Duela mendebete inguru desagertu zen Goierritik lihogintza. Ehunka urtean aldaketa handirik gabe iraun zuten langintzak birmoldatu edo galdu ziren motorearen sarrerarekin. Liho landarea hari bihurtzeko prozesua 1920 ingurura arte ohikoa zen, baserrietan. Jantziak eta oherako arropak egiten zituzten, eta artilea baino erabiliagoa zen. Segurako Erraztiolatza Museoak lihogintzari eskainitako atal oparoa dauka.
Neskek ezkontzako arreoan eramateko jantziak prestatzen urteak igarotzen zituzten, eta euren lana zen lihoa erein, hazi eta pixkanaka haria lortzea. Azken urratsa, ehundegian ehuna egitea soilik zen espezializatutakoen lana.
Ardazketa egitea ere ez zegoen etxe guztien esku, tramankulu bereziak behar baitziren. Seguran bi baserri zeuden ardatzean egiteko, XX. hasieran: Landarregitxiki (Azpillatik Santa Barbarara, muino batean) eta Karobieta (Karoika, Txoritegiko harkaitza baino beherago, Segurarantz). Bi baserri horiek (‘ardazketa-baserriak’ esaten zitzaien) gaizki ikusita zeuden Elizaren aldetik –eta, ondorioz, herritar askorenetik–. Neska gazteak joaten ziren –eta haien inguruan mutilak–, etxeko lihoaren zuntzak hartuta, ardazketara; aparte zeuden baserriak, apaizen kontroletik urruti. Sermoietan neska gazte haien izenak bota eta markatzen zituzten.
Landarregitxikin Prontxi (Prudencia) eta Leona Arana ahizpa ezkongabeak bizi ziren. Haiek esaten zituzten esaera batzuk gogoan hartu zituzten segurarrek: «Santa Barbaran laño zeon, ohean giro zeon». Edo «goazenan, goazenan oheratzera, bihar eingo diñau ardatzean». Rafa Berasategik Karmele Ugalderi jasoak dira.
Karobieta baserrian ardazketan erakusten zuena Maritxu (Maria Ignacia) Goia Alustiza zen. Zeraingo Otatzara joan ziren gero handik, Juan Antonio Iparragirre senarra eta biak, familiarekin.
Erosten zutenei kalean oihuka
Lihoaren prozesu guztia bakoitzak berea egin beharra zeukan, tradizioz edo. Arreorako, adibidez, gaizki ikusita zegoen jantziak erositakoak izatea. Ezkontzako segizioan joaten zirenean, eta denek denen berri bazutenez, ezkongaiei kanpoko ehunak ikusiz gero, oihuka erasotzen zieten emakumeek: «Hik egiñak ez dittun, erosiak dittun!». «Ez omen zaion iritsi, eta kanpotik ekarri omen diñ osatzeko!».
Langintza luzea eta lantsua zuen lihoak. Lehenbizi, landarea erein, iraileko azken ilbeheran. Elizak garaia ere bereganatu zuen, eta irailaren 23a San Lino izendatu zuen. Baserriaren ondoan ereiten zuten hazia. Landare oso polita zen, martxoan urdin-urdin jartzen zena. Martxotik Sanjoanak bitarte hartzen zuten. Sustraitik ateratzen zuten, han baitzeuzkan zuntz egokiak. Linaputzuetan bost egunean uretan beratzen eta usteltzen eduki –pozoitu egiten zen ura–, sortatan ganbaran lehortu zuritzeko, jo eta azala maspildu, eta barruko ilea trankan eta ezpatondoan leuntzen zuten. Azkenik, txarrantxan. Orduan zetorren ardazketa, eta gero ehuleak. Hurrengo atalean, haien berri.