Heliodoro Etxeberria (Lizarra, Nafarroa, 1937) 1957. urtean iritsi zen Lizarratik (Nafarroa) Ormaiztegira, motor fabrika batean lanbidea ikastera. Etorri eta geratu. Poltsikoko egutegi bat kalean aurkitzeak bere bizimodua markatu zuen, bildumazale sutsua baita Etxeberria. Udaletxe ondoan duen «txiringitoan» orduak pasatzen ditu. Egunotan, erakusleihoan jarritako jaiotza atontzen orduak pasatu ditu.
Jaiotza bera ere bilduma bat izango da.
Bai, urtetik urtera gero eta pieza gehiago ditut. Animaliak, pertsonak, etxeak… Urtetik urtera gero eta jaiotza handiagoa jartzen dut. Jaiotza jaso eta berehala hasten naiz sanferminetako entzierroa ere jartzen. Hor ere pieza ugari ditut.
Zein izan zen lehen bilduma?
Ormaiztegin, 1957 inguruan, kalean poltsikoko egutegi txiki bat aurkitu nuen, 1954 urtekoa zela uste dut. Orduan pentsatu nuen poltsikoko egutegiak biltzen hastea. Horrela hasi nintzen.
Zenbat egutegi dituzu?
Ez dakit. Orain ez dituzte asko ateratzen, eta gehiago kostatzen da lortzea. Bartzelonan bizi den anaiak bidaltzen dizkit. Kateatu egiten du bildumak.
Egutegiekin hasi, eta zerekin jarraitu zenuen?
Ondoren boligrafoak biltzen hasi nintzen; era guztietako boligrafoak, ateratzen zituzten guztiak. Eta ondoren, edalontzien azpikoak. Horiek ere mota guztietakoak. Jendeak ekartzen dizkit, oporretara kanpora joaten denean. Argazkiekin ere berehala hasi nintzen. Batetik, Ormaiztegiko baserrietako argazkiak biltzen eta bestetik, nik neuk nire argazki makinarekin ateratzen. Gipuzkoako baserrien argazki bilduma ederra daukat. Zigiluak, txanponak eta billeteak, erlojuak, jokorako kartak, komikiak… Metxeroekin ere hasi nintzen baina beldur pixka bat ematen zidaten.
Argazkietan gai desberdinak dituzu sailkatuta.
Bai. Argazkizalea ere banaiz eta argazki bilduma asko dauzkat: Ormaiztegiko argazki zaharrak, festetako mozorroak, San Ferminak, Lizarrakoak…
Bildumarik kuttunena zein duzu?
Diruarenak, agian; txanpon eta billete zaharren bildumak dauzkat. Espainiakoak eta Espainiatik kanpokoak. Zilarrezko eta kobrezko txanponak… Oso gogoko ditut bilduma horiek. Ormaiztegiko Udalak ez dauzkan dokumentu historiko batzuk ere badauzkat, eta 1936ko gerrako hainbat egunkari ere bai.
Heliodoro Etxeberria, Bildumazalea: «1957 inguruan 1954ko poltsikoko egutegi txiki bat aurkitu nuen eta orduan pentsatu nuen egutegiak biltzen hastea»
Zuretzat, zerbait botatzea…
Zaila da.
Dena txukun daukazu antolatuta. Zeintzuk dira bildumazale baten ezaugarriak?
Bai, dena txukun daukat gordeta. Karpetetan, kaxetan… Pazientzia handia behar da.
Ormaiztegiko festetan urtero erakusketa bat jartzen duzu.
Bai, beti gai desberdin bat. Ahal dudan arte horretan jarraituko dut. Hala ere, ormaiztegiarrek ez dute asko estimatzen. Kanpotik jende gehiago etortzen da.
Aurten omenaldia egin dizute festetan.
Bigarren omenaldia izan da. Hogeitaka urtean bake epaile izan nintzen eta jubilatu nintzenean orduan ere egin zidaten omenaldia.
Jarraitzailerik ba al duzu?
Biloba bat hasi da futbolarien kromoen eta autoen bildumak egiten.
Zigiluen bilduma egitea ez dago modan