Jose Luis Arruebok txikitan ezagutu ditu zigiluak etxean arrebaren eskutik, eta hari begiratuta hasi zen bilduma egiten. Txanponak ere baditu, eta disko ugari ere bai.
Zigiluekin hasi zinen, beraz.
Bai, baina gutxira antzinako txanponak gustatzen hasi zitzaizkidan, eta zigiluak trukatu egin nizkion Jesus Ferrero gelakideari, hark zituen txanponengatik. Kobrezko txanponak ziren, XVII. mendekoak batzuk, Felipe VI.arenak, osaba apaiz baten bidez eskuratu zituenak. Orduan 13-14 urte izango nituen. Gero musikarekin hasi nintzen, eta baztertu egin nuen numismatika, Aldaketa sortu zen arte. Alboratuta nuen afizio hura piztu egin zen eta berriz hasi nintzen txanponekin, eta zigiluekin. Elkartea bilerak egiten hasi zen igande goizetan eta haietara joateagatik, mezetara joateari utzi nion!
Zer egiten zenuten bilera haietan?
Gure bildumez hitz egin, batez ere. Oso interesgarria izaten zen, eta batzuetan trukeak ere egiten genituen. Katalogoak eta liburuak genituen, eta haiekin ikasi egiten genuen.
Eta nola egiten da bilduma bat?
Ikasten joaten zara. Umea nintzela zigiluak gutun-azaletik askatzeko ur gazia erabiltzen nuen, kolorea gal ez zezaten, eta gero egunkari orri artean uzten nituen lehortzen. Ondoren, ura eta irina nahastuta egindako ur-ahiarekin itsasten nituen albumean. Albumeko orriak kartulinazko orriak ziren, hemen ez zegoelako orri bereziak erosteko tokirik. Hala egin nuen nire lehen albuma, azal gorriak zituena. Gerora teknikak hobetu eta material egokiagoagoarekin, eta elkartean sailkatzen eta katalogatzen ikasi ondoren, album txukunagoak egin ditut.
Nolakoa da zure bilduma?
Gehienek Espainiako zigiluen bilduma egiten zuten, kronologikoki antolatuta, baina nik nahiago dut gaien arabera sailkatzea eta gaietatik gehien gustatzen zaidana loteriarena da. Fosilak, dinosauroak, erromatar arkeologia, loteria… baditut bilduma batzuk.
Jose Luis Arruebo, Bildumazalea: «Rolling Stones taldeak Espainian kaleratu dituen disko gehienak ditut. Binilozkoak dira, formatu guztietakoak»
Zigiluekin jarraitzen duzu?
Bai, asko gustatzen zaizkit, eta jarraituko dut zigiluak handik eta hemendik nire bildumetarako lortzen. Eibarren bada elkarte bat, eta hara joango naiz orain.
Bestelako bildumak ere egiten al dituzu?
Diskoak, Rolling Stones eta Los Bravos taldeenak, eta Loquillorenak.
Rolling zure talde kuttuna da.
Bai, eta Espainian kaleratu dituen disko asko ditut. Binilozkoak dira, formatu guztietakoak: LP-ak, EPak eta singleak. Ez dira bakarrik disko komertzialak, promoziorako irrati kateei eta diskotekei ematen zizkietenak ere bai. Horrelako gutxi daude, eta horregatik balio handiagoa dute, gailetan inprenta akatsak dituztenek bezala. Disko batzuk sinatuta ditut, gainera.
Noiz hasi zinen diskoen bildumarekin?
14-15 urte nituenean. Garai hartan arrebak disko-jogailua bazuen, eta orduan zaletu nintzen Rolling-ekin eta Los Bravosekin, eta orduan hasi nintzen, baita ere, diskoak erosten. Orain Interneten erosten dut gehienbat.
Zenbat disko dituzu?
Ez dakit…asko! Rolling-enak gehienak ditut, eta Loquillorena ia osatuta daukat, Los Bravosenak ere bai. Liburuak eta bestelako merchandisin-a ere baditut.
Entzuten al dituzu?
CD-ak ere baditut, baina noiz behinka gustatzen zait diskoa bere karpetatik atera, orratza jarri, birak nola ematen dituen begiratu… Denak onik ditut, ez dago bat bera ere akasduna.
Zigiluen bilduma egitea ez dago modan