Eskoziar aireak dituen Ness denda erreferente bihurtu da emakumeen arropa salmentaren munduan. Esti Garcia Sanchezek (Ordizia, 1976) ireki zuen denda duela 22 urte jaioterrian, eta gaur ere tinko eusten dio hasieratik gertuko marken alde egin zuen hautuari. Azken aldian, sortzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen die bezeroei, aldiro-aldiro antolatzen dituen ekitaldiei esker.
Beti egin duzu lan merkataritzan?
Harreman Publikoak ikasi nuen, eta ikasten ari nintzela azafata lanak egiten nituen Tolosako Txontxongilo jaialdian, Ordiziako merkataritza azokan… Egun batean Vicuña dendako Iñaki eta Miren Ajuria aita-alabak etorri zitzaizkidan euren kirol dendan lan egin nahi nuen galdezka. Garai hartan nire ideia hotelen batean lan egitea zen, han jendearekin izaten den harremana asko gustatzen zitzaidalako, baina nire helburuak aldatu egin ziren, eta Ordiziako Vicuña Sporten hasi nintzen lanean.
Moda eta arropa sektorean sartu zinen horrela.
Bai, eta nire lehen harremana kirol munduarekin izan zen. Ikasketak amaitu berritan hasi nintzen. Oso interesgarria izan zen, oso polita, lantaldea ere oso ona. Esperientzia oso ona izan zen. Hiru urte egin nituen, saltzaile gisa.
Eta nolatan ireki zenuen zeure denda?
Nik argi nuen nagusiek egiten zutena egin nahi nuela. Bezeroekin egotea gustuko nuen, baina horrez gain erosketak egitea, erabakiak hartzea, erakusleihoak muntatzea… nahi nuen. Horretan pentsatu, mundu hori aztertu, eta erabakia hartu nuen. Lokala aurkitu nuen, Madrilera feria batera joan nintzen generoa erostera, eta aurrera. 21 urte nituen ideia horrekin hasi nintzenean, eta 23 nituela ireki nuen denda. Hurrengo otsailean 23 urte egingo ditu Nessek.
Hain gazte izanda, ez zenuen arazorik izan finantziazioa lortzeko?
Ez, egia esan. Europako Gizarte Funtsetako laguntza lortu nuen, eta aurrera egin nuen. Horrelako laguntzak beti egon dira, eta uste dut orain ere badaudela, horiek, edo antzekoak. Hala ere, maileguak eskatzeko, finantziazioa lortzeko gogotsu egon behar zara, eta ez zara beldurtu behar entzuten dituzun zenbakiekin.
Etxekoen babesa izango zenuen.
Etxean izan nuen babesa, izan dut eta dut oraindik. Babes hori gabe ez nintzateke hemen egongo orain.
Zergatik aukeratu zenuen emakumezkoen arropa?
Moda beti gustatu izan zait, eta ni beti izan naiz neure erara jantzi den pertsona, eta ez besteek eramaten dutenarekin. Ez dut ondo gogoratzen, baina hortik etorriko zitzaidan edo. Kirol arropen denda bat irekitzea ez nuen inolaz pentsatu, hori ondo gogoratzen dut.
Emakumeen arropa ala neskena?
Niretzako moduko arropa, eta ni baino helduagoak ziren emakumeentzako arropa ere bai. Nik uste dut beti izan zela nire asmoa nire ama ere hemen janztea. Orain, urteak pasa eta gero, ikusten dut parrandara ateratzeko kamiseta berezi baten bila bere amarekin zetorren neska gazte hura, ezkontzetarako ere jantzi dudala, eta umea izan berritan titia emateko irekita dagoen zerbaitekin ere jantzi dudala, eta gero tailaz aldatzen joan denean ere bai. Neska gazte hura orain bere alabarekin etortzen da, eta amak ere jarraitzen du etortzen, hiru belaunaldi elkartzen dira. Nire denda beti egon da eboluzio horri enfokatuta.
Nondik dator Ness izena?
Eskoziatik. Bidai bat egin genuen hara, eta Ness lakua ikustera joan ginen, nola ez. Baina beste esperientzia bat ere izan nuen Ness izenarekin, Edinburgon. Royal Mile deitzen den kale komertzialean, Ness izeneko denda txiki batek arreta deitu zidan. Tartar ehunak saltzen zituen, eta erakusleihoan ikusi nuen poltsa txiki bat erostera sartu nintzen, koadroduna, laranja kolorekoa. Poltsa hori oraindik gordeta daukat, eta duela gutxi denda berritu arte, toki berezi bat izan du bertan, dendaren ikurra izan da, bere bihotza.
