Aitor Artza • Musika zalea
Badira aste batzuk hau gertatu zitzaidala, lezio bat hartu nueneko hau alegia. Banindoan kalean eta Juantxo Azpirozek gelditu ninduen bat-batean… «hi Aitor, badizkiat etxean disko batzuk, baina horien artean bat…. Euskal kanta tradizionalak AEBtako soul ekoizle batek moldatuak, 70ko hamarkada hasierako disko bat duk eta nik uste merezi duen disko bat dela eta apenas oihartzunik izan duena, utziko diat…». Juantxo, ezagun batzuen gurasoa eta erretiroa hartutako adinean dagoen lazkaotarra dugu.
Badut, handia ez bada ere, soul, funk eta jazz musikan halako ezagutza bat, duela urte asko Donostian den Beltza Recordseko Luisek berealdiko ikastaroak eman baitzizkidan musika honetan sakontzeko irrika hura ase asmoz, Egin irratian partekatzen genituen arrats eta gauetan. Hau dela eta, euskalduna izanik, harritu ninduen Juantxoren ekarpenak. «Ea zertaz ari den, eta zerekin etortzen zaidan» pentsatu nuen nire barnean.
Egun batzuk geroago eman zidan diskoa Juantxok, eta eskuetan buelta bat eman nion… ondo gastatutako azala, beltza, groovean murgilduta dauden dantzari batzuk minigonaz jantziak azalean, izenburua Akelarre sorta bat urre koloreko hizkiz eta azpian by William S. Fischer. Ez nuen ezer ulertzen. Diskoa jiratu eta hor William bera, afro ilez, guri-guria zuri-beltzeko argazki batean. Unez une harrituago nengoen eta hortik kantu zerrendara: Gurea Da, Pello Joxepe, Euskaldunak Gara, Ene Izar Maitia, Xarmangarria... Zer da hau? Argitara eman zen urteari begiratu nion eta 1972a, Herri Gogoa argitaletxeak argitaratua.
Etxera zuzenean, diskoa biraka jarri eta Eguntto Batez, Etariro Etariro… soul-funk jazzaz jantzitako euskal kanta tradizionalak aizue! Sekulako ekoizpena, begiak itxi eta kantak ezagutuko ez banitu Wes Mongomery, Jimmy McGriff, Shirley Scott, Lee Morgan edo Lou Donaldson bera datozkit burura. Bitartean Williamen nondik norakoez sakontzen hasi naiz mugikorrean. Missisipin jaioa eta New Orleansen ikasia, Europan musika ikasketetan sakondua eta hara, Roberta Flack, Wilson Picket, Ray Charles, Cannonbal Adderley eta zerrenda amaigabe bateko musikariekin lan egindakoa, bai musikari eta bai ekoizle gisa. 60-70ko hamarkadetan ohikoa zen estudio bakoitzak bere musikariak izatea, Capitolek, Motownek… bereak zituzten eta gure William, Atlantic Recordsek zuen estudioko zuzendaria zen. Beste lanbide batzuen artean, Broadwayko musikaletan nola filmetarako musika ere sortu zuen gizon honek.
Disko honen jatorriari dagokionez, badirudi lehen aipatu Herri Gogoa argitaletxekoek proposatu ziotela disko lan hau sortzeko egitasmoa, eta hala gauzatu zen. Nire harridurarako Elkarrek berrargitaratu zuen duela urte pare bat edo. Eguberrien atarian gaude eta aizue, hauxe disko aparta zenbait unetarako.
Poztu naiz eta asko gertaera honetaz, batik bat sarritan ahazten dugulako aurreko belaunaldiek ere, gureak adinakoak, edo are eta irrika handiagoak izan dituztela musika munduan, eta ziurrenik bitarteko gutxiagorekin.
Bejondeizula Juantxo, eta hurrengo baterako utziko dugu John Mayall Irunen ikusi zenueneko kontzertu ikaragarri hura!