Urtearen amaiera aitzakia ezin hobea da 2022ko telesailak aipatzeko. Orokorrean oso onak izan ziren, horregatik zerrenda bat egin beharrean, genero bakoitzeko gomendio pare bat dakarzkit, urtea serie onak ikusiz has dezazuen.
Fantasiarekin hastekotan nola ez aipatu House of the dragon. Game of thrones ezagunaren prekuela da, baina aitortu behar dut niri gehiago gustatzen ari zaidala berria, pertsonaiekin eta beraien istorioekin gehiago konektatu baitut. Eta The Sandman bigarrenik, ametsen jainkoa eta bere gorabeherak. Plano ederrenekin, filosofia ugarirekin eta kapitulu oso-oso bereziekin egina dago, urteko podiumean dudarik gabe.
Hurrengoetarako, fikzio zientziara jota, ikusten baina denbora gehiago pentsatzen eta teoriak egiten pasatzeko horietakoak. 1899, garai hartako itsasontzi baten AEBetarako bidaia azaltzen du. Errealitatearekin, denborarekin eta ikuslearekin jolasten du, Baran bo Odar-ek egiten duen bezala. Eta beste aldetik, Severance, enpresa bateko langileei memoria bitan banatzen diete, bulego barrukoa eta kanpokoa, baina gauzak ez dira hain errazak; misterioa, kritika eta faltsukeria. Urteko onena izan dela esatera ausartzeko modukoa.
Nerabeen dramak ezin zuen falta, aurtengo nobedaderik handiena Heartstopper izan da dudarik gabe. Bi mutiko hauen arteko maitasuna ikusi dudan baikor eta osasuntsuena da, eta pastelaren ginga komiki kutsuko edizio hori. Honez gain, Heart break high-eko Australiako nerabeak eta haien arazoak ez dira atzera geratzen. Orain arte azaldu ez diren istorioak eta pertsonaiak pantailaratu dituzte, eta hori da gehien gustatu zaidana, autismoaren errepresentazio erreal bat izateagatik goraipatu dute batik bat.
Fundamentuzko thriller edo beldurrezko serie pare bat ere atera dira. Alma bata, Asturiasko mitologian oinarritutako munstroak ekarri dituzte fikzio txikira, eta aktore euskaldun bat baina gehiagorekin gainera. Krakowskie potwory bestea, hau berriz mitologia poloniar eta eslaviarrean oinarritua, aurrekoa baina odoltsuagoa eta sofaren ertzean mantenaraziko zaituena.
Eta azkenik, erromantikoak, amodiorik dramatikoenak. Conversations with friends Sally Rooney-ren azken pantailaratzea da, Irlandako unibertsitario batzuen gertaera eta pentsaerak biltzen dituena. Bestea aldiz, Smiley, Guillem Clua katalanaren antzerki baten moldaketa, lagunarteak, drama eta maitasuna ardatz dituena.