Jonmikel Intsausti • Lazkao-Zumarraga
Lazkaoko Biona-Berri etxean jaio nintzen, tira! ez da egia, Sanmigel klinikan garai hartako haur asko bezala. Zortzi urte bete arte Lazkaon bizi nintzenez, eta hurrengo bospasei udatan ere bertako lagunekin pasa, gogoan ditut oraindik txikitan han bizitako kontu ugari: musua belztuta zakuak zekartzan ikazkina, medikuaren Citroen marrazo autoa eta kaxa metalikoan zituen orratz lodiko xiringak, ferreteriko Celestinok belarri gainean zeraman arkatza, Auzatarren kamioia, San Inazioko Rita musugorriaren ultramarinos-ean egindako erosketak –a! amona Joxepak ondo errepasatzen zituen Ritak papertxoan egindako suma eta bueltak–, auzoko Tese zakur beldurgarria, ikastolan oker portatuz gero praktikantak xiringez egindako mehatxuak, dolarrean pasatako jolas-ordu luzeak, Marianjelesen baratzea, Garmendiatar lehengusuen Dodge auto eta autobus-denda, eta Altuna-eneko Modestok paseoan zebilela oihu egindako «¡una peseta!».
Gogoan ditut ere neguko egunsenti lanbrotsuak, eta soilik begiak agerian uzten zien kapa luzez jantzita, San Inazio auzotik beherantz pedalkada monotonoan, CAFerantz bizikletaz abiatzen ziren langileak. Bestela ohituta gaude orain; gure aitak esaten zidan gazte izanik egunero joaten zela bizikletaz Beasainera trena hartzeko; Zumarragan Orbegozon lan egin ondoren, era berean itzultzen zen etxera. Aita eta osaba umezurtz geratu ziren txikiak zirenean aitona Joxerramon hiltzean; amona Joxepak aurrera atera behar izan zuen familia eta arropa saltzen ere aritu zen Zumarragako ferian. Ezin dugu ahaztu Norteko trenak egituratu duela eskualdeko jarduera.
Lazkaoko San Benito ikastolan igaro nuen haur-eskolaldia; guk estreinatu genuen eraikin berria, aurretik adreiluzko paretak zituen erdi-eraikitako baxu batetik igaro ondoren; hil aurretik, aitona Periko arratsaldero bila etorri eta bere eskutik helduta etxeratzen ninduen. Txupatxusa opari egiten zidan. «Aitona, ez badiot plastikoa kentzen ez da gastauko», esan nion behin.
Nire erdalduntzea
Ez ziren garai errazak izan euskararentzat. Francoren erregimenak anaia Pedroanjelen ikastolako ikasturte osoa baliogabetu zuen arazo administratiboengatik. Guraso askok beldurrez, haurrak erdarazko eskoletara eramatea erabaki zuen: EGBko 1. eta 2. mailak Besaingo LaSallen egin nituen, baita ondoren Zumarragan ere. Hor hasi zen nire erdalduntzea.
Zortzi urte nituela Zumarraga etorri ginen bizitzera; 850ean atzealdean eserita atzerako azken begirada bota nion auzoari Lazkao uztean. «Alto Goierri»-ra gentozenez ez omen zitzaidan hain arrotz egingo. Oker nengoen.