Maizpide euskaltegian ‘Euskaraz Bizi’ ikastaroa jarri dute abian. Izenak esaten duen moduan, barnetegian eta barnetegitik kanpo euskaraz bizitzeko helburua du ikastaroak; Izan ere, azterketa eta ebaluazioez gain, bada euskaraz euskara eta beste makina bat gauza ikasteko aukerarik.
Abenduan, euskal kulturaren parte diren hainbat gai landu dituzte Maizpiden: diaspora, mitologia eta dantza, besteak beste. Horren harira, Jentilbaratza Kultur Elkarteko kide Jon Aizpuruak hitzaldi bat eman du Lazkaoko barnetegian, eta Amaiur Luluaga dantzaria ere elkarrizketatu dute, bere ibilbide eta proiektuen nondik norakoak ezagutze aldera. Horrez gain, Maizpiden ibilitako Marcela Inda (Oroz-Betelu – Argentina) eta Micaela Goicoechea (Gorriti – AEB) euskal amerikarrek euren familien historia eta bizipenak kontatu zizkieten. Gainera, Irene Caminos trial bizikletako munduko txapelduna, eta Ane Etxezarreta Realeko futbol jokalari gaztea izan dituzte kirolari buruz hizketan, Maddi Garmendia kazetariak gidatutako mahai-inguruan.
Maizpidera etorri diren gonbidatuez aparte, asteko txango bat egin dute. Lehen astean Baionako Bernat Etxepare Lizeora joan dira, eta han, Erabil kolektiboko kideen lana ezagutu ahal izan dute, euskararen biziberritzerako estrategiak lantzen ari baitira. Elikadura aitzakia hartuta, Goierriko Biziola proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkie Andoni Mikelarena beasaindarrak. Eta, nola ez, Durangoko Azokara ere egin dute bisita, euskal kulturaren dimentsioaz jabetzeko. Azken astean, berriz, Zumarragako Santa Luzia eguneko azokara egin dute irtenaldia.
Literaturari dagokionez, Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia narrazio laburren bilduma eta Iñigo Martinezen Mandamentu Hipermodernoak landu dituzte taldean. Bertsolaritzak ere izan du bere txokoa: bertso-saioak entzun, neurri eta doinu ezberdinak aditu eta bertsolari lanetan aritu dira. Horren adibide, ikastaroa laburbiltzeko egin duten kopla sorta.
Ikus daitekeen bezala, euskara beste modu batera ikasteko saiakera izan da Euskaraz Bizi ikastaroa; beti ere, euskaraz bizi eta gozatzea helburu hartuta. Hainbeste txango, ekintza eta bizipenen artean, harremanak ere sendotu egin dira; halaxe dio behintzat ikasle batek Olentzero eta Mari Domingiri idatzitako gutunean: «Astoa zaintzeaz gain, mesedez, nik hemen ezagutu dudan jendea ahazten ez iezadazue utzi. Horixe izan da gertatu zaidan gauzarik onena eta jende guztiak gauza bera bizi beharko lukeela uste dut». Baionako AEK-ko ikasleekin egindako gutun trukean hala dio beste batek: «Euskara bizitzen, Euskal Herriko kulturan murgiltzen eta euskararen inguruko beste errealitate batzuk ikusten eta ezagutzen ari naiz, eta hori niretzat oso garrantzitsua izaten ari da».
Koplak
Euskal kulturan murgildu dira Euskaraz Bizi ikastaroan parte hartu duten ikasleak. Ikastaroan egindako lanaren lekukotza utzi dute kopla hauen bidez, Hona bildots eztia doinuan kantatzeko.
1. Ikastaro berria
Euskaraz Bizi da
hemen ikasten dugu
nola joan harira
2. Artea, euskalkiak
ta mitologia
herri-kirolak eta
gure historia
3. Jende asko etorri da
gu bisitatzera
gure herriko kultura
zer den azaltzera
4. Ainhoa maitakorra
gure arduraduna
beti gurekin doa
hori da fortuna
5. Baiona, Santa Lutzi
edota Durango
ikusi ta ikasi
hemengo ta hango
6. Beti ateratzen dugu
aitzakia bera
txango batera goaz
taloak jatera
7. Ipar Euskal Herrira
bisita egitera
Baiona polita da
bero atmosfera
8. Etxepare Lizeoan
nolako harrera
Plazara ezagutzea
izan da plazera
9. Zortzi herrialdetan
hizkuntza bat dugu
ta hamaika euskalki
beraren sorburu
10. Diasporari buruz
lagunen artean
pasa genuen eguna
asko ikastean
11. Beste txango bat egin
Durangoko azoka
dena ikusteko ta
argazkiak bota
12. Nahiz eta euria egin
ta jende gehiago
iruditzen zait ona
eskertuta nago
13. Herri-kirolak ere
aipatu ditugu
orain horretaz askoz
gehiago dakigu
14. Emakumeak dira
ta kirolariak
atzo, gaur eta bihar
borrokalariak
15. Biziola gunea
dena egin barik
ta oso pozik gaude
hara joateagatik
16. Lehenak izan ginen
bisita egiten
zorte ona genuen
Biziola ikusten
17. Santa Lutzi egunean
denetik ikusi
behor, asto eta ahuntz
oilasko ta untxi
18. Astea aurrera doa
aurrera ere lana
pintxo-pote egunean
badoa galbana
19. Hiru aste iraun du
sendo ta trinkoa
azterketarik gabe
ta dinamikoa
20. Gogoratuko gara
honekin betiko
bizipen guztiekin
euskaraz ta kito