Euskara eta kulturartekotasuna lantzeko proiektu aitzindaria martxan dute Zaldibian. Iaz abiatu zuten, eta sistematizazio fasean dago aurten. Agente desberdinen elkarlana da proiektuaren indarra, eta hortik lortu dira dagoeneko hainbat emaitza. Beste herri batzuentzat ere eredu dira.
Euskararen arnasguneetako bat da Zaldibia, eta horri eustea da herritar gehientsuenen nahia. Euskaraz bizitzea da bertako bizilagunen desioa, euskaraz harremantzea. Eta hain zuzen ere, euskara, erdigunean jarrita, kulturartekotasuna lantzeko proiektu aitzindaria martxan dute, herriko agente guztiak elkarlanean; Lardizabal Herri Eskola, Ausa Gaztelu Guraso Elkartea, Etxekonekok Elkarbizitza elkartea, Zaldibiako Udala… baina baita Uema eta Huhezi (Mondragon Unibertsitatea) ere, proiektuan elkarlanean ari dira. Momentuz, egindako urratsek emaitza «positiboak» izaten ari direla nabarmendu dute aipatutako agenteek. Emaitza onen isla bezala, beste herri batzuetan ere proiektua abiatu dutela aurreratu dute.
Azken urteetan aldaketa demografiko nabarmenak ematen ari dira herri eta hirietan. Migrazio mugimenduek orain arte ezagutzen ez zen aniztasuna ekarri du gure kaleetara. Goierrin ere nabarmena da, oso. Herri hazienen artean Ordizia da migrazio mugimendu hori hein handiago batean jaso duena. Herri txikiagoen artean, Zaldibia da migrazio tasarik handienetakoa duena. 2021 urtera arte jasotako datuen arabera, ia populazioaren %15ak, beste herrialde bateko nazionalitatea du Zaldibian.
Herriko argazkia hori izanik, beste era batean ez zitekeen moduan, Lardizabal Herri Eskolan ere nabaria da demografia aldaketa. Zaldibian, eskola bakarra baitago, beraz, bertan ikasten dute herrian bizi den edonoren seme-alabak. Eider Amundarain Lardizabal Herri Eskolako zuzendaria da eta bizikidetza eta euskara uztartzen dituen proiektuaren nondik norakoak ulertarazteko hainbat gako eman ditu: «Beste herrialde batzuetatik etorritako familien kopuruak gora egitean herrian, egoera hori eskolan ere gero eta nabarmenagoa zen, eta horrek, hau da, kultura eta herrialde aniztasunaren handitzeak, familiekiko hizkuntza trataeraz kezka bat sortu zuen, eta hortxe dago proiektuaren abiapuntua, hain zuzen ere».
Egoera zen «beste herrialde batzuetatik etorri diren familiekin euskaraz komunikatzeko zailtasun bat zegoela,eta eskolatik familien arteko harremanak sustatu eta indartu nahi ditugu, guretzat oso garrantzitsua baita eskola osatzen duten familia guztien parte hartzea, baina euskara erdigunean jarriz», gehitu du Amundarainek.
Gurasoen arteko harremanak
Soluzio baten bila prozesu luze bat abiatu zuten. «Hueziri aholkua ere eskatu genion, hainbat bilera egin eta identifikatu genuen nola egin gelako bilerak, nola egin gurasoekiko komunikazio idatzia, nola egin guraso elkartearekin telefono bidezko komunikazioak…». Horretarako, «talde eragileak sortu, harreman eta hizkuntza estrategiak garatu, partekatu eta aplikatu» dituzte.
Pixkana-pixkana, betiko egiteko moduak egokitzen joan dira, bizikidetzaren alde, eta euskaraz. Adibidez, eskolan, gurasoekin egiten diren bileretan, gaztelerara jo beharrean edo bilera bat baino gehiago egin beharrean, «aldi bereko itzulpena egiten da, euskaraz ez dakitenentzako». Esku-eskura dauden teknologiak erabil egiten dituzte, mugikorra erabiltzen dute horretarako. Horrek ahalbidetzen du, bilerak euskara hutsean egitea, baina euskara ez dakienak ere parte hartu ahal izatea.
Felicia Tome Guraso Elkarteko ordezkarietako bat da. Errumaniakoa da jaiotzez, eta duela 15 urte iritsi zen Euskal Herrira. Beasainen denbora labur batean bizi ondoren, Zaldibian asentatu zen. Beasainera iritsi zenean konturatu zen gazteleraz gain beste hizkuntza bat ere hitz egiten zela bertan. Momentuan ez zion aparteko garrantzirik eman, baina poliki-poliki konturatu zen euskarak duen presentziaz, batez ere, Zaldibia bezalako arnasgune batean. Tome, euskara ikasten ari da orain, ulertzeko gai da, hitz egiteko zailtasun gehiago du, baina ahalegina egiten du.
Dena den, eskertzen du proiektu hau martxan jarri izana; «honi esker eta erabiltzen ari garen erreminten bidez, elkarbizitza, elkar ulertzea, eta harremanak hobetu direlako, bertako hizkuntzatik, euskaratik».
