Monika Arratibel • Irakaslea
Durangoko Azokan izan ginen. Euria ari zuen goian behean. Urtero joateko ohitura dugu. Urteak pasa ahala, planak aldatzen doaz. Baina urteroko plan bat ez da aldatzen, ezin aparkatua. Durangoko kaleak Beasaingoak balira bezala ezagutzen ditut, hainbeste buelta emanda. Umetan, karpa baten azpian egiten zenetik orain arte. Umetan, standean zeuden liburu eta diskoak ikusteko nahiko lan izaten nuen. Nerabezaroan, liburua erosi eta irakurri ez. Badakizue, zerbait erosi behar gorria. Ondoren, unibertsitate garaian, parrandara. Parranda eta azoka, ordena horretan. Lehentasunak. Ondoren ederrarekin liburuen tituloa ere irakurtzeko gai ez ginela, azokatik bueltatxo bat ematen genuen jende olatuak eramaten gintuen bideetatik. Duela bi urte azoka birtuala egin zen. Pandemian geunden, herri batetik bestera joateko baimena behar zen. Eta han joan ginen Xabier Etxaniz eta biok Laino Txiki, egizu negar poliki kontatzera. Handia egin genuen egun hartan, ez dakit sekula berriz egingo dudan. Bai, liburu bat aurkeztea ere gauza handia da, baina azoka egunean, Landako guneko aparkalekuan aparkatzea hori bai azaña. Bi urtez Saguganbaran izan naiz ipuina kontatzen. 2020koa lehen aldia izan zen. Ederra. Bigarrenean, familia elkarrekin, ama, Nikole… zoragarria. Aurten ez dut ezer erosi. Eta zer? Azokan erosteak egiten al du ba euskaldun? Bisitari mota ezberdinak sailkatu daitezke azokan, aurten, bisitari bai, erosle ez, izan naiz. Ama adibidez, Maridomingi izan da. Badira folklorikoak, parranderoak, posturetak, kulturgileak… Laino txikik barruak askatzen ditu eta Azokaro euri zaparrada ederra botatzen du. Hunkitzekoa da eta elkargune horretan etapa eta bisitari ezberdinentzat lekua dela ikustea. Ahal dudanero han izango naiz Durangon, aterkipean, hankak blai, baina bihotza bero dudala.