Erosketa esperientzia batean du jatorria izenak, beraz.
Erosketak egitea asko gustatu izan zait beti, eta nik balio handia ematen diot erostean dugun esperientziari. Edinburgoko hura ez dut ahaztuko. Dendari Ness izena jarri behar niola erabaki nuen momentua ez dut zehatz gogoratzen, baina argi dut hala izan zela, hala izan behar zuelako. Ness izenaren letretarako poltsaren laranja kolorea erabili nuen, lasaia iruditzen zitzaidalako, suaren kolorea ekartzen zidalako gogora.
Gaurko Nessen kolorea ez da laranja.
Ez. Laranja leku guztietan ikusten hasi nintzen gero, eta konturatu nintzen ez zela nire kolorea… Duela bi urte denda aldatu eta berritu nuen, eta kontzeptu minimalistagora pasa nintzen, estilo xumeago batera. Ordutik Ness by Esti Garcia da izena, eta laranja zuriarekin ordezkatu nuen. Logotipoa ere aldatu dut… baina poltsa hura, dendaren bihotza izango da beti.
Zein harrera izan zuen dendak?
Ona. Garai hartan askoz ere denda gehiago zeuden herrian, kalitate handikoak gainera, Otegi adibidez. Hura bezalakorik ez da gehiago izan, jendea erakartzen zuen Ordiziara, eredu bat izan zen. Itxi zenean batzuk esan zidaten konpetentziarik gabe geratu nintzela, baina nire ustez, herri batean zenbat eta aukera gehiago izan, orduan eta hobeto.
Nolakoak izan ziren hasierak?
Familiakoak, lagunak, ezagunak, jende gaztea etortzen hasi zen, eta orain arte. Gerora gizonezkoen denda bat ere izan nuen, Ness Man, baina hura itxi nuen, ezin nuelako behar bezala atenditu.
Gertuko diseinatzaileen aldeko apustua egin duzu beti.
Markekin kokatzea pixka bat kostatu zitzaidan, baina ia hasieratik Jota Mas Ge bizkaitarrekin ibili nintzen. Beti izan ditut euskal diseinatzaileen lanak. Hala ere, marka batzuk nazioarte mailakoak dira, Armani, Loreak Mendian, Yerse katalanak, Des Petits Hauts, IKKS… eta marka frantziar asko ere baditut, dendak oso estilo frantziarra duelako. Ne-ssen batez ere euskal markak saltzen ditut, gipuzkoarrak bereziki, gurea defendatzeko edo.
Zein marka dira horiek?
Gertuenekoa, Ordiziako Irune Mujikaren IMZ. Donostiako etxe batzuekin ere lan egiten dut, eta Land da bat. Donostiako Lavandera ere asko gustatzen zait, jendeak gustuko duelako, eta asko zaintzen dituelako tailajeak, lineak eta materialak. Berokiak, Bizkaiko Ifeelnut markakoak dira, Gregorio Oliveros gerrikoak ditut, Ezpeleta aterkiak, Maider Alzaga usurbildarraren erropak eta Dalas donostiarra eta Naiara Elgarresta urretxuarraren poltsak, Mr Laspiur donostiarraren belarritakoak, Maitane Bilbao bizkaitarraren mantak eta zapiak, Oihane Pardoren Amarenak jantziak eta kaikuak…
Ia dena bertakoa, beraz.
Erosteko beste era bat da, gertuagokoa da, eta gainera, nik produktuak ezagutzen ditut ateratzen diren lekutik bertatik, orain hain modan dagoen Kilometro 0 da azken batean. Saltzen duzunean oso desberdina da, askoz ere gehiago ezagutzen duzulako saltzen ari zarena. Gainera, kalitatezko produktuak dira guztiak. Gure produktuak koste ertain-altukoak dira, baina saltzen duguna kalitatekoa da, hori balio dute.
Sortzaileak dendara gonbidatu dituzu behin baino gehiagotan.
Bai, bezero berriak erakartzeko asmoarekin edo. Egia esan, zaila da hori. Denda honetan erakusten den guztia salgai dago, eta edozein sartu daiteke ikustera, ukitzera, probatzera, eta ez bazaio gustatzen, ba mila esker etortzeagatik. Baina hori asko kostatzen zaio jendeari, herri txiki batean gaudelako agian. Beraz, sortzaileekin egiten ditudan ekitaldi horiek jendea erakartzeko baino, bezeroak zaintzeko dira gehiago.
