Berrabiarazi proiektua babestu duen udalerririk txikiena da Olaberria, bai behintzat biztanle kopuruari erreparatuta. Baina herriko eragile sozioekonomikoen parte hartzea handia izaten ari da, handia baita duen industria sarea. Egindako apustuak merezi izan duela uste du Olaberriko Udalak.
Bi errealitate oso ezberdineko udalerria da Olaberria. Goiko kaskoa etxe bakar sail batez osatua, bi jatetxe, zelai berdeak, baserri sakabanatuak, eta Aralar eta Aizkorri alde banatan. Ez diote alferrik deitzen Goierriko balkoia Olaberriari. Behealdea beste zerbait da. Ihurre langile auzoa eta kirol instalazioak enpresaz inguratuta daude. Karobi eta Altune industrialdeak alde batean, pabiloiak nonahi direla, merkatalguneak bestean, eta Arcelor erraldoia errepidez bestaldera. Aktibitate ekonomiko handiko udalerria da, eta biztanle proportzioa kontuan hartuta, Goierriko handiena.
«Hasiera batean egin genuen irakurketa zen gure herriko industria motak ez zuela horrelako proiektu baten beharrik. Industria indartsua dugu, eta iruditzen zitzaigun beraien kabuz joateko gai izan bazirela, baina gero ikusita zer parte hartze egon den, asmatu genuela esango nuke». Jokin Garmendia Olaberriko alkatearen hitzak dira horiek. Goiekin Berrabiarazi proiektua aurkeztu zietenean egitasmoa «abstraktua» iruditu zitzaion, baina bidea egin ahala eta ekintzak zehaztu ahala, bestelako ikuspuntu bat du. «Ikusi da gabezia konkretu batzuk bazeudela, eta behar hori zutenei lagundu badie, balio izan badie, oso ondo».
Berrabiarazi proiektuko bi ez beste ekintza guztietan parte hartu du Olaberriko eragile soziekonomikoren batek, eta formakuntza saioetan ere handia izan da parte hartzea, bai industriari zuzendutako saioetan bai ekintzaileei zuzendutakoen artean ere. Izan duen harrera ikusita, Goierriko udalek eta Goiekik halako dinamikak sustatzen jarraitu beharko luketela uste du Jokin Garmendia alkateak.
Hobeak izaten lagundu
Olaberriko Karobi industrialdean dagoen Ogei enpresa da Berrabiarazin parte hartu duenetako bat. Obretarako eta industriarako jasotzeko makinak ekoizten eta saltzen dituen enpresa bat da, eta horrez gain, mota guztietako galdaragintza piezak fabrikatzen ditu planopean, bezeroaren neurrira egokituta. Goierri Valley elkarteko bazkide ere bada. Azken urteetan Angel Auzmendi da enpresaren kudeatzailea.
Pandemiaren aurrekoa da Ogeik Goiekirekin izan duen harremana, batez ere Goierri Valleyri lotuta, elkarteak sustatutako hainbat ekintzetan parte hartu izan baitu: «5S bezalako proiektuek gure ekoizpena eta eraginkortasuna hobetzen lagundu digute», nabarmendu du Auzmendik. Pandemia iritsi zen gero, eta lantaldean doikuntzak ere egin behar zituzten: «Halako momentuak ez dira atseginak izaten». Berrabiaraziri lotuta, Ongizatea Enpresan proiektuan aritu da Ogei. «Oso baliagarria izan zaigu. Formakuntzan, kontzientziazioan eta lehiakortasunean hobetzen lagundu digu, eta bereziki lantaldean eragin du, hori baita Ogeik duen aktiborik inportanteena».
Goierri Valleyko bazkide izanda babesa sentitzen dutela adierazi du kudeatzaileak, eta bertatik eratortzen diren lankidetzen bidez haien ezagutza eta hazkundea nabarmen hobetu direla. «Izandako esperientzia oso positiboa izan da, eta orain arte parte hartu ez duten enpresei parte hartzeko gomendioa eman nieke». Auzmendik eskerrak eman nahi dizkie Goiekiri eta Goierri Valley elkarteari Goierriren garapenaren alde egiten ari diren lanarengatik.
Harremanak egiteko bitartekoa
Eli Canales olaberriarrak 2018an sortu zuen Mesa Presidencial enpresa. Ekitaldietarako dekorazioa eta altzariak alokatzen ditu, batez ere ezkontzetarako. «2019an ona izan zen, 2020an pandemiak harrapatu gintuen, eta dena atzeratu zen. Tartean, gainera, egin nuen inbertsio batekin iruzur egin zidaten, eta oraindik auzitegietan nabil kontu horrekin. Nire ekintzailetza proiektuan zehar falta eman dudana horixe da, laguntza juridikoa».
Aholkularitza enpresa batekin abiatu zuen proiektua, baina beti mantendu du harremana Goiekiko Ekintzailetza zerbitzuarekin. «Pandemian ez nekien aurrera egin ala ez, eta han lagundu zidaten nire proiektua bideragarria zela sinisten». TicketBairi lotutako eta finantzazioari lotutako ikastaro bana egin ditu. «Oso aberasgarriak dira, ikasi ez ezik, Goierrin ezagutzen ez nituen enpresak ezagutu ditudalako, eta proiektuak ere sortu direlako ikastaro horien bidez». Goierriko Azokako kide ere bada, eta proiektu «oso interesgarria» iruditzen zaio. «Goierriko jendeak ezagutu nazan balio izan dit».
45
Olaberriko enpresek proiektuan izan duten parte hartzea. Berrabiarazi proiektuko ekintza arlo ia guztietan parte hartu du eragile sozioekonomikoren batek. Elektromugikortasun estrategian lau izan dira; Enpresak Eraldatuz ekintzan bi; Nazioartekotzean 9; Digitalizazioa Industrian 3; Enpresen Dibertsifikazioan 6; Formakuntza saioetan 20; eta Goierriko Azokan bat.