Zaldibiako Arruegi, Urreta eta Olaeta auzoak zeharkatzen dituen ibilbide zirkular honek, Aralarren ikuspegi eder eta gertukoak izateaz gain, ustezko arkeologia eremu diren bi eraikin ditu bidean: Arrue baserria eta Saturdiko ermita.
Herriko plaza izan daiteke lasai ederrean Arruegi eta Olaeta auzoak zeharkatuz Saturdira oinez joateko abiapuntua, baina azken urteetan Zaldibian egin diren hirigintza lanen ondorioz –etxebizitza berriak eta saihesbidea–, ibilbidearen lehen zatiaren sarbidea aurkitzea nekeza egin dakioke ingurua ezezagun zaionari. Lan horiek egin aurrean bai, Estanko etxearen eta Ermentariko ferratokiaren arteko eskailerek erakusten zuten bidea, baita ondoko harrizko horma batean zegoen informazio panelak ere –Aralarko Bira, GR20a–, plazatik gertu denak ere. Orduko Zaldibiaren irudia ederki jasoa du Tere Irastortza zaldibiar idazleak Argia astekarian argitaratutako Zaldibia: ahots eta ametsen kalea artikuluak.
Lardizabal eskolaren ondoan, Amundarain errekaz bestalde dagoen Parke botanikoaren goiko muturra izan daiteke gaur-gaurkoz erreferentziazko abiagunea (172 metro). Hantxe, begi bistan, lau ibilbideren seinalea, Saturdiko bira tartean, izar laranjaz. Arrastoei segika, Larraitz aldera doan zeharbidea pasa, eta Ibarrazpi etxearen atzealdeko eskaileretan gora egin behar da. Segituan hormigoizko espaloia, eta pare-parean, Ibargurentxiki eta Ibargurenaundi baserriak. Eta bien artean, aurreraxeago, espaloiaren jarraipena, Arruegi auzorantz igotzeko XX. mendeko estrata.
Ibarguren bi baserrien artean zabaltzen den hormigoizko espaloia Arruegiko auzotarrek egina da 1954. urtean
Makina bat atze-aurre egindakoa da bide horretan Roman Mendizabal zaldibiarra, Ibiltari honetako gidaria. Arrue baserriko semea, azken urteetan mantenu lan hainbat egin ditu inguru horretan, aipagarriena 2019an. «Auzotarrek egin zuten espaloi hori 1954. urtean, eta herrikoek ez ezik, Gaintzako jendeak eta Abaltzisketakoak ere erabiltzen zuten, gurdiekin-eta». Gogoan du 1969 eta 1970 urteen artean egin zela Arruegira autoz igotzeko errepidea –ordura arte Gaintzaratz-Altzondora arte zegoen–, eta «orduan gauzak aldatu» zirela, baina artean horixe zuten Arruegiko baserritarrek kalera jaisteko bidea.
Arrue, Arruegi auzoko gorenean
Abiapuntutik espaloiaren erdi parera –gazteagoentzat Ibargungo eskailerak– hamar minutuan iristen da, eta pare horretan ikusten da herria azkenekoz, zuloan. Gora jarraituz, hormigoizko lauza batean, 1954-2019, Mendizabalek berak idatzia. Urte hartan egin zuten inguru horren azken itxuratze handiena, eta harrezkero «erretenak garbitzen eta sasiak jotzen» aritzen da. Udalak ere urtean bitan egiten ditu mantentze lanak.
Hogei minutuan iristen da espaloiaren bukaerara (275 metro). Hariztia eta Egileor auzoko baserriak eskubira, eta parean Aralar eta Ñanarri. Kalezulotik ehun metroko garaiera hartuta, bestelakoa da ikusmira. Eta hemen bigarren pasadizoa: «Errepikagailua jartzeko pista egin zutenean galdu zen hemendik aurrerako espaloia. Garai batean gure etxeraino iristen zen». Pistan metro gutxi batzuk aurrera eginez, espaloiak nondik jarraitzen duen erakusten du, sastraka artean.
Bide samurrean gora, Arruegi auzoko lehen etxe eta baserriak. Arruebarrena eskubitara, Arruarte gorago, eta oraindik bistara ageri ez dela, Arrue. Azken bi horien artean, Arrumuño. Hor du artegia Joseba Intsausti ordiziar artzainak. Eta bide kontran, gaztaina egurrez Mendizabalek Juan Mari anaiaren laguntzarekin egindako iturri eder bat , eta ondoan, eserlekua. Hara biltzeko ohitura omen zuten inguruko baserritar emakumeek kontutara. Aurreraxeago Arrue (45 min., 346 metro), Arruegi auzoan gorenean dagoen baserria.
Gidariak gogoan du Martin Mendizabal lehengusu fraideak nola esaten zien Arrue Zaldibiako baserririk zaharrenetakoa zela. «Garai batekoa erre egin zen, gerora berritutakoa da hau». Hiru bizitza ditu egun. Eta hala izango zen, XVI. mendeko idatzi ugaritan egiten baitzaio aipamena. Sagarra erruz egiten zela jasoa du 1579ko idazki batek. Arrue erroa duten abizenen jatorria baserri horretan dagoela diote genealogistek. Ustezko arkeologia eremu izendatu zuen Arrue baserria Eusko Jaurlaritzak 1997. urtean.
Saturdiko plazan geldialdia
Arruetik aurrerako pistari segituz –bidea bukatu egiten da han– Gaintzako Zabalera iristen da hamar minutuan, baina Urreta auzora jotzeko eskubira dagoen langa bat igaro, eta herri-bideari heldu behar zaio. Helburua Irizargoikoa baserria, ibilbideko punturik gorenena (383 metro). Hamar-hamabost minutuan iristen da, aldapa lokaztu bat igota. Ñanarriren ikuspegia aldatu egiten da, eta urrutian Aizkorri nabarmendu. Baserri-bideko aldapa pikoa jaitsiz, auzoko baserriak eskubitara direla, ordu laurdenera dago Saturdiko ermita.
Zaldibia sortu aurreko lehen asentamendua ermita horren bueltakoa dela uste dute adituek. Saturdiko ermita Iruñeko katedraleko dokumentu batzuetan aipatzen da XII. mendearen erdialdean, eta egitzat jo daiteke Iruñeko-Nafarroako erresumarekin lotura izan zuela, Iruñeko zaindaria baita San Saturnino. Ermita balizko arkeologia eremua da baita ere, eta XX. mendean «antzinako lauza-hilobien hondarrak» aurkitu zituzten. Erdi Aroan lurperatzeak ermita kanpoaldeetan egiten ziren, eta horrekin frogatutzat jotzen dute ermitaren antzinatasuna. 2009. urtean indusketak egin zituen Aranzadi Zientzia Elkarteak, eta han aurkituak 2013ko Aranzadiana argitalpenean ditu bilduak.
Plazako geldialdiren ondoren, 50 metro atzera egin, eta Elizegi eta Urretaetxeberri baserrien artean irekitzen den herri-bideari heldu behar zaio beheraka, Otsaritzaga baserrira jaitsi arte, jada Olaeta auzoan. Handik, Azpikoetxe erreka ezkerrean dela, Benta Berrira iristen da Larraizko errepidea gurutzatuta, eta Emakumaran baserri ondoko bidetik, paseo laburra dago herriraino.
Kontuan hartzeko
- Aralarko Itzuliaren zati. Nafarroako eta Gipuzkoako mendizale federazioek elkarlanean egokitutako GR-20 bideko seigarren etaparen (Amezketa-Ataun San Martin) parte da ibilbide honen aurreneko zatia, abiapuntutik Arrue baserriraino.
- ‘San’-ik eta ‘Done’-rik gabea. Manuel Lekuonak Kardaberaz bildumako Idazlan guztiak lanean dio ‘San’-ik eta ‘Done’-rik gabeko bi santu daudela Euskal Herrian; Saturdi da bat, «antzina-antzinako debozioen» erakusle.
- Konjuru ez ortodoxoak. Juan Garmendia Larrañagak Beti ortodoxoak ez diren konjuruak lanean jasoa du, lehorte handiko garai batean, Saturdiko santua Santa Fe elizara jaitsi zutela errogatiba egitera. Santua bueltan zeramatela, euri arrastorik ez. Santua errekan sartzea bururatu zitzaien, eta bat-batean euri jasa handia hasi.
- Iturriak aukeran. Ibilbide laburra izanagatik, beti komeni da ura aldean eramatea. Abiatu aurretik, plazako nahiz parke botanikoko iturrietan har daiteke, eta bidean, Arrumuñokoan edo Saturdi ermitaren kontrakoan.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: Ordu eta hiru laurden
- Luzera: 6.8 kilometro
- Desnibel metatua: 412 metro
- Zailtasun teknikoa: Erraza