Nolako ekitaldiak dira?
Gauza desberdinak egiten ditugu. Batzuetan, nik muestrarioa esaten dudana erakusten dugu, adibidez, dendan saltzen den bisuteria, baina egileak berak aurkeztuta. Horrelakoetara etortzen direnek muestrario horretatik gustatzen zaizkien piezak aukeratzen dituzte, eta enkargatu egiten dituzte. Ezpeleta aterki etxearekin egin genuen saioan, adibidez, bezeroek oihala eta heldulekua aukeratu zituzten eta aterki pertsonalizatuak enkargatu zituzten. Naiara Elgarresta urretxuarrarekin ere egon ginen duela gutxi. Bere poltsa muestrarioarekin etorri zen, eta bezeroek aukeratu eta enkargatzeko. Naiarak poltsak nola egiten dituen azaldu zuen, eta nondik datozen eta nola egiten diren ezagututa, erosketa oso desberdina da, oso kontzientea delako, eta gehiago baloratzen delako.
Erosketa pertsonalizatua eskaintzen duzu horrela.
Bai, beste esperientzia bat da. Egilea ezagutzeko aukera ematen dizu, eta erosi nahi duzun produktua zure erara moldatzeko ere bai, kasu batzuetan.
Azken ekitaldia bereziagoa izan da.
Bai, duela hilabete bat edo egin genuen, eta gonbidatua denda honen aldaketarekin zerikusia handia duen diseinatzailea eta tatuatzailea izan zen, Titare Tattoo estudioko Irati Ubarretxena. Bezeroetako batzuek tatuajea egin zuten. Hura bai izan zela esperientzia berezia.
Hori al da bidea, gertu-gertuko esperientziak Internetek eskaintzen duenari aurre egiteko?
Ez dakit bide egokiena den ala ez. Egia da Interneteko salmentek lehia handia egiten digutela, baina Internet guretzako baliagarria ere bada. Nik adibidez, sare sozialak erabiltzen ditut asko, jendeak hor ikusten duelako zer saltzen dudan, beste erakusleiho bat dira. Baina on line denda bat irekitzeko asmorik ez dut, nahiago dut borrokatu jendea erostera hona etor dadin. Hemen erostean bizi duzuna Interneteko klik batekin ezin duzu ez bizi, ez sentitu, ez usaindu.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Hemen jarraitu behar dudala argi daukat, baikorra naiz. Gauzak ez daude ondo, egia da. Nik denda berritu eta gutxira pandemia etorri zen, mundu osoan eragina duen gerrate bat dago orain… baina aurrera egingo dugu.
Ibilbideari aitortza paregabea
Garcia Sanchez abizenekin, kanpotar jatorria du Estik. Gurasoak, biak, Ordiziara txikitan etorritakoak dira, aita Valladolideko herri txiki batetik eta ama Extremaduratik. Bi ahizpa dira, eta ‘La Calde’ auzoan hazi ziren, Zaldibiarako bidean. Ikastera Jakintza ikastolara bidali zituzten gurasoek, euskararen aldeko hautua egin eta gero.
Ikasle ona baino «ikasle berritsua» zen gehiago, «saltsa guztietako perexila», musika irakasleak esaten zion moduan. Ikastolatik Goierri eskolara joan zen Enpresen Administrazioa egitera, eta gero Harreman Publikoak ikasi zuen Donostian. Azken ikasketa haiek eman zioten aukera merkataritzaren munduan sartzeko, lehenengo saltzaile gisa, gero bere negozio propioaren sortzaile eta jabe gisa.
Eskoziar kutsua duen Ness izena jarrita, emakumeentzako arropa denda ireki zuen Ordizian duela ia 23 urte. Gaur martxan dago oraindik, Ness by Esti Garcia izen berriarekin. Duela gutxi merkataritzaren alorrean egindako ibilbidea eta bere proiektuaren kalitatea eta maila altua goraipatu dute Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Euskadi Sarietan; azken edizioan aipamen bat jaso du. Aurretik jasotako beste sari batzuen ondoan gorde du.
Ibilbide honetan, beti izan ditu ondoan gurasoak Estik, eta ezinbestekoa izan du haien laguntza, senarrarena, hiru seme-alabena, ahizparena eta aita-amaginarrebena bezala. Dendan lan egindakoek ere lagundu diote.
Lagunak ez ditu alboratzeko. Denbora libre gutxi duela dio, baina duen apur horretatik zati bat kuadrillari eskaintzen dio, elkarrekin planak egiteko.