Euskal Herria osoan ezaguna dugu Xabier Leteren Nafarroa arragoa abestia. Seguraski guztiok abestuko genuen kantu-afari, kantaldi, eta abarretan. Baina abestian entzutean, ba al dakigu arragoa zer den?
Elhuyar edo eta Wikipedian begiratuz gero arragoa metalgintzan erabiltzen diren labeetan urtutako metala jasotzen duen labe zatia da. Bertan oso tenperatura altuak izaten dira, eta horretarako material bereziz eginda egoten da.
Igartzako Monumentu Multzoan dugu arragoa hauetako bat, Igartzako burdinolaren ondoan. Gaur egun ikus daitezkeen eraikin eta instalakuntzak erabat berreraiki zituen Frantzisko Iberok 1782an eta garai hartakoa izango da arragoa ere.
Zerain eta Mutiloako meategietatik ekartzen zen garai horretan burdin minerala gurdi-bideetan animalien laguntzarekin. Burdin-mineral hau garbitzeko burdinolaren ondoan dugun labe borobilean erre eta burdina arragoan jasotzen zen. Lorturiko burdina ondoren burdinolan landuko zen, aldaparoko uraren indarrez mugitutako hauspoek indartutako suarekin eta ur honek mugitutako mailuarekin.
Arragoa berotzeko, erregai moduan, egur-ikatza erabiltzen zen. Ikatz hau pagadi, harizti eta gaztainadietako egurra txondorrean egosiz lortzen zuten.
Igartzako Burdinola 1860a bitartean egon zen martxan. Garai horretarako burdin ekoizpena handitu beharra zegoen eta ibaian beherago burdinola handiago bat eraiki zuten, gerora CAF enpresa bihurtuko zena.