Alaitz Sarasola ere Guraso Elkarteko ordezkaria da. Herrian eta eskolan bizitzen ari diren errealitateak kontutan izanik, «nolabait moldatu beharra genuen eta informazioa denontzat irisgarria egin» adierazi du, eta segidan, aitortu du hasiera batean, «kontzientzia hartzea kosta egin» zela, baina «behin ondoan hizkuntza mugak dituen bizilagun edo guraso bat duzunean, orduan konturatzen zara harremanak errazte aldera eta elkarbizitzaren alde urratsak ematea guztiz beharrezkoa dela». Orain arte lortutakoarekin, «gustura» agertu da.
Proiektu honetako beste eragileetako bat da Etxekonekok elkartea. Karmen Irastorza elkarteko kideetako bat da. Zaldibian dauden puntura iristeko bidea gogoratu du; «hona iristeko, aurretik ere, beste hainbat ahalegin egin ziren, familia askoren egoera zen, eskolatik bidaltzen zizkieten etxeko lanekin laguntzeko zailtasunak zituztela, eta boluntario sare bat sortu zen, astean behin euskara indartzeko eta etxeko lanekin laguntzeko. Udalak ere euskara indartzeko laguntzaile bat jarri zuen,… Baina laguntza horiekin ere atasko bat zegoen. Nola parte hartuko dute parte ez badute ulertzen?». Bide horretan «bitartekoak jartzea guztiz beharrezkoa zen», azpimarra egin du Irastorzak. Etxekonekok Elkarteko kideak, guztiz inplikatu dira orain arte osatutako bidean, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko konpromisoa berretsi du Irastorzak.
Sistematizatzeko fasean
Bizikidetzaren alde eman diren urratsak emaitza «positiboak» izaten ari direla nabarmendu dute denek. Iazko ikasturtean jarri zen martxan proiektua, hau beraz, bigarren urtea da. Iazkoa, «esperimentazio» fasea izan zen. Hori gaindituta, proiektua «martxa onean» ari da eta bigarren ikasturte honetan, «sistematizatzen ari gara», adierazi dute agente desberdinek. «Errazena izango zen bi talde egitea, bi bilera egiteko, bata euskaraz eta bestea gazteleraz, baina hori ez da aukera bat», nabarmendu du Lardizabal Herri Eskolako zuzendariak. Orain arteko esperientziatik ikasi, hutsuneak detektatu, eta ahulguneak indartzeko lanean jarraitzeko kemena erakutsi dute.
Proiektu aitzindari guztietan gertatzen den bezala, hemen ere, hobetzeko gauzak badaude ere, «ikusgarriak» dira dagoeneko hainbat «aurrerapauso». Nabarmendu dituzte, «ikasturte hasirako gela bilerak» adibidez, «askoz ere parte hartzaileagoak dira». «Harremanak sustatze aldera, talde dinamika eran planteatzen dira gurasoekin bilerak, ez dira irakaslearen hitzaldi soil bat, bilerara inguratzen direnen parte hartzea sustatzen da eta lortzen da harremanak sortzea», azaldu dute.
Positibotik gehiago ere eman du. Orain arteko urratsei esker, konturatu dira, urtebetean bakarrik «lehen baino jende gehiago inguratzen dela bileretara», beraz, lanak ongi egiten ari diren seinale.
Horrelako emaitzek, «lanean jarraitzeko gogoa indartzen dute».
Esperientzia zabaltzen
Uemakk aurkeztu dituen azken datuen arabera, egoera ez da arrosa kolorekoa. Herri euskaldunenetan ere euskararen erabilera galtzen ari da. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak azaro erdialdean argitaratu zuen egoera soziolinguistikoaren azterketa, urrian Eustatek kaleratutako Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuan oinarrituta. Ondorioa, garbia bezain gordina da euskararentzat: atzeraka segitzen du.
Galera oraindik bortitzagoa da udalerri euskaldunenetan (euskararen indizea %80tik gorakoa dutenak) %90eko ezagutzarekin, erabilera %81ekoa zen 1991n; 2021ean, %84ko ezagutzarekin, %59koa zen erabilera.
Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok hiru sentipen adierazi zituen, udalerri euskaldunetan euskara jasaten ari den beherakadaren uholdearen aurrean: kezka, lana eta ardura.
Egoera irauli nahi bada, lanean jarraitu behar da. Beti ere, oso konsziente izanik zein den herriaren argazkia. Zaldibiako esperientzia, urrats garrantzitsua da eta euskararen arnasgune diren beste herri batzuentzat erreferente bilakatu da. Garikoitz Goikoetxea Uemako ordezkariak azaldu duenez «Zaldibiako esperientziatik ikasteko gerturatu» ziren, eta ikasturte honetan «beste lau herritan ari dira iaz Zaldibian egin zena egiten; Leitzan, Ondarroan, Aizarnazabalen eta Ibarran». Asmoa da, hurrengo ikasturtean «zabaltzen joatea».
