Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
Joan den urrian, talde ekologista bateko bi ekintzailek, Londreseko National Galleryn, ke-tchup pote bat bota zioten Vicent van Gogh-en Ekilore margolanari. Taldearen izena Just Stop Oil da. Niri Guy Debord (1931-1994) eta situationniste mugimendua gogora arazi didate. 1931ean Parisen familia burges baten jaio zen. 1951ean, Groupe Lettriste-rekin harremanetan, artea gainditu eta bizitza goresten saiatu zen. Zortzigarren artea eguneroko bizitza da, norberaren bizitza artelan bat bihurtu eta antzeko esloganak zabalduz. Korronte horren eboluzioaren ondorioz, International Situationniste 1957ko udan sortzen dute. Gehienbat arte mundutik datozen pertsonak osatuta.
Guy Debordek 1967an La societe du spectacle argitaratu zuen. Esplotazioaren baldintza modernoen kritika zorrotza. Ikuskizuna da klaseen arteko errealitatea ezkutatzen duen mekanismoa. Menperatzeko era honen bitartez, kapitalismoak jada ez dauka tirania bat ezarri beharrik. Ikuskizunaren modaren bitartez, itxurak menperatutako mundu bat ezartzen du, eta erabatean nagusitzen da gure arimetaz. Eta, horren aurka, eguneroko bizitzaren iraultza besterik ez dago. Situationniste-ek errebolberra zorrotik atera eta kultura-arteari apuntatzen diote. Opio Nagusia: merkantzia bihurtutako kultura da.
1968ko maiatzean, Pariseko hormetan margotu ziren kontsigna poetiko gehienak idatzi situationniste-tatik ateratzen dira. Garai haietako anarkistekin batera, jolas-agitazio eratan oso trebeak ziren: iskanbila, tomate eta arrautza jaurtiketa, panfleto zaparradak. Hura izan zen beraien unerik gorenena. Garai hartako talde eta korronte asko bezala XX. mendearen bukaerak irentsi zituen. Debord berak, 1994ko azaroaren 30ean, bere buruaz beste egin zuen, Champoteko bere etxean.
Ezizen ezberdinak egokitu zitzaizkien: ultraezkerra, probokatzaileak, koleratsu eta bortitzak. Etiketa guztiak botaz, iraultzaile zintzoak, galtzaile bikainak, kritiko eta sortzaile beldurgabeak, sektario neurotikoak, beti politikaren mugetan ideia berrien hazitegi mardulak. Pronostiko guztien aurka, mugimendu haien itzuleraren aurrean aurkitzen gara. Eta batik bat ekologia fronteetan daude beti. Zerbaitegatik, Van Goghen Eguzkilorearen zikintzaileei etiketa berriak jartzen hasiak gaude: pailazokeria bandalikoa, huskeria ideologikoa, argieginen amorru suntsitzailea, fanatismo eta arinkeriaren aliantza…
Behar bada, gaurko ideologia-mugimendu sakabanatuak mundu berri bat sortzea baino lehengoa erabat ez suntsitzearen asmoa dute. Baina ez dugu ahaztu behar gaur egun ere etorkizunaren erabateko ziurgabetasun horrek nahitaezko bihurtzen duela, askeago, justuago eta berdintasunezko gizarte baterako ezagutzen ez ditugun bide berrien bilaketa.