Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
Olentzero, e, agurgarria? Orain arte ausartu ez banaiz, egin egingo dut, ausartu alegia. Gutun hau, 2019ko Gabonetan, pandemiaren kontu hau hasi aurretik, orduan 8 urte baino ez zituen alabari utzi zenion ikatz zatiari erantzuna da. Bai, hiru urte joan dira harrezkero, baina idatzi ala ez erabaki ezinda egon naiz azken urte hauetan.
Badakit urte askotako eskarmentua duzula zure lanbidean eta seguru asko pisuzko arrazoiak izan zenituen orduan erabaki hura hartzeko, baina utzidazu nire iritzia ematen: erabat lekuz kanpo iruditu zitzaidan, eta zer esanik ez, ondoan utzi zenion eskuizkribua, hauxe, gogoratzen ez baduzu: «2019. urte zoragarri honetan oso neska gaiztoa izan zarelako!» Gehiegizkoa.
Bale, ondo da, egia da garai hartan jarrera arazoak zituela bere anaia txikiarekiko, bai, ordutik terapeuta batekin dabil eta bide onetik doa. Aurrerapen izugarriak egin ditu anaia txikiak hura gainditzeko. Bai, Alabak ere bai, ez pentsa. Aspaldi ez dio bainu ontzian aguadillarik egin, izotz pistan ez du zangotrabatzen, eta aspaldi ez du Urtatzako parkeko lokatzetan lurperatu egun euritsuetan. Ospitaleko azken azterketan alta eman zioten txikiari orduan sortu zitzaizkion arnasa hartzeko arazoetatik.
Jakizu ere, ikerlariek ezin izan dutela frogatu etxe azpiko garajeko sutea akats elektrikoengatik sortu zen edo hasieran atariko bizilagun guztiek pentsatu zuten bezala, alabak pospoloekiko duen afizioagatik. Honi lotuta mesede bat: aurtengo opariak, aurten opariak egongo direlako, aitaginarrebaren etxera bidali. Zerbait gertatuz gero, espero ezetz, han gertatu dadila. Etxean konponketak egin berri ditugu eta ez nuke nahi… badakizu. Eta han herriko irteeran gaudela eta ihes egin behar izanez gero…
Alabaren alde botako dut eskolan egin dituen aurrerapenak; irakasleak oso gustura daude, aurten bai, aurten lehen hezkuntza gainditzeko aukerak izango omen ditu. Hirugarrenean asmatu! Agindu digute horrela jarraituz gero, jolas orduan beste ikasleekin batera patiora irteten utziko diotela. Ez al da pozgarria?
Hau guztiaren ondoren, nirekin bat etorriko zara ez dagoela zertan duela hiru urteko ikatzaren pasadizoa errepikatu beharrik. Agian eskatzen zuen Iphone 14pro max-a ekarri beharrean 13a, edo 12a, edo… ez dakit, zuk hartu neurria. Eta bideokontsolarako jolasak, asko, badakizu, indarkeria askokoak, odol isurketa ugarikoak, ondo etorriko zaizkio horrelakoak. Ziur nago bere barne joera erasotzailearentzat irtenbide katartiko gisa ondo etorriko zaiola. Eta etxerako ba… zuku-makina berria ekarriko bazenigu? Atzo alaba harri bati zukua ateratzen saiatu zen eta txikitu egin zuen. A! Jakizu harriek ez dutela zukurik ematen. Ni lekuko!
Besterik gabe, jaiegun zoragarri hauek gozatu!
(Ikatzaren kontua errepikatuko balitz jakizu alabak eta bere lagunek ba omen dakitela non bizi zaren. Zeuk ikusi!)