Azpeitian, Tolosan, Villabonan ere neurri txikiagoan, baina martxan jartzen ari dira eskoletan, Telegram plataforma erabiliz, eskolako bileretan aldi bereko itzulpena erabiltzen ari dira. Horrelako aldaketak egiten hasi dira, eta hurrengo ikasturtean, gehiago iritsiko dira, «jasotzen ari garelako kontsulta mordo bat. Kezka hedatua da, eta Zaldibiako esperientziatik edan nahi dute beste leku batzuetan ere».
Pentsatu eta aplikatu
Harreman eta hizkuntza estrategiak garatu dituzte Zaldibian, ondoren komunikatu, partekatu, aplikatu eta aztertzeko. Kronograma bat ere osatu dute.
- Egituraketa. Lehenik eta behin, proiektuan parte hartu duten erakunde guztietako ordezkariekin talde eragile bat osatu dute prozesua definitu, proposatu, gidatu eta koordinatu ahal izateko. Bestetik, talde hedatua osatu dute, kontraste lanak egiteko.
- Helburua. Egitasmoaren arduradunen arabera, proiektu honen bidez Eskola Komunitatean euskaraz bizitzea eta, aldi berean, euskara ez dakitenekiko komunikazioa eraikitzea lortuko da, elkarlanetik beti ere.
- Erremintak. Orain arte erabili dituzten erreminten artean daude, bileretan aldi bereko itzulpena egitea. Modu horretan bilerak euskaraz egiten dituzte, ulermena bermatuz.
Amelia Barquin: «Ausartak izan dira, langileak, eta esperimentatzeko prest agertu dira»
Huheziko ordezkari Amelia Barquinek proiektuaren inguruko balorazio «oso positiboa» egin du. Esperientzia honetan estrategia batzuk jarri dira martxan eta «ikusi da onuragarriak» direla, «helburu batzuk lortu direla». Horietako bat da, «euskaraz bizi nahi dugu eta aldi berean euskaraz ez dakitenak informatuta egon behar dute, parte hartu behar dute… nolabait elkarbizitza bermatu behar da gurasoen artean».
Martxan jarri diren estrategiak «oso ondo baloratuak izan dira, bai talde eragilean gaudenon aldetik, bai beste gurasoen aldetik». Ikusi da gainera aurrera jarraitzeko behar bat eta erabaki dute «jarraitzea beste alderdi batzuk ukitzen».
Barquinek azpimarratu du «herri oso baten inplikazioa» izan dela, «ausartak izan dira, langileak, esperimentatzeko prest agertu dira». Azpimarratu nahi izan du eskolako zuzendariaren «lidergoa eta inplikazioa». Ez du zalantzarik, «pertsonen inplikazioa izan da gako garrantzitsu bat».
Era berean, «zortea» izan da, «eskola bakarra dagoela eta eskola horretan dagoela jende guztia». Eskola herriaren «isla» da eta hor sortzen diren egoerak kudeatu egin behar dira. «Gauza batzuk problematizatu egin dira, irtenbideak bilatu dira, martxan jarri dira, probatzen ari dira eta ebaluatzen ari dira». Eta hori da «oso positiboa» Huheziko ordezkariarentzat. Alegia, «ikastetxe gehiago baleude eta ikasle autoktonoak hemen eta etorkinak han, ez da problematizaziorik eta ez da ezer konpontzen». Hori «larriagoa» da, «ez dira bideak eraikitzen».
Kasu honetan, «aurkitu dugu esperientzia pilotu hau aurrera ateratzeko oso leku aproposa; eragileak ekimentsuak, eta eskola bakarra non denak elkarrekin dauden».
Hain zuzen ere, Barquinek uste du «euskararen etorkizuna dago lotuta solidaritatearekin eta elkarbizitzarekin». Eta hemen hori nonbait bazegoen; « euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugu baina ez dugu jendea atzean utzi nahi. Guraso batzuk ez dute ikasi eta agian ez dute ikasiko, baina hemen ume guztiak dira euskaldunak. Familia bat behar dute atzean enteratuta dagoena, ondo tratatua sentitzen dena, euskararekin eta nahiz eta ikasi ez, euskararekin jarrera ona garatzen duena. Zeren hori ere umeei transmitituko zaie etxean».
Elkarbizitza kontuan hartzen ez denean «agrabio txikiak» sortzen dira. Zaldibian sentitu dute jarrera batzuk «bigundu» direla, agrabio batzuk «leundu» direla.
Azpimarratzekoa ere egon den klima edo giroa. «Hasieratik esan genuen ez dagoela konponbide perfekturik. Gu ez ginela joango errezetak eramatera. Prozesua gorabeheratsua izango zela, gauza batzuk aterako zirela hobeto eta beste batzuk ez hain ondo, baina jarraituko genuela ikasteko. Ondo ateratzen ez ziren gauzak umore onez hartuko genituela. Beste emozionalitate bat edo beste giro bat jarri nahi genuen. Beste giro batzuk probatuta daude, malguak izatea».