Kozinatzeko ez ezik, azaleko gaitzetarako, eztulari aurre egiteko, eta diuretiko modura erabiltzen da.
- Izen herrikoia. Tipula.
- Izen zientifikoa. Alium Cepa L. (Liliaceae).
- Ezaugarriak. Baratzeko landarea da, eta ez dugu basati aurkituko. Sustrai-bizar txiki eta izpitsu baten garatzen da lurpean erraboil borobila. Erraboila geruza mamitsuz osatuta dago. Zurtoin lodia du, barruz hutsa, eta muturrean, lore elkarte borobila sortzen zaio. Hosto luzexkak eta berdeak ditu. Baratzuriak bezalaxe, Asia mendebaldean du jatorria tipulak, eta handik mundu guztira zabaldu den elikagaia da. Europara greziarrek eta erromatarrek ekarri zuten. Kaloria gutxiko eta zuntz askoko produktua da. Lau dira munduan tipularik erabilienak: gorria, zuria, morea eta berdea.
- Atal erabilgarriak. Erraboila erabiltzen da.
- Propietateak eta erabilpenak. Kozinatzeko ez ezik, sendagai modura erabili izan da mundura kultura gehienetako herri medikuntzan: azaleko infekzioetarako, eztula arintzeko, diuretiko modura…
- Kataplasma: Tipula txikitu eta ur gutxirekin egosten jarri. Tipula samurtu denean, eta ur gehiena lurrundu denean, zapi batean bildu eta kaltetutako azal zatian jarri. Zaldarrak kentzeko, zornetutako zauriak sendatzeko erabili ohi da tipularen kataplasma. Zartagian tipula olio pixka batekin berotuz ere egin daiteke enplastoa.
- Gordinean, eztulerako: Gaueko eztularen aurka ere erabiltzen da. Tipula zatituta plater batean jarri logelan, eztula baretu eta lasaiago lo egin ahal izateko.
- Jarabean: Tipula fin-fin moztu, katilu batean jarri, eztia eta limoia gehitu, eta hozkailuan sartu. Ordu batzuen ondoren, iragazi, eta jarabe modura hartu eztulari eta arnasbideetako gaitzei aurre egiteko.
- Zukua eta dekozioa: Oso diuretiko ona kontsideratzen da.
- Kontraindikazioak. Ez da kontraindikaziorik ezagutzen. Gehienera ere, erreakzio alergikoren bat sor dezake azalean.