Ataun Aiako AiaUgalde baserrian jaio da Ageda Zeberio Begiristain (1947). Lau urterekin Andoainera joana familiarekin, Segurara ezkondu zen orain 48 urte. Eugenio Elortza eta biak Goierriko erlezain beteranoenak izango dira. Ahal duten bitartean lanean jarraitzeko asmoa dute. Adinak ez du barkatzen, eta lan asko gero eta nekezago bazaizkie ere, erlezaintzari lotutako bizimoduari eusten diote oraindik Zeberiok eta Elortzak. Batak eskulana, besteak salmenta batez ere. Biak osagarri. Sari dezente irabaziak dira, azkena azaroaren 20an: Goierriko beheko ezti lehiaketa, Gabirian.
Zahartuta zaudela esaten duzu, baina oraindik ere hementxe segitzen duzu.
Gizonak ez ditu utzi nahi erleak. Ezti asko ez da izan aurten, baina izaten denean zer egin behar diozu? Labela uzten baldin baduzu huskeria bat pagatzen dizute, lan asko ematen du, eta hortxe gabiltza. Egon gara bi urtean pixka bat geldituta eta lasai, baina berriz ere hoska hasten da jendea ferietara-eta joateko, dendatxoren bat edo beste ere badugu, eta etxetik saltzen dugu asko.
Noiztik eztigintzan?
Nire gizona Eugenio [Elortza] erleekin hasi zela 50 urte badira. Etxean beti ezagutu izan zituela esaten zuen, eta hiru-lau erle jarri zituen. Gero, 52 urterekin jubilazio aurreratuta eman zioten, eta erle gehiago jarriko zituela esan zuen. Ordurako bazituen ia 50 bat erle. Lehen lana errazago egiten zen, orain bada bateko barroa, besteko liztorra, atakazio handia izan da, urte arraroa izan da.
Urte arraroa aipatu duzu. Lehorteak ere ez zuen lagunduko, ezta?
Udaberrikoa ondo hasi zen. Segura-Zerainen dauzkagu hiru erletoki, hor poliki egin zidan, iaz adina, baina gero mendian… Azkenean moldatu dugu, iazkoa ere bai baikenuen.
Ezti urtea ez da izan hortaz. Zer baldintza behar dira horretarako?
Ez, aurtengoa ez da izan. Ez da segurua. Orain dela hamar urte izan zen ezti urtea. Joaten zirenero, dena beteta, ikaragarri. Hurrengoan, berriz, ezta behatzak zupatzeko ere!
Eta zerk eragiten du hori?
Faktore asko daude. Erleek ondo egon behar dute, eta eguraldiak ere bai. Aurten eguraldiak pixka bat penatu gaitu, baina 2003an lehorte handia izan zenean, Zalduondoko erletegira joan ginen, Arabara, abuztuaren 15ean, eta harrituta, poliki egin zuten.
Goierrin, Seguran eta Zerainen dituzue erlauntzak. Noiz egiten dute lan gehien hemen erleek?
Apirilean eta maiatzean. Hasten dira fruitu lorearekin batera, gero txikori-belarrarekin, lahar-lorearekin, akaziarekin… Akazia inbaditzailea dela diote orain, eta hor dituzte azala kenduta ihartzeko. Ez dago ezer ulertzerik. Tekniko asko dago hor goian, baina nolakoak esan behar! Hemengoa nahiko irregularra izaten da.
Arabakoa seguruagoa?
Seguruxeagoa bai! Erleentzat bustia eta haizea baino hobea da lehorra eta tenperatura ona. Euriarekin eta hotzarekin ez dira ateratzen, nahiz eta lorea egon. Araban, mendialdean, txilarra dago, arteetan eta ametzetan mielatoa. Bestelako eztia ateratzen da han. Segura eta Zeraingo erleak ere Arabara eramaten ditugu behin sanferminak ezkero.
«Erleentzat bustia eta haizea baino hobea da lehorra eta tenperatua ona. Euriarekin-eta ez dira ateratzen»
«Okerrena paper kontua da. Ez dago sinisterik zer kontrol dagoen postu bat jartzeko. Jendea uzten ari da horregatik»
Eta zu beti Eugenioren ondoan.
Berak esaten du, biotakoren batek kale egiten duenean, bukatu direla gure erle kontuak. Elkar osatzen gara. Berak erleen lanak egiten ditu, eta nik dendatako kontua… komertzial lanak, jendearekikoa. Bata motza da. Semeak asko laguntzen dio, transhumantzia egiten eta. Eta hortxe, ez dakigu noiz arte. Biok ahal dugun bitartean segituko dugu.
Eskulana, beraz, harena gehiena?
Bai, gehiena berak egiten du, eta erleena dena. Lehen laguntzen nion nik umeak txikiak zirenean, baina orain edozein mugimendu dela, eta eztia kentzeko garaian-eta, hor kargak izaten dira, eta semeak eta biak aritzen dira.
Erlauntzetara zenbatean behin joaten zarete?
Atzo ere Araban izan ginen [azaroaren 28koa da elkarrizketa], errenta batzuk pagatzen-eta, eta horrela egin genuen goizpasa. Orain begiratu behar zaie ea pikerak-eta ondo dauzkaten, ea janik ba ote duten… Jana uzten zaie, baina asko behar dute, negua hemen luzea da eta.
Zer janarirekin laguntzen diezue ba?
Janaria dago berezia horretarako. Orain, eztia kendu eta gero, berea pixka bat eta gero osagarria. Bestela, erlea goseak akabatu egiten du. Arabara ere ailegatu da Asiako liztorra. Lotsagabe sartzen dira barrura, erlea hartu eta akabatu egiten dute!
Zer da zuentzat erlezain izatea?
Gure gizonak beti ezagutu ditu, eta nik ere bai Andoaingo Sorabillan bizi nintzenean. Eugeniori paga txikia gelditu zitzaion aurrejubilatu zutenean, eta erlezaintza izan da osagarria bat 75 urte bete arte. Berari gustatu egiten zaio, bestela ez dago honetan hasterik, erlea gauza delikatua baita. Eta ni haren ondoan ibili naiz. Gure ama ere erlezalea zen, eta hala esaten zion: ‘Eugenio, behorretan eta erleetan ez jarri daukazun fortuna dena’.
Plaza gustatu izan zaizue?
Bai, adinean gora goaz, eta gero eta pereza gehiago, furgoneta kargatu, trasteak… Niri postua jartzea ez zait horrenbeste gustatzen, baina jendearekiko tratua bai. Eibarko San Andres feriara joateko deitu digute, eta joango gara. Okerrena paper kontua da, ez dago sinisterik zer kontrol dagoen postu bat jartzeko. Orain jende asko uzten ari da, horregatik asko.
Zuen langintzari gizarteak estimua diola iruditzen zaizu?
Batzuek bai, jende askok ez. Eztia ez da gazta bezala. Adibide bat: 35 urte izango dira, Eibarko San Andres ferian. Han eztia eta gazta 900-1.000 pezetan zeuden kiloa. Guk igo dugu aurten, baina gazta doblean dago, 20tik gora bai kiloa, eta gu 12-13 euroan kiloa. Ez da joan gaztaren proportzioan. Ez dakit, ez daukalako estimaziorik, edo kanpotik ekartzen dutelako. Gazta ere asko promozionatu da, eztia ez da horrenbeste apreziatzen.
Baina eztia elikagai osasungarria da?
Bai, hala esaten dute. Guk egunero hartzen dugu, goizero.
Eta zein gustatzen zaizue gehiena?
Basokoa, Arabakoa. Milalorea ere ona da, likidoagoa, eta jogurtak-eta gozatzeko nahi izaten du jendeak.
Azaroan Goierri beheko ezti lehiaketa irabazi zenuten Gabirian. Nola hartzen dituzue halako sariketak?
Beti egiten du ilusioa, eta bezeroek ere esango dute haien artean jaten duten eztia ona izango dela. Ohore bat da.
Segituko al du erlezaintzak?
Badatoz gazteak, bai, badaude ilusionatuta. Honetaz erabat bizitzea oso zaila da, eta aurten egin duten ezti gutxirekin, nola bizi?