Jexux Aizpurua Barandiaran • Ataun
Ataundarrak Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekuan (1936-1940). Horixe gaurko gaia. Lehen aztarna Roberto Arrugain ‘Zentral Txiki’-rena izan zen eta ondoren etorri dira gainerakoak.
Zentral Txiki Donostian jaio eta Ataunen bizi zen elektrikaria izaki, Ataungo Indarretxeko teknikaria zen eta bertan bizi izan zen familia eta guzti (ikusi Goiberri, 180). 1937az gero, mikeleteak iristen hasi ziren eta XIX. mendeko gotorlekua zenez, ez zegoen hainbeste jende hartzeko prestatuta; ondorioz, hezetasuna, hotza, aireztapen urria eta janari exkaxa zela eta, 2.500 inguru preso errepublikar hartzeko baldintzak oso txarrak ziren. Horien artean bost ataundar eta beste bi Ataunen bizi zirenen berri eman nahi da lantxo honetan. Jakina da, mikelete gehienek Errepublikaren alde egin zutena, gudari bilakatuz. Dirudienez, 15 mikelete ziren han eta horien artean:
- Felipe Aierbe Zurutuza. 1900/VIII/13an San Gregorioko Lauztiturrieta baserrian jaiotakoa. Mikelete kaboa. 1936an Usurbilen bizi zen eta Bilbo ebakuatzean, 1937ko ekainaren 15/19an (?) atxilotu zuten. Epaitu eta «Rebelion militar» salaketaz. 30 urteko edo betiko kartzelaratzea ezarri zioten. San Cristobalen preso egon zen 1937ko urriaren 12tik 1942ko azaroaren 13ra arte. Jarraian Astorgako El Grillo o San Justo (Leon, Espainia) izeneko presondegira eraman zuten azaroaren 17ra arte; gero gerokoak!
- Balbino Zurutuza Imaz. 1900/III/30ean San Gregorioko Iturritzaberri baserrian jaio zen. Mikeleteen sargentoa. Gerra garaian Bizkaian gudarien formakuntzan hatu zuen parte eta Gernika bonbardatu zutenean bertan zen. Eta Bilbon izandako epaiketan bizi guztirako kartzela ezarri zioten eta 30 urte kartzelara kondenatu zuten. San Kristobalen sartu zuten 1937ko urriaren 15etik 1940ko uztailaren 13ra arte; gero gerokoak!
- Felipe Urdangarin Imaz. 1889/II/16an jaio zen Olaluzeaga baserrian. Gerra hastean Zestoako mikelete-etxean zegoen eta Deban bizi zen. Bere emaztea eta hiru alabak La Habana itsasontzian ebakuatu zituzten Santurtzitik Frantziako La Pallice-eko portura. Felipe 1937ko ekainaren 19an detenitu zuten Bilbo ebakuatzean bere koinatu Frantzisko Zabalarekin batera eta uztailaren 16an eginiko epaiketa 30 urteko kartzela ezarri ondoren Kristobalera eraman zuten. Han urriaren 15etik 1940ko uztailaren 13ra arte egon zen; gero gerokoak!
- Jose Maria Galparsoro Aierbe. Auzmendikoa. 33 urte. 1903/VI/02an jaio zen Auzmendi baserrian. Berastegin bizi zen eta 12 urteko kartzela-zigorra errebelio militarragatik. San Cristobalen 1938ko apirilaren 8tik irailaren 15era arte. Desterrura antzinako legendun-etxea zegoen San Simon irlara (Vigo) kargako itsasontziko upeltegian eraman zuten; gero gerokoak!
- Jose Maria Rezola Barandiaran. 1900/XII/04an Arbeldizarrazpiko baserrian jaioa. Bidanian bizi zen ezkonduta. 1937ko ekainaren 19an Bilboko ebakuazioan atxilotua. Eta bertan izandako epaiketan bizi guztirako kartzela ezarri zioten eta 30 urte kartzelara kondenatu zuten. San Kristobalen sartu zuten 1937ko urriaren 15etik 1940ko uztailaren 13ra arte; gero gerokoak!
Beste arrazoi batzuengatik…
- Pedro Basurto Kerejeta. Ataunen bizi zen zumaiarra. 19 urteko solidarioa. Gerra hasi bezain laster, 1936ko uztailaren 27an atxilotu zuten Lazkaoko frontean. 1936ko abuztuaren 27an San Cristobalen zela epaitu zuten heriotza-zigorra ezarriz eta irailaren 3an afusilatu zuten Vuelta del Castillon. Iruñeko hilerrian hilobiratu zuten.
- Jose Apaolaza Mujika. Ataunen bizi zen mutiloarra. 19 urteko tradizionalista. Basurtorekin batera 1936ko abuztuaren 27an epaitua eta heriotza-zigorra ezarri zioten. San Kristobala eraman eta irailaren 3an afusilatu Vuelta del Castillon. Iruñeko hilerrian hilobiratu zuten.
Bizirik atera zirenek ondorio latzak jasan behar izan zituzten urte askotan: lana aurkitzeko zailtasunak, agintariengandik zelatatuak eta jendearengandik begira gaizto eta mesfidatiak.
Gugan beude!