
Duela mende erdi bat bota zuten Barrendain etxea, Beasainen. Erdiko marrak adierazten du hotel eta kale berriak noraino helduko ziren.
Beasainen garapen urbanistikoak ez zuen gupidarik izan Barrendain baserriarekin. Lehenengo, Norteko Trenbidearen eraikuntzagatik bota zuten jatorrizkoa. Trenbidearen trazatuak harrapatu zuen orubea, eta 1858an hasi ziren lurrak eta ondasunak desjabetzen. Etxea geltokia baino goraxeago zegoen, eta eraitsi zuten. Haren partez, metro batzuk iparralderago eraiki zuten bi bizitzako eraikin berria. Aparteko lekuan egin zuten hura ere: trenaren geltokitik bertan, eta Gipuzkoa zeharkatzen zuen errepide nagusiaren ertzean –gaur egun Ugalde edari denda eta Euskaltel dauden tokian–. Herri hizkeran, Barrundain esaten zioten lehenagoko beasaindarrek.
Komunikabideen muinean egotearen onura ez zuten alferrik galtzen utzi. Barrendain berria komunikaziora dedikatuko zen 1860ko hamarkadatik bertatik aurrera. Posta-etxea izan zen. Herri handienetan, posta zerbitzuaren kaballeriak aldatzeko eta geraleku zerbitzua emateko izendatutako etxeak ziren. Bidaiarien diligentzien geralekua ere izaten zen sarri askotan.
Baina, horrez gain, garraioak kontratatzeko eta antolatzeko agentzia gisa ere funtzionatu zuen Barrendainek. Salgaiez eta materialez gain, kontuan izan behar da XIX. mendearen azken laurdenean bainuetxe-turismo handia zeukala Goierrik. Bidaiariak trenez iristen ziren Beasainera, eta handik zalgurdi garraio antolatuak zeuzkaten Ormaiztegiko, Gabiriako edo Ataungo bainuetxeetara iristeko.
Eraisketa, 1970etik aurrera
Baina berriz ere garapenaren atzaparrek harrapatu zuten Barrendain. Etxebizitza multzo berrien eraikuntzak, 125 urte geroago jatorrizkoaren bide beretik eraman zuen. 1970eko abuztuan iragarri zuen prentsak Barrendain botako zutela. 1972ko abenduan suntsitu zuten, alboko bi etxebizitzarekin batera. Orain bete dira 50 urte. Barrendain Plaza izena da geratu den aztarna bakarra.
Zori berbera izan zuen aldameneko toki herrikoi batek ere: Urteaga hotel zaharra 1970eko irailean bota zuten. Aurretik Iurrita Fonda izan zen. 1860an eraiki zuten, trenbidearen lanen abarora. Oraindik ere ‘Fonda’ gisa deitzen zaio etxe horri –Xerbera taberna dagoena–. Hotel berria altxatuko zuten eremu hartan, dagoeneko itxita dena.