botako litzateke, edo seme-alabak datozenean, gela bat egiteko tabikea jarri. Malgutasun horri erantzun ahal izateko proiektua da. Hiriki estudio bezala nahiko genuke ingenieritzako ezagutzak arkitekturara aplikatuta lan egitea.
Espazio txikietarako izango litzateke.
Bai. Europa mailan eta hiri handietan izugarrizko arazoa dago. Azalera txikietan bizi da jendea, eta azkenean gela batean dago etxebizitza osoa, komuna aparte utzita, beste dana bat da.
Lehiaketarako sortu duzue proiektua, zerotik?
Nik gradua Madrilen ikasi nuen eta bertako lagun batek esan zidan lehiaketa hau irten zela, eta apuntatzeko. Nik ezer ez neukan, estudioa amets bat zen eta masterra bukatu behar nuen lehenago… azkeneko egunean apuntatu ginen, apirilaren 11n. Eta ahaztu. Maiatzean iritsi zitzaigun email bat, hautatuak izan ginela esanez.
Proiektuaren ideia gustatu zitzaien.
Arkitektura slow deitzen zena egin nahi genuela, esperientzia edo babes bat, emozio berezi bat duen arkitektura bat, lasaitzen laguntzen dizuna. New Bauhaus kategorian enkajatu genuen eta bide hori egiten ari gara orain.
«Arkitektura slow egin nahi genuen, esperientzia edo babes bat, emozio berezi bat duen arkitektura»
«Orain prototipoa eraiki behar da, eta ideia horrek benetan funtzionatzen duen ikusiko dugu, hobekuntzak planteatu»
Badago horrelako produkturik?
Ikusi genuen badaudela produktuak eta estudioak honetan lan egiten ari direnak, baina beste ikuspuntu bat izaten dute. Mugitzen diren altzariak dira gehiago, paretak baino. Guk ez dugu armairua edo ohea mugitzen, baizik eta pareta mugitzen dugu. Paretak, tabikeak mugituz, etxebizitza aldatzen dugu.
Orain zein da asmoa? Proiektua aurrera eramango duzue?
Orain prototipoa eraiki behar da, eta ideia horrek benetan funtzionatzen duen ikusiko dugu. Hobekuntzak planteatuko ditugu. Guk, honez gain, lan egiten dugu zortzi orduz, aparte masterra ikasten ari naiz, eta aparte hiru urteko alaba daukagu. Orduan egokitzen ibili behar izaten dugu. Abenduan eta urtarrilean prototipoa lantzen hasi nahi genuke, eta gero ikusiko dugu. Beti ere lehentasunak betiko lana, masterra eta alaba izanda.
Estudioa sortuz gero, produktua eskaini ahal izatea aukera bat da?
Merkatuan sartzeko aukera ikusten genuen promozio berrietan sartuz, etxebizitza antolatuta dagoen modua eta beste, errazago ikusten dugu pareta hau bertan integratzeko. Beste etxebizitza batzuetan aplikatu ahal izateko ere etorkizunera begira pentsatu izan dugu, baina orain horiek dira garatu beharko ditugun bide ezberdinak. Lehenengo izango da produktu bezala promozio berrietan sartzea, eta hortik beste bide batzuk topatzen joatea. Hori, prototipoa ondo badoa.
Prozesu luzea izan da. Harremana izan duzue beste partaideekin?
Bigarren geratu zirenekin, bai. Haiek museoetako aldi baterako erakusketetako hondakinak jaso eta berriz erabiltzea planteatzen dute, beste aldi baterako erakusketa batzuetan, egokituta. Formakuntzak eta bilerak online egin ditugu, kontaktu fisiko horren gertutasuna ez dugu eduki, baina azkenean finalera iritsi ginenok elkar ezagutzen genuen. Oso jende jatorra topatu dugu, aurrera begira ere kolaboratzeko. Gehienak ikerketa mundutik datoz eta zalantzak elkarbanatu ditugu.
Prozesutik oso interesgarria iruditu zaigu aurreko urteetan irabazi zutenek hitzaldiak egin zituztela. Dena oso motibatzailea da nola segi ikusteko. Programatik segimendu txiki bat egiten dute aurrera begira.
Merezi izan du azken egunean aurkeztutako proiektuak. Esperientzia emankorra izan da.
Lagun honek bultzada eman zidan eta hona iritsi gara. Ekonomikoki ere laguntza ematen dute, bigarren fasera pasatzen zarenean aholkularitza, edo patentea egin behar duzula, edo marka erregistratu edo feria batera joan. Azkenean finalera Krakoviara joatea… motibazio handia jartzen dizute saiatuz gero. Sari ona izan da jada finalean